Foruzaingoak euskaraz informatuak izateko eskubidea urratzen die Nafarroako herritarrei

2024-11-12

Card image cap
  • Nafarroako araudiari jarraiki, Foruzaingoaren komunikazioko partaideek euskaraz aritzeko gaitasuna beharko lukete, herritarren euskaraz informatuta egoteko eskubideari erantzuteko.
  • Komunikazioko atalean ez denez euskararen nahitaezkoa ezagutzarik ezartzen, Foruzaingoak informazioa eta baliabideak gaztelania hutsean zabaltzen jarraitzen du.

“Foruzaingoek sare sozialetan ez dute euskara erabiltzen, zabaldutakoa Nafarroako herritar guztiei zuzendutako informazioa izan arren”. Horrela salatu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak egoera, egungo araudiak berak 103/2017 Foru Dekretuan ezarritakoaren kontra doana. Honen inguruan, herritarrek hainbat kexa egin izan dituzte azken urteetan, eta 2024ko urrian Nafarroako Arartekoak berak ere ebazpena eman zuen.

Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Kontseilariak Arartekoari emandako erantzunaren arabera, 2023-2027 epealdiko Hizkuntza Planari jarraituaz, «dagoeneko zehaztuta dago Nafarroako Foruzaingoko Komunikaziorako eta herritarren Partaidetzarako Taldearen agente lanpostuko plaza batek nahitaezko baldintza gisa euskararen ezagutza izan behar duela, eta Nafarroako Gobernua dagokion prozedura bidea jarraitzen ari da plantilla organikoan aldaketa hori gauzatzeko». Hala ere, Behatokiak argi ikusten du langile bakar batek ezingo duela jarduera komunikatibo guztia euskaraz bermatu, egunero eta edozein ordutan zabaltzen diren gertakariak izanik.

Foruzaingoko Komunikazio eta Herri Partaidetza Taldeko buruak berak ere ondorengoa erantzun zion, gaztelania hutsean, Behatokiak euskaraz bideratutako kexari:

Para acceder por sistema de “concurso específico” a las plazas adscritas al Grupo de Comunicación y Participación Ciudadana de la Policía Foral (desde donde se gestionan las redes y la comunicación externa) no se exige saber euskera, es decir, se trata de plazas que carecen de perfil idiomático. Por lo tanto se nos hace imposible remitir la actualidad informativa de redes sociales -un tuit, por ejemplo- al servicio de traducción porque la gestión requeriría un tiempo que no podemos perder. En determinados puestos de la plantilla orgánica de la Policía Foral sí que existen plazas bilingües, por lo que debería plantearse la posibilidad al órgano correspondiente. Mientras no cambien esas condiciones de personal no se podrán atender las redes sociales en euskera.

Baina, plaza bakan batzuei euskararen ezagutza ezartzeak ez du aldatuko errealitatea: Nafarroako Gobernuak informazioa eta baliabideak gaztelania hutsean zabaltzen jarraitzen duela, alegia.

Hain zuzen, Behatokiak argi du Foruzaingoaren komunikazioak, Nafarroako araudiari jarraiki eta zerbitzu zentral bezala, herritarrei informazioa euskaraz eskaintzeko gaitasuna izan beharko lukeela. Beraz, atal honetako partaideek euskaraz komunikatzeko gaitasuna izan beharko luketela. Kontseilariak adierazten duen lanpostu bakarrak ez du bermerik eskainiko herritar guztien eskubideak bermatze aldera.

Gainera, bitarteko neurri gisa itzulpengintza zerbitzuak erabiltzeko Nafarroako Gobernuak berak egindako gomendioak ez die behar errealei erantzuten; zerbitzu publikoen efikazia kolokan jartzeaz gain, ez dio unean bertan herritarren euskaraz informatuta egoteko beharrari egoki erantzuten. Are gehiago, euskaraz komunikatzeko itzulpengintza zerbitzuak ezartzeak ez du egungo Nafarroako araudiaren beraren aplikazioa ere ahalbidetzen.

Arazo berdina administrazio gehiagotan

Antzeko kasuak errepikatzen dira, gainera, Nafarroako administrazio desberdinetako komunikazio ataletan, berriki medioetan zabaldu den Iruñerriko Mankomunitateko beste kasu batek ere islatzen duen moduan. Komunikazio eta sentsibilizazio buruaren lanpostua betetzeko lan deialdian ez da euskararen ezagutza eskatzen.

Beraz, Foruzaingoan ez ezik, Nafarroako administrazio publiko ezberdinetan komunikazioa eta informazioa kudeatzen duten lanpostu eta zerbitzuetan euskararen ezagutza bermatuko duten berehalako neurriak eskatzen ditugu. Nahitaezkoa da berehala komunikazio ataletako euskararen nahitaezko ezagutza duten lanpostuak ezarri eta egun dauden langileak euskalduntzeko neurri irmoagoak ezartzea, zonifikazioaren gainetik herritar guztiei informazioa euskaraz eta baldintza berberetan heltzeko irtenbide egokiena delako.