Baztango herritarrak, Malerrekakoak, Leitzaldekoak, Sakanakoak… eta orain Arrotxapeakoak
2017-02-07
Arrotxapeako Osasun Etxean mediku eta pediatra euskalduna eskatzeko giza katea egin zuten hainbat herritarrek otsailaren 4an. Nafarroako Gobernuari dagokio herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuz, kalitatezko osasun zerbitzu bat eskaintzea.
Euskaraz bizi nahi duen herritarrari osasun etxera joaten denean, zor zaion euskarazko arreta maiz ukatu egiten zaio, haren oinarrizko eskubidea izan arren.
Osasun asistentzian gaixoarekiko gertutasuna, giro lasaia eraiki beharra, konfiantzaren garrantzia… sendabidearen parte garrantzitsua da gaixoa egoki artatzea. Garrantzitsua da paziente eta medikuaren arteko komunikazioa eta gaixoaren sendabidea kontsultan hasten da. Kontsultan ez badago gardentasunik, ez bada pazientea egoki artatzen zailagoa da sendatzea. Izan ere, pazientearen hizkuntza ez ezagutzeak, oztopoak ezartzen baititu erabiltzaile eta medikuaren arteko harremanean.
Euskal Herrian hainbat osasun etxetan ez da euskarazko arretarik eskaintzen, eta urraketa horien aitzinean herritarrak planto egiten du bere hizkuntza-eskubideak tinko aldarrikatuz. Larunbatean Iruñeko Arrotxapea auzoko osasun etxearen inguruan eginiko kalejira eta abenduan eginiko itxialdia horren erakusgarri dira, eta bertan elkartutako lagunek argi adierazi diote Nafarroako Gobernuari mediku eta pediatrarekin euskaraz aritu nahi dutela; ez daudela euren hizkuntza-eskubideei uko egiteko prest.
Arrotxapeako bizilagunak bezalaxe, Euskal Herriko hainbat herritan “Osasun etxeak eta biok euskaraz” eta "Mediku euskalduna nahi dut” eskaera egin dute herritarrek: Baztanen, Malerrekan, Leitza aldean, Sakanan…
Administrazioei dagokie osasun zerbitzuetan ere herritarren hizkuntza hautua, hizkuntza-eskubideak bermatzea.
(Bideoa: ahotsa.info)