Herritar eta langileen hizkuntza eskubideak errespetatzeko badago nahikoa arrazoi

2025-09-17

Card image cap

Donostiako mugikortasun agenteen lanpostu guztietarako euskara eskakizuna eskatzea atzera bota du azken sententziak, eta «arrazoitua» egon behar duela ebatzi du.

Donostiako Udaleko mugikortasun agenteak egonkortzeko lan deialdiko eskakizunetako bat atzera bota du Donostiako Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak: lanpostu guztietarako langileek euskarazko B2 maila izatea, hain zuzen.

Sententziaren arabera, «arrazoituta» egon behar du lanpostu guztietarako euskara eskakizuna eskatzeak, eta kasu honetan, ez dela hala ebatzi du.

Herritarrek Euskararen Telefonoan salatzen dituzten kasu askok, ordea, nahikoa arrazoi badagoela agerian uzten dute.

  • 108/2025 dosierra: “Donostiako Udalaren mugikortasun sailak, gaztelera hutsez adierazten jarraitzen du aparkatzea debekatuta dauden eremuak. Oraingo honetan Euskal Herria kalean”.
  • 502/2023 dosierra: “Donostiako Nafarroa Hiribidean Tourraren harira egindako itxieran zegoen agenteari galdetu nion ea noiz pasa ahal izango genuen errepidea. Agenteak gazteleraz egiteko eskatu zidan euskeraz ez zekiela esanez eta mezprezuzko doinuz. Momentu horretan izugarrizko ezina sentitu nuen eta ez zait bidezkoa iruditzen Donostia bezalako hiri batean euskarazko oinarri-oinarrizko maila ere ez edukitzea”.

Agente guztiek euskaraz jakin ezean, dakitenak lan gehiago egitera behartzen dituzte, eta herritarrak bigarren mailako herritar bihurtzen dituzte, behar duten oharra edo dagokien tramitea egiteko zain egotera behartuz. Gainera mugikortasuna edo segurtasuna bezalako alorretan herritarrak zerbitzua edo informazioa euskaraz eskatzerakoan ahultasunean edo babesgabe sentitzen dira.

Langile nahiz herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatu eta berdintasuna bermatzeko modu bakarra agente guztiak elebidunak izatea da. Horrela, hizkuntza-eskubideak bermatzeaz harago herritarren segurtasuna eta ongizatea bermatzeaz ere ari gara, atzerapen eta egoera korapilatsuak ekidin eta administrazioaren efikazia eta zerbitzuen kalitatearen alde eginez.

Elkarretaratzea, Donostian

Azken epai honen aurrean, Behatokiak bat egiten du Euskalgintzaren Kontseiluak eta BAGERA Donostiako euskaltzaleen elkarteak deitutako elkarretaratzearekin. Gaur, irailak 17, 18:30ean Donostiako Justizia Jauregiaren aurrean biltzeko dei egin dute.

Era berean, hizkuntza-eskubideen urraketei aurre egiteko Euskararen Telefonoa (www.euskararentelefonoa.eus) doako zerbitzua eskaintzen du Behatokiak.