Erdaraz kontsumitzera bideratzen dituzte euskaldunak zinemetan

2025-03-05

Card image cap
  • 2024an Euskal Herriko zinema komertzialetan euskarazko emanaldien kopurua neurtu du Pantailak Euskarazek: % 1,6.
  • Euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoa dela eta, neurriak eskatu dituzte Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, eta herritarrak salaketak jartzera animatu dituzte.

2024an Euskal Herri osoko zinemetan euskaraz estreinatu diren fikziozko 2 film egon dira: Josu Martinezen Bizkarsoro eta “Negu” kolektiboaren Negu hurbilak. Hego Euskal Herrian, fikziozko hirugarren euskarazko pelikula bat ere estreinatu da: David Perez Sañudoren Azken Erromantikoak. Horiekin batera, haurrentzako nazioarteko 11 filma euskarara bikoiztuta estreinatu dira, hauek Hegoaldean soilik.

Pantailak Euskaraz euskal ikus-entzunezkoen aldeko ekimenak eta horren partaide den Zinemak Euskaraz ekimenak 2024an Euskal Herriko zinema komertzialetan egondako estreinaldi kopurua eta eskainitako filmen hizkuntza aztertu dituzte, eta datuak gordin bezain kezkagarriak dira: euskarazko jatorrizko bertsioan, euskarara bikoiztuta, edo euskarara azpidatzita eskaini den estreinaldi kopurua ez da % 1,6ra iritsi (Hego Euskal Herrian % 2,6; Ipar Euskal Herrian % 0,4). Gazteleraz edo gaztelerara azpidatzita, berriz, filmen % 100 eskaini dira Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan; eta frantsesez edo frantsesez azpidatzita, filmen % 100 Lapurdin, Behe Nafarroan eta Zuberoan.

Hauek dira 2024an Euskal Herriko Zinema Komertzialetan estreinatu diren filmak, hizkuntzaren arabera:

*Euskal Herrian orotara estreinatu den filma kopurua: 900 baino gehiago. (batzuk Ipar EHn zein Hego EHn ikusi ahal izan dira)

*GAZTELERAZ (edo gaztelerara azpidatzita) Hegoaldean estreinatu diren filmak: 540 inguru.

*FRANTSESEZ (edo frantsesera azpidatzita) Iparraldean estreinatu diren filmak: 520 inguru.

*Euskal Herri osoan EUSKARAZ estreinatu diren filmak: 2.

*Hego Euskal Herrian EUSKARAZ estreinatu diren filmak: 14.

 

Honakoak izan dira:

*Jatorriz euskarazko bertsioan eskaini diren euskal ekoizpenak:

            1. Bizkarsoro (Josu Martinez, 2023), fikzioa, 2024ko urtarrila. (Ipar zein Hego EHn)

2. Negu Hurbilak (Negu Kolektiboa, 2023), fikzioa, 2024ko otsaila (Ipar zein Hego EHn).

3. Azken Erromantikoak (David Perez Sañudo, 2024), fikzioa, 2024ko Iraila (soilik Hego EHn).

 

*Zinema Euskaraz programa (Eusko Jaurlaritza) bitartez euskarara bikoiztuta eskaini diren haurrentzako filmak, Hego EHn:

4. Patrick (2024ko Urtarrila)

5. Museoaren zaindariak (2024ko Otsaila)

6. Dragoi jagolea (2024ko Apirila)

7. Deep-Sea (2024ko Maiatza)

8. Lagunak erreskatera (2024ko Ekaina)

9. Robotia (2024ko ekaina)

10. Buffalo Kids (2024ko abuztua)

11. Central Parkeko heroiak (2024ko iraila)

12. Liztor kapitaina (2024ko iraila)

13. Super Klaus (2024ko azaroa)

14. Klara eta hazi magikoen misterioa (2024ko Abendua)

 

Estreinatutako beste 2 dokumentaletan ere egon da euskararen presentzia: Ander Iriarteren “Indarkeriaren Oi(h)artzunak” gazteleraz eta euskaraz, eta Lucie Francini eta Sabina Hourcaderen “Artzain Soil” euskaraz eta frantsesez.

Hego Euskal Herrian, 540 estreinalditik, jatorrizko bertsioa euskaraz 3 filmek izan dute eta euskarara bikoiztuta beste 11 eskaini dira. Beraz, estreinaldien % 2,6 izan da euskaraz zinema areto komertzialetan.

Ipar Euskal Herrian, berriz, soilik Bizkarsoro eta Negu Hurbilak ikusi ahal izan dira euskaraz, bertan estreinatutako frantsesezko 520 filmen artean: % 0,4 alegia. Halere, aipatu behar dugu, albiste positibo gisa, Baionako L’Atalante zinemak Euskal Zinema Korner programazio berezia abiatu duela 2024ean, eta horri esker, aipaturiko filmez gain, urte ezberdinetako euskarazko beste hainbat film ere ikusi ahal izan direla urtean zehar zinema horretan euskaraz.

Estreinaldi kopuruaz haratago, euskarak zinemetan izan duen benetako pisuaz jabetzeko, filmek izaten duten emanaldi kopuruari ere erreparatu behar zaio. Datuak aztertuta, argi geratu da erdarazkoen emanaldi kopurua azkoz handiagoa izaten dela. Euskal Herrian 2024an zinema komertzialetan egondako ia 197.000 emanaldietatik, 166.000 gazteleraz (Hego EHn), 29.000 frantsesez (Ipar EHn), eta 1.800 baino gutxiago izan dira euskaraz, emanaldi guztien % 0,9 alegia.

Beste bi datu esanguratsu ere plazaratu nahi ditu Pantailak Euskarazek: batetik, Euskal Herrian ekoitzitako 15 filme iritsi direla zinema areto komertzialetara 2024an, baina horietatik 3 soilik izan direla euskarazko ekoizpenak, eta beste bi elebidunak. Bestetik, Euskal Herrian 2024ean zinemetan ikusienak izan diren 10 filmen artean, bakar bat ere ezin izan dela euskaraz bikoiztuta edo azpititulatuta ikusi. Katalunian berriz, 2024ko 10 pelikula ikusienetatik 6 katalanera bikoiztu dituzte Generalitatearen hizkuntza politikei esker (Inside Out 2, Gru 4, Vaiana 2, Kung Fu Panda 4, Gladiator 2, Dune 2 (azken hau soilik Max plataformarako)).

 

Bermerik ez euskaraz kontsumitzeko

Nekez uler daiteke euskaraz ez dugula kontsumitzen esaten zaigun honetan, herritarrei euskaraz bizitzeko aukerak horrela ukatzea, erdaraz kontsumitzera bideratzen gaituzte, esparru batzuetan nekez bermatzen delako gure hizkuntzaren presentzia.

Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan aplikagarri den araudian euskaraz kontsumitzeko eskubidearen ukazioa sistematikoa da. Frantziar Estatuko araudiak ez die euskaldunei inolako eskubiderik aitortzen.

Nafarroako 18/1986 Euskarari buruzko Foru Legeak ere, III. Tituluan, erakundeek euskarazko agerkari kulturalak eta ikus-entzunezko ekoizpenak babestu eta sustatu behar dituztela dio, eta Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Kartak ere, bere 12.c artikuluan dio Estatuei dagokiela «beste hizkuntza batzuetan sortutako lanak erregio edo gutxiengoen hizkuntzan eskuratu ahal izateko bideak erraztea. Horretarako, itzulpenak, bikoizketak, postsinkronizazio lanak eta azpitituluak jartzea bultzatu eta garatuko da».

 

EAEko 10/1982 Legeak, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa, bere hirugarren kapituluan (Euskararen erabilera hedabideetan) dio «Jaurlaritzak neurriak hartuko dituela bi hizkuntza ofizialen erabilera arian-arian berdintzeraino» besteak beste, «zineman eta ikus-entzunezko grabaziotan» (25. artikulua). Horiek horrela, argi dago euskaraz kontsumitzeko eskubidea blindatzetik urrun gaudela oraindik.

 

Legeak, horietan ezarritakoaren bermea, eta baliabideak behar ditu euskarak

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Pantailak Euskarazek uste dute erakunde publikoen ardura dela herritar guztien hizkuntza eskubideak zinemetan ere babesteko neurriak hartzea: beharrezkoa da euskararen presentzia legez bermatuko duten arauak jorratzea Eusko Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean, horretarako eskumenak baitituzte, eta baita euskarazko ekoizpen, bikoizketa, eta azpidatziei bideraturiko baliabideak biderkatzea ere. Are gehiago orain, Zinematografiarako diru-funtsen konpetentzia EAEk eskuratu ondoren. Beraz, kontsumitzaile erabiltzaileen eskubideak erregulatzen diren araudietan zinema komertzialekiko neurri zehatzak planteatzeaz ari gara.

Iparraldean ere, bertako erakundeek dituzten eskumenen baitan, euskarazko zinemak bultzada behar du baina euskararen aitortza juridikoa eta lege babes eskaera albo batean utzi gabe.

Izan ere, ikus-entzunezkoek geroz eta denbora gehiago hartzen dute gure aisialdian, zinemetan estreinatzen diren filmak streaming plataformetara iristen dira ondoren, eta beraz, filmak euskaraz ere egotea ezinbestekoa da euskararen normalkuntzan aurrera egiten jarraitzeko, herritarren arteko berdintasunean sakondu eta euskaraz bizitzea jendarteko esparru guztietan gauzagarri izan daiten.

Bien bitartean, Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak euskarazko ekoizpenak eta euskarara bikoiztutakoak kontsumitzera animatu nahi dituzte euskal herritarrak. Hain zuzen, zinemetan eta streaming plataformetan dagoen euskarazko eskaintza eguneratua ezagutzeko, ZerNonIkusi.eus weborria eta Smart TV eta mugikor gailuetarako ZNI dohaineko aplikazioa martxan dagoela gogorarazi dute. 

Azkenik, zinemetan euskarazko eskaintzarik ez dagoenean, www.euskararentelefonoa.eus bitartez dagokion salaketak jartzeko deia luzatu dute Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Pantailak Euskarazek.