Aldarrikapen Inklusiboen Dekalogoa
2021-12-10
GIZA ESKUBIDEEN NAZIOARTEKO EGUNA:
Arrazakeriarik gabe, LGTBI fobiarik gabe, feminismotik, euskaraz, bizi nahi dugu.
- Pertsona bakoitzak, aniztasunaren parte eta izaera edozein duela, herri honetako hizkuntza ikasi eta erabiltzeko aukera izateak gizarte berdinzaleagoa eraikitzen laguntzen du.
- Oinarrizko beste eskubide batzuen alde borrokatzen diren espazioetan euskara erabili ahal izateak, pertsonen eskubideei eta izaerari aitortza egitea dakar. Bestalde, euskararen alde egiten den espazioetan gutxitutako kolektibo eta pertsonen izaera anitzak kontuan hartu behar ditugu, ertzetan daudenak erdigunean jarriz.
- Euskal Herri osoan normaltasunez euskaraz bizi ezin izatea, inposatutako izaera normatiboen parte da eta gutxitutako kolektiboek bere gain hartu behar duten beste bereizkeria bat hain zuzen.
- Herri honetan bizi diren pertsonak, gure komunitatearen parte diren heinean, berdintasunean euskaraz bizi eta euskara ikasteko eskubidea dute.
- Eremu bateko euskaldun kopuruak ez ditu migratzen diren pertsonak euskarara gehiago gerturatzen hizkuntzari baliagarritasuna ematen ez bazaio. Hizkuntza beraiena bezala ere ikusi behar dute, eta lanerako, aisiarako edota Euskal Herrian harremanak egiteko baliagarria izan behar du. Hizkuntzaren bidez gure komunitatearen parte direla eta eskubide berberak dituztela aldarrikatu behar dugu.
- Euskara sozializaziorako tresna ere bada, baina migratutako pertsonen jatorri eta kulturarekiko ezagutzak ere beharrezkoak dira.
- Euskarak ez du segregazioa eragiten. Aitzitik, euskara ikasteko dauden oztopoak segregazio horren parte bilakatu nahi izaten dira. Euskara segregazioari aurre egiteko tresna bat da.
- Kanpotik etorritako pertsonek ez dute bertoko hizkuntza kolokan jartzen. Bertoko hizkuntza ikasi eta erabili ahal izateko baliabideak eskaini, neurriak hartu eta espazioak berdintasunean eskaintzen bazaizkie, euskara ere erabiliko dute.
- Edonork izan beharko luke berezko hizkuntza berdintasunean ikasi eta oztopo gabe erabiltzeko eskubidea, bereziki emakumeek pairatzen duten prekarietatearekiko neurriak ere behar dira. Lurralde administratibo ezberdinetako legediek ez dituzte herritar guztien eskubideak berdintasunean bermatzen, ez eta gizarteko eremu guztietan ere.
- Haur eta gaztetxoek hezkuntzan baliabide egokiak behar dituzte eta hezkuntza formaletik kanpo euskarazko eskaintza zabala izan behar dute.
Albiste gehiago
Urriko aipagarrienak
2024-11-06