“Oso larria iruditzen zaigu lehen ebaluazioa egin zenetik hainbat hutsune konpondu ez izana”
2018-12-05
Espainiako Estatuak, Erregio edo Gutxiengoen hizkuntzen Europako Itunaren betetzeari buruzko bosgarren txostena argitaratu du. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak aztertu eta honen gaineko iritzia eman dute. Aurreko txostenetan jasotako gomendioen errepikapena da bosgarren hau. Justizia eta auzitegiekin lotutako gomendioak lehen ebaluaziotik bete ez izana larria iruditzen zaie bi erakundeei. Halaber, Nafarroako zatiketarekin amaitzeko premia ere mahai gainean jarri dute. Heldu den astean Iruñean egongo dira adituen batzordeko kideak eta zuzenean emango zaie honen berri.
Garbiñe Petriatik eta Paul Bilbaok, Behatokiko zuzendariak eta Kontseiluko idazkari nagusiak hurrenez hurren, Iruñean egindako agerraldian eman dute egindako azterketaren berri.
“Bosgarren txostenean egindako gomendioak aurreko txostenetan egindakoen errepikapena besterik ez dira. Izan ere, orain arte aurkeztu ditugun datuek erakutsi bezala, ezinbestekoa da urrats eraginkorrak ematea Ituna benetan betetzea lortuko bada”, esan du Paul Bilbaok. Ildo horretan, bi eskaera zehatz jarri ditu mahai gainean: “Agintariek konpromiso-maila betetzeari buruzko informazio zehatza ematea. Eta, inoizko adostasun sozial handiena izan duen hizkuntzari buruzko proposamen politikoari erreparatzea; alegia, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa”.
Espainiako Estatuko administrazio orokorraz eta justizia administrazioaz hitz egin du lehenik Bilbaok. Azaldu duenez, adituen batzordeari eskatuko diote Estatuko Administrazio Orokorrak ofizialkidetasuna hobeto ziurta dezala, eta Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroako Foru Komunitatean euskararen ofizialtasuna gaztelaniarena (Estatuko hizkuntza ofiziala) bezain erreala eta hura bezain eragingarria izan dadila.
Eskatu dute, “Estatuko Administrazio Orokorrean langile elebidunak kontratatzeko neurriak lege bidez jasotzea. Iruzurrik egin ez dezan, orain arte bezala, lan-deialdi publikoetan”, esan du Bilbaok.
Justizia alorrean egindako azterketaren ondoren, “oso larria iruditzen zaigu Itunaren lehen ebaluazioa egin zenetik Justizia eta auzitegiekin lotutako gomendioak bete ez izana. Gogoratu behar dugu propio eskatu zaiola Botere Judizialaren Lege Organikoaren 231. artikulua aldatzea, eta ez dio kasurik egin. Are gehiago, aukerak izan ditu azken urteotan onartu den araubideetan Europako gomendioak txertatzeko eta ez du ezer aurreratu”, Kontseiluko eledunaren arabera.
Eremu sozioekonomikoari ere egin dio aipua Bilbaok. Eskaera zehatza jasotzen da arlo honetan ere: “gaztelaniaren erabilera derrigortzen duen araubidea bertan behera uztea eta hizkuntza koofizialen erabilera modurik egokienean arautzeko aukera izatea”.
Garbiñe Petriatik, Nafarroako Foru Komunitatearen egoeraz esan du urgentea dela “Administrazio Publikoko langile euskaldunei eragiten zaien diskriminazio larriari amaiera ematea, bai eta irakaskuntzako langileei ere. Ezin da administrazio publikoko langilea zigortu euskarazko lanpostu bat betetzeagatik edo bete nahi izateagatik”.
Berehala konpondu beharreko beste gai bat ere jarri du mahai gainean Petriatik: “Nafarroako hizkuntza-eremukako zatiketak eragindako administrazio-banaketa desager dadila, oztopoa delako Nafarroako zatirik handienean, gizarte-mailan nahiz maila ofizialean, euskara normaltasunez erabiltzeko, bai eta Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna bera aplikatzeko ere. Beraz, zonifikazioarekin amaituz, ofizialtasuna lurralde osora zabaltzea”.
Komunitateko administrazioan plazak betetzeko garaian euskaraz jakitea baldintzatzat jartzea ere beharrezko jo du Petriatik. Ahalegin berezia eskatu du Osasunbidean eta Foruzaingoan.
Esan du, halaber, arlo hauek ere bereziki zaintzekoak direla Euskal Autonomia Erkidegoan; ahalegin berezia eskatuz Osakidetzan eta Ertzaintzan. “Urtez urte beltzune direnak Behatokiak egiten duen urteko txostenean. Plazak betetzeko garaian euskaraz jakitea baldintzatzat jar dadila”, adierazi du Behatokiko zuzendariak.
Hezkuntza alorrean ere, aldaketak egin beharra nabarmendu dute, bai Nafarroako Foru Komunitatean zein EAEn. Haur eskola publikoetan euskarazko eskaintza zabaldu dadila, Lanbide Heziketan urratsak eman daitezen euskarazko eskaintzan, unibertsitatean enbor kredituen portzentaia handi bat euskaraz ikasi ahal izateko bermea jar dadin…
Txostena: https://labur.eus/Euroituna5Ebaluazioa