Euskaldunak zinemetan: bigarren mailako hiritarrak
2024-01-23
2023an Hego Euskal Herriko zinema komertzialetan euskarak izan duen presentzia neurtu du Zinemak Euskarazek: %2,48.
Euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoa dela eta, neurriak eskatu dituzte Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, eta herritarrak salaketak jartzera animatu dituzte.
Paul Urkijoren IRATI fantasiazko filma izan da 2023an zinemetan euskaraz estreinatu den fikziozko filma bakarra. 2023 osoan zehar ez da euskarazko fikziozko filma gehiago estreinatu, euskarazko hainbat dokumental eta haurrentzako nazioarteko pelikula batzuk euskarara bikoiztuta estreinatu badira ere.
Pantailak Euskaraz euskal ikus-entzunezkoen aldeko ekimenak eta horren partaide den Zinemak Euskaraz ekimenak 2023an Hego Euskal Herriko zinema komertzialetan egondako estreinaldi kopurua eta eskainitako filmen hizkuntza aztertu dituzte, eta datuak gordin bezain kezkagarriak dira: euskarazko jatorrizko bertsioan, euskarara bikoiztuta, edo euskarara azpidatzita eskaini den estreinaldi kopurua ez da %2,5era iritsi. Gazteleraz edo gaztelerara azpidatzita, berriz, filmen %100 eskaini dira.
Hauek dira 2023an Hego Euskal Herriko Zinema Komertzialetan estreinatu diren filmak, hizkuntzaren arabera:
GAZTELERAZ (edo gaztelerara azpidatzita) estreinatu diren filmak: 564.
EUSKARAZ estreinatu diren filmak: 14. Honakoak izan dira:
*Jatorriz euskarazko bertsioan eskaini diren euskal ekoizpenak:
- Irati (Paul Urkijo Alijo), fikzioa, 2023ko Otsaila.
- Karpeta Urdinak (Ander Iriarte), dokumentala, 2023ko Martxoa.
- Tetuan (Iratxe Fresneda), dokumentala, 2023ko Iraila.
- Bidasoa 2019-2023 (Fermin Muguruza), dokumentala, 2023ko urria.
*Zinema Euskaraz programa (Eusko Jaurlaritza, Zineuskadi) bitartez euskarara bikoiztuta eskaini diren haurrentzako filmak:
- Yuku eta Himalayako lorea (2023 Urtarrila)
- Momiak (2023 Otsaila)
- Lau ahizpa magikoak (2023 Martxoa)
- Mavka: basoaren zaindaria (2023 Apirila)
- Allan giza antena (2023 Maiatza)
- Superheroien filma (2023 Ekaina)
- Abentura erraldoia (2023 Abuztua)
- Boo Kwai (2023 Urria)
- Doraemon: Nobitaren dinosauro berria (2023 Azaroa)
- Migrazioa: bidaia ahaztezina (2023 Abendua)
*Jatorriz elebidunak edo eleanitzak eta aurten estreinatu diren beste euskal ekoizpenak (3):
- 20.000 especies de abejas (Esti Urresola, fikzioa, 2023ko Apirila)
- Gelditasuna ekaitzean (Iñigo Gastesi, fikzioa, 2023 Maiatza)
- El Sueño de la sultana (Isabel Herguera, animazioa, 2023 Azaroa)
564 estreinalditik, jatorrizko bertsioa euskaraz 4 filmek izan dute, euskarara bikoiztuta beste 10 eskaini dira, eta elebidunak edo hirueledunak direnak beste 3 izan dira. Beraz, azken hauek kanpo utzita, estreinaldien %2,48 izan da euskaraz Hego Euskal Herriko zinema areto komertzialetan. Honi gehitu behar zaio euskarazko filmek izaten duten emanaldi kopurua gaztelerazkoek dutena baino askoz ere txikiagoa izaten dela, beraz, emanaldi kopuruari begiratuz gero, euskarazko eskaintza are txikiagoa litzateke: %1 baino txikiagoa. Ipar Euskal Herriko egoera, berriz, askozaz ere okerragoa dela pentsa daiteke, datu zehatzik eskuratu ez den arren.
Egia da aurten UEMA eta Tinko Euskara elkarteak “ZinUEMA” proiektu pilotua martxan jarri zutela Ataun, Azpeitia, Etxarri eta Igorre herrietan, 3 hilabetez astero euskarazko eskaintza bermatzeko. Beraz, herri hauetako udal areto, kultur etxe, eta zinema geletan euskarak presentzia handiagoa izan du, udalen menpe dauden eta euskararekiko sentsibilitatea duten beste hainbat areto txikietan bezala. Baina ikerketa honetan Hego Euskal Herriko hirietako zinema komertzialetako datuak aztertu dira, hauek baitira ikusle gehien dituztenak.
Bestalde, haur txikiei zuzendutako euskarazko baliabide gehiago eskaintzen diren arren, adin batetik aurrera aisialdia gaztelaniaz jasotzera bideratzen dira, eta beraz, orain hartzen ez diren neurriek hurrengo belaunaldien ohiturak ere baldintzatzen dituzte.
Nekez uler daiteke bi hizkuntza dauden lurralde batean, herritarrei euskaraz bizitzeko aukerak horrela ukatzea eta ondorioz, herritar guztien oinarrizko eskubideak mugatzea. EAEko 10/1982 Legeak, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa, bere hirugarren kapituluan (Euskararen erabilera hedabideetan) dio «Jaurlaritzak neurriak hartuko dituela bi hizkuntza ofizialen erabilera arian-arian berdintzeraino» besteak beste, «zineman eta ikus-entzunezko grabaziotan» (25. artikulua). Lege honek 40 urte egin ditu, eta bertan jasotzen diren artikulu asko oraindik ere ez dira betetzen.
Nafarroako 18/1986 Euskarari buruzko Foru Legeak ere, III. Tituluan, erakundeek euskarazko agerkari kulturalak eta ikus-entzunezko ekoizpenak babestu eta sustatu behar dituztela dio, eta Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Kartak ere, bere 12.c artikuluan dio Estatuei dagokiela «beste hizkuntza batzuetan sortutako lanak erregio edo gutxiengoen hizkuntzan eskuratu ahal izateko bideak erraztea. Horretarako, itzulpenak, bikoizketak, postsinkronizazio lanak eta azpitituluak jartzea bultzatu eta garatuko da».
Legeak, horietan ezarritakoaren bermea, eta baliabideak behar ditu euskarak
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Pantailak Euskarazek uste dute erakunde publikoen ardura dela herritar guztien hizkuntza eskubideak zinemetan ere babesteko neurriak hartzea: beharrezkoa da euskararen presentzia legez bermatuko duten arauak jorratzea Eusko Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean, horretarako eskumenak baitituzte, eta baita euskarazko ekoizpen, bikoizketa, eta azpidatziei bideraturiko baliabideak biderkatzea ere. Izan ere, ikus-entzunezkoek geroz eta denbora gehiago hartzen dute gure aisialdian, zinemetan estreinatzen diren filmak streaming plataformetara iristen dira ondoren, eta beraz, filmak euskaraz ere egotea ezinbestekoa da euskararen normalkuntzan aurrera egiten jarraitzeko, herritarren arteko berdintasunean sakondu eta euskarari etorkizun duin bat ziurtatzeko.
Bestetik, zinemetan zein bestelako aisialdian kontsumitzaile eta erabiltzaile bezala herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko, beharrezkoa ikusten dugu Kontsumitzaile eta erabiltzaileen Nafarroa zein EAEko legedietan neurri zehatzak planteatzea.
Bien bitartean, Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak euskarazko ekoizpenak eta euskarara bikoiztutakoak kontsumitzera animatu nahi dituzte euskal herritarrak, eta euskarazko eskaintzarik ez dagoenean, www.euskararentelefonoa.eus bitartez dagokion salaketak jartzera.
Horrekin batera, Zinemak Euskaraz-ek interneten martxan duen sinadura bilketan atxikimendua emateko gonbidapena luzatu nahi diete herritarrei.