Behatokiak RENFEri neurriak eskatu dizkio euskaraz aritzeagatik gazte batek jasandako erasoaren aurrean
2025-03-13

Duela bi aste Tolosako tren geltokian euskaraz aritzeagatik gazte batek jasandako erasoaren aurrean, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak RENFEri kexa bideratu eta neurriak hartzea eskatu dio, bai herritarrak oraingoan pairatu duen erasoarekikoak baina baita etorkizunean horrelako gertakariak ez errepikatzeari begirakoak.
RENFEk emandako erantzunaren arabera, herritar horrek pairatutakoa sentitzen dutela eta neurriak hartuko dituztela aipatzen duten arren, argi adierazten dute ez dagoela «legezko betebeharrik» kontratatutako langileek euskara hitz egin dezaten. Izan ere, bezeroarentzako komunikazio eta arreta euskaraz ere bermatu beharko luketen arren, langileen ezezagutzak euskarazko arreta hori baldintzatu edo ukatzen du.
Bestalde, RENFEk langileei euskara ezagutzeko lege betebeherra ezarri ez arren, Euskal Autonomia Erkidegoko araudiak eta Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutunaren konpromisoei jarraiki, herritarrek euskaraz artatuak edo informatuak izateko eskubidea dute. Beraz, RENFEk langile eta azpikontratatutako enpresetan neurriak hartzeaz gaindi, bere eskumenen barruan jarduten duen orori betebehar horiekiko formakuntza eskaini beharko liokeela ulertzen du Behatokiak.
Horri loturik, 2013an RENFEko ostalaritza zerbitzuak eskaintzen zituzten enpresei hizkuntza koofizialak ezagutzeko betebeharra ezarriko zitzaiela iragarri zen. Ondorioz, segurtasun zerbitzurako enpresen lizitazioetan ere hala beharko luke, batez ere herritarren segurtasuna eta herritarrekin izaten duten harremana kontuan izanik.
Azkenik, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak bat egiten dugu gaur Tolosan euskara erabiltzeagatik erasoa jasan zuen herritarra babesteko ‘Euskaldunon aurkako erasorik ez!’ lemapean Tolosan egingo den kontzentrazioarekin.