Osakidetzak euskararen ezagutzarik ez duten pertsonak kontratatzen jarraitzen du

2024-01-17

Card image cap

Duela bi aste, Osakidetzak jakitera eman zuen hainbat lan-poltsetan euskararen ezagutzarik izan beharko ez duten Europako Batasunetik kanpoko pertsonak kontratatuko dituela. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak herritarren oinarrizko eskubide eta osasun sistemaren kalitatean izan ditzakeen kalteez ohartarazi du beste behin. 

EAEko herritarrek edozein osasun eremutan edo herritan zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea duten arren, Behatokiak kezka azaldu du bi hizkuntza ofizialen ezagutzarik ez duten profesionalak kontratatzen jarraitzen delako. Kontratazio horiek, aldi baterakoak direnek ere, edozein herritarrei eman ahalko diote zerbitzua. Beraz, egun ematen diren hizkuntza-eskubideen urraketak zein horiei lotutako ondorioak ugaritu daitezke.

Aurreko urtean ere hainbat izan ziren Osakidetzarekiko kexa jartzeko Behatokira jo zuten herritarrak. Batik bat, euskarazko harremana nahi dutela ezarrita izan arren zerbitzuak ez zaizkiela euskaraz eskaini aipatzen zuten kasuak errepikatu ziren, horietako batzuk pertsona zaurgarriekin edo behar bereziak dituztenekin lotutakoak. Ondorioz, osasun sistemak osotasunean bi hizkuntza ofizialetan funtzionatzeko gai ez izateak lehen mailako zerbitzuetan dituen ondorioez ohartarazi du Behatokiak.

Honen aurrean, Osakidetzako arduradunei eskatu die osasungintzako langileek euskaraz lan egiteko eta herritar euskaldunak beren hizkuntzan artatuak izateko eskubidea bermatzeko neurriak har ditzatela, besteak beste osasun etxe eta ospitaleetako harrera protokolo zein kode etikoetan. Horretarako, ezinbestekotzat jo du erakunde publikoek azpimarratzea osasungintzan herritarren hizkuntza-eskubideek duten garrantzia eta profesionalen betebeharretan kontzientziazio lana egitea.

Beraien aldetik Osakidetzako arduradunek konpromisoa hartu dute egoiliar zein langileen harrera eskuliburuetan eta kode etikoan ondorengo puntuak txertatzea aztertzeko: alde batetik, profesionalei euskaraz lan egiteko eskubidea aitortzea, eta bestalde, euskaraz lan egiten duten profesionalekiko errespetua hobe bermatzea.

Behatokiak gogora ekarri du paziente euskaldunei euskarazko zerbitzua eskaintzea osasunaren zaintzari dagokion berezko ezaugarria beharko lukeela, zerbitzuaren kalitatea eta herritarren arteko berdintasuna bermatzeko. Arduradun publikoek hori lehentasunetatik kendu edo bigarren mailan uzteak ondorioak izan ditzakeela ohartarazi du Behatokiak.

Honi lotuta, osasungintzako profesionalek euskaraz lan egiteak duen garrantzia ere nabarmendu nahi du Behatokiak. Horregatik, Osakidetzako langile guztiei dei egiten die eskura dituzten medioak erabiliz euskara ikasi edo beraien egunerokotasuna euskaraz ere garatzen saiatu daitezen. Halaber, Osasun Sailari eskatu dio eskubide hori bermatzeko neurriak hartu eta erraztasun eta baliabideak handitu ditzala.