Asierren jarrera, gure eredu!!
2016-11-23
"Egunero alda daiteke zerbait" izena duen bideo-laburrean jaso dugu Asier Huegun usurbildarraren kasua. Estatu espainiarreko administrazioarekin egindako harreman batean hizkuntza-eskubideak urratu zitzaizkion eta Behatokira jo zuen. Elkarrekin egindako ahaleginak emaitza positiboa izan du, ahalduntzerako ahaleginak merezi duela agerian utziz.
Bizitako injustiziaren aurrean ez etsitzea eta determinazioz euskaraz bizitzeko eskubidea aintzat hartuz, bere bidean aurrera egitea erabaki zuen Huegunek. Behatokiaren babesarekin, jasandako hizkuntza-eskubideen urraketa konpontzea lortu da.
Bideo laburrean ikusten denez, “Alabarentzako nortasun agiria ateratzeko asmoz, Donostiako bulegora joan nintzen. Jaiotze-agirian azaltzen den alboko ohartarazpena euskaraz soilik zegoelako atzera bota zidaten eskaera. Injustizia horren aurrean eta inpotentzia gainditu nahian jo nuen Behatokira laguntza eske. Elkarrekin egindako kudeaketak emaitza positiboa izan du eta azkenean onartu didate euskaraz zegoen alboko ohartarazpena”.
Asier Huegunek bezala, euren hizkuntza-eskubideez jabe diren herritarrak, alegia, ahalduntzen diren herritarrak dira aldaketak eragiteko motorea, Behatokiaren ustez.
Akuilari, eragiteko tresna
Euskaraz bizi nahi duten herritarrek, orain dela urtebete badute tresna berria hizkuntza-eskubideen salaketak, zorionak… helarazteko. Euskararen Telefonoa zerbitzuaren osagarri da Akuilari eskuko telefonoetarako aplikazioa. Android eta ios sistema eragileak dituzten gailuetarako prestatuta dago eta hauen aplikazioetarako dendetatik doan jaitsi daiteke. Gaur egun teknologiek eskaintzen dituzten aukerak probestu eta hizkuntza-eskubideen gaineko gertaerak modu eroso eta azkarrean helarazi eta zerbitzura jotzeko aukera eskaintzen da Akuilari aplikazioaren bitartez. Informazio gehiago Akuilari aplikazioaren webgunean eskuratu daiteke.
Albiste gehiago
Urriko aipagarrienak
2024-11-06