Urriko aipagarrienak
2023-11-01
2023ko urrian zehar herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza-eskubideen urraketen lagin bat, lorpenak eta zoriontzeak jaso ditugu ondorengo zerrendan.
URRAKETAK:
» Barakaldoko Clara Campoamor kultur-etxean kartel berri guztiak gaztelaniaz jarri dira eta euskaraz artatzeko ezintasun nabarmenak daude.
» Eusko Jaurlaritzak hezkuntzako oposaketetako tribunala osatu dutenei eskainitako formakuntza eta material gehiena gaztelaniaz izan zen.
» Osakidetzak euskararen ezagutzarik ez duten ordezko medikuak kontratatzen jarraitzen du baita UEMAko herrietarako ere.
» Algortako musika eskola publikoko ikastaroak elebidunak izanik, ia dena gaztelaniaz egiten dela salatu da.
» Osakidetzak Barakaldoko ikastetxe batean eskainitako tailer sexu-afektiboa gaztelania hutsean egin da.
» Osasunbideatik harremanetarako euskara hautatua duten herritarrei ere SMS mezuak gaztelaniaz bidaltzen jarraitzen da.
» Euskotreneko telefono zerbitzutik gaztelaniaz egiteko eskatu zaio herritar bati.
» Gasteizko Erdi Aroko Azokan euskaraz duen presentzia urria salatu dute.
» Bernart Etxepare ikastetxean guraso bilera gaztelania hutsean egiten da eta ez da informazioa euskaraz zabaltzeko aukerarik eman, gurasoek hala eskatu arren.
» Bilboko Justizia Jauregiko Epaitegi Dekanoko erregistroan ez da euskarazko arretarik bermatzen.
» Irungo Udaleko gazteriako teknikari izateko elkarrizketak gaztelaniaz egiten direla salatu dute.
» Nafarroako Gobernuak euskararen ezagutza kontuan hartzen ez duten deialdiak egiten jarraitzen du.
» Erakunde publiko ezberdinek gaztelania hutsean jarri dituzte iragarkiak gaztelaniazko prentsan.
» Ostalaritzako hainbat enpresek webgune eta sare sozialetan ez dute euskararen presentzia edo erabilera bermatzen.
» Gasolindegi, parking zein kotxe elektrikoak kargatzeko makina ezberdinetan ez dago euskara hautatzeko aukerarik edo euskarazko mezu ulergaitzak daude.
ZORIONTZEAK:
» Iruñeko Arrotxapea auzoko Unide supermerkatuari, errotulazioa euskaraz jartzeagatik.
» Getxoko Solaguren jatetxeari, denbora osoan musika euskaraz jartzeagatik.
» Iruñeko Bodegón Sarriá tabernako langileei, euskaraz jakin ez arren ahalegina egiteagatik.
LORPENAK:
» Gipuzkoako Atletismo Federazioak webgunea euskaraz ere ezarri du.
» Hurrengo deialdietan Ikusmira Berriak proiektuak euskaraz ere aurkeztu ahal izango dira.
» Osakidetzak osasun zentroen zerrenden dokumentuak euskaraz ere atera ditu.
» Nafarroako Hezkuntza Departamentuak Haur Hezkuntzako ongizate emozionalarekiko materiala euskaraz ere zabaldu du.