Alesbesko Udal Gobernuak elebitan publikatutako kartelaren zentsuratu izana gaitzetsi du Behatokiak
2022-03-11
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak gogor gaitzesten du Alesbesko Udal Gobernuak udal horretako Berdintasun sailetik euskaraz eta gaztelaniaz publikatutako kartela zentsuratzeko hartu duen erabakia.
Izan ere, herri honetako alkatearen adierazitakoaren arabera, Udalaren izenean ezin dira elebitan (gaztelaniaz eta euskaraz) idatzitako kartelak publikatu, Alesbes herria legeak ezarritako eremu ez-euskaldunean kokatzen delako.
Honen aurrean, Behatokitik horrelako erabaki eta jarrerak gogor gaitzetsi eta salatu nahi ditugu. Hizkuntza-eskubideak oinarrizko giza eskubideak dira eta ondorioz, gutxitutako hizkuntzak erabili eta sustatzea giza eskubide eta aniztasunarekiko aitortza egitea da. Bestalde, euskara Nafarroako hizkuntza da eta Nafarroako Erriberan lege-babes nahikoa ez duen arren, ez dago inongo lege-debekurik herritar eta erakundeek euskara erabili ahal izateko. Kartel horrek inklusioa eta euskaraz bizi nahi duten herritarrekiko begirunea adierazten zuen.
Gutxitutako hizkuntza zentsuratzea eta ikusezin bilakatu nahi izatea herritarrei oinarrizko eskubideak ukatzea eta jarrera euskarofoboa izatea da, eta hori Nafarroako herritarren arteko berdintasunaren kontra egitea da.
Behatokitik, Nafarroako herritar guztien hizkuntza eskubideen aitortza eta bermea egikaritzeko lege babesa eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari.
Nafarroako Erriberan ere, euskaraz bizitzeko eskubidearen alde!