Euskara eta hizkuntza-eskubideak bermatu ezean, giza eskubideak bete gabe jarraituko dute Euskal Herrian
2021-03-22
Euskaldunen hizkuntza-eskubideak babesteko neurriak eskatu ditu Behatokiak Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, ongizatea eta gizarte kohesioa bermatzeko.
Euskararik gabe ez dago giza eskubideen bermerik. Hizkuntza-eskubideak ere oinarrizko eskubide baitira, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak aitortzen duenez: «Gizaki orori dagozkie Aldarrikapen honetan adierazitako eskubide eta askatasunak, eta ez da inor bereiziko arraza, larru-kolore, sexu, hizkuntza, erlijio, politikako edo bestelako iritzi, sorterri edo gizarteko jatorri, ekonomi maila, jaiotza edo bestelako gorabeherengatik».
Hori dela eta, Giza Eskubideen Egunean, Behatokiak gogorarazi du oinarrizkoa dela euskara eta hizkuntza-eskubideak errespetatzea. «Iaz aldarrikatu genuen euskaraz, feminismotik, arrazakeria gabe eta LGTBi fobia gabe bizi nahi genuela», oroitarazi du Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak. «Eta nahi dugun gizartea eraikitzeko, hainbat arloetan berehalako neurriak eskatu genituen. Alor horietan guztietan euskaraz bizitzeko eskubidea txertatuz lortuko dugu gizarte berdinzaleagoa eta justuagoa, pertsonak eta kolektiboak erdigunean jarriko dituena».
Euskal Herrian, ordea, errealitate horretatik urrun gaude. Hizkuntza-eskubideen urraketak hainbat eremuetan gertatzen dira, eta pandemiak are gehiago makurtu du egoera. Behatokiak agerian utzi zuen hori lehen olatuan: erakunde publikoetako ordezkarien hizkuntza praktikak gaitzetsi, eta segurtasun eta osasungintzako urraketak salatu zituen, besteak beste. Herritarrak ere haserre azaldu ziren, aurreko urtean sasoi berean erregistratutako kexuen bikoitza jaso baitzuen Behatokiak. Bigarren olatuan, gainera, ez da egoera irauli.
Horregatik, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, Behatokiak zenbait neurri eta gabezia bistaratu nahi ditu, euskararen zeharlerrortasuna ahaztu barik.
Esaterako, Gaubekak uste du zaintzari lotutako mota guztitako zerbitzuetan euskara txertatzea ezinbestekoa dela: «Euskal Herrian bizi diren pertsona guztien ongizatea eta gizartearen elkarbizitza eta eraikuntza sozial indibidual eta koletiboa bermatzeko euskarak berebiziko garrantzia du». Horregatik, zaurgarrienei, hala nola adinekoei, pertsona migratueei edo egoera sozioekonomiko berezietan daudenei, esaterako, euskaraz bizitzeko eskubidea izateko baliabideak eta aukera eskaini behar zaie, berariaz egokitutako neurriekin.
Osasungintzan, bestalde, alde nabarmena dago eremuaren edota herriaren arabera. Hala ere, guztietan profesional euskaldunen falta egon badagoela dio Gaubekak. Bereziki larria da hori pediatria, psikologia, psikiatria… gisako espezializaioetan. «Erditzearekin eta heriotzarekin lotutako osasun zein zaintza zerbitzuetan, adibidez, bertoko hizkuntza erabiltzeak aparteko garrantzia du». Pandemia honek eragindako aldaketa guztietan ez da hizkuntza kontuan izan, horrek herritarren osasunean ere duen eraginaz jabetu gabe.
Lan esparruan ere oso ohikoak dira hizkuntza-eskubideen urraketak. Horregatik, «euskaraz lan egin ahal izateko, baliabideak eta laneko formakuntza euskaraz izateko eskubidea izan beharko genuke herritar guztiok». Egoera, ordea, kontrakoa da, eta, ondorioz, bezero, kontsumitzaile zein herritarrek ez dute euskarazko zerbitzuak jasotzeko inolako beharrezko bermerik.
Beste hainbeste gertatzen da lege eta ondasunei lotutako zerbitzuetan. «Oinarrizko zerbitzu jakin batzuetan ia ezinezkoa egiten zaie herritarrei euskaraz jaso ahal izatea, hala nola: notaritza zerbitzuetan, justizia eremuko zerbitzuetan edo azken borondateen agiria osasun zerbitzu publikoan egiterakoan».
Hezkuntzan ere aldaketak egin behar direla ziurtatu du Gaubekak. Euskarak ardatz izan beharko luke hezkuntza osoan: «Euskaraz ikastea eskubide unibertsala izanik, doakotasuna eta hezkuntzan ondo integratuta egotea behar-beharrezkoa da herritarrek hizkuntza-berdintasunean ikas dezaten». Era berean, Lanbide Heziketan euskararen eskaintza oso urria da, eta horrek lan esparruan eragin zuzena duelakoan da Behatokiko zuzendaria.
Aisialdian eta bizitza sozialean, azkenik, erdarak gailentzen dira. Interneteko eskaintza euskaraz ugaritu bada ere, hainbat baliabide erdaraz daudela oroitarazi du Gaubekak, bereziki aplikazioak eta programak. Horrek eragin zuzena du euskararen aisialdiko erabileran, eta zer esanik ez haur eta gazteen kasuan. Azken hauei begira, euskarazko komunikabideetan eurentzako euskarazko edukiak indartzearen beharra hanpatu du Gaubekak, eta gogorarazi du euskarazko telebista publikoko haurrentzako kanala ez dela oraindik euskararen lurralde guztietan ikusten.
Albiste gehiago
Iraileko aipagarrienak
2024-10-04