Hizkuntza-eskubideen egoera zaila izanagatik ere, herritarrek ez dute amore eman
2014-05-29
Hizkuntza Eskubideen Egoera Euskal Herrian 2013 txostena aurkeztu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Baionan. Garbiñe Petriati zuzendariak bere alboan izan du Zugarramurdiko Eukene Xurio bere esperientzia kontatzen. Izan ere, Behatokiaren lana, herritarren bizipenetan oinarritzen da, hauek Euskararen Telefonoaren bitartez egiten dituzten, kexek, zoriontzeek... osatzen dute aipatu txostena. Herritarrek erakutsitako irmotasunari esker, 2013an hainbat administraziok neurriak hartu dituztela nabarmendu du Petriatik. www.behatokia.org webgune berritua ere aurkeztu dute agerraldian.
"2013an hamaika traba izan dira euskararen herrian euskaraz bizitzeko, gaztelania eta frantsesa lehenestea da behin eta berriro herritarrek aurkitzen duten tupustarria. Erakunde publiko zein pribatuek hizkuntza-eskubideen bermea aintzat ez hartzearen ondorioz, herritarrak eskubidez gabeturik ikusten du bere burua askotan", esan du Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik.
2013. urteak hizkuntza-eskubideen alorrean jazotakoaren gaineko ondorioen berri eman du Petriatik. Hezkuntzaren alorra aipatu nahi izan du bereziki, izan ere, Euskal Herri osoan izan dira euskaraz ikasteko zailtasunak pasa den urtean. Euskal Herri osoan eta administrazio zein entitate desberdinetan jasan behar izan ditu herritarrak, 2013an ere, hizkuntza-eskubideen urraketak. Aitzitik, gauza positiboak ere egon direla aipatu du Petriatik. "Herritarren determinazioari esker hainbat urraketa konpontzea lortu da, batetik eta bestetik, hainbat administraziok hartutako prebentzio neurriak ere modu positiboan baloratu behar ditugu; izan ere, hizkuntza-eskubideen urraketekin amaitzeko bide eraginkorrena hori dela uste dugu. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta 36 udalek kontratazioetan hizkuntza-irizpideak eskatzeko erabakia hartu izana eta Eusko Jaurlaritzaren Auzia euskaraz proiektua".
Ipar Euskal Herrian Administrazioari doakionez, Herriko Etxe zein administrazio orokorrean, kexa errepikakorrak izan dira, ez da aurrera pausorik egin, bere horretan gelditu da, aurreko urteetan salatu direnak, harrerako zerbitzuak, webguneak, jakinarazpenak, gutunak, hizkuntza-paisaia, segurtasun oharrak, komunikazioa, informazioak, ahozko mezuak… frantses hutsean egotearekin batera, edota frantsesarekin batera beste atzerriko hizkuntzak agertzea eta euskara ez edo euskara atzerriko hizkuntza bezala agertzea.
Erakunde publikoekiko harremanetan ohiko zailtasunez gain, "2013 urtea bereziki zaila izan da Ipar Euskal Herriko murgiltze bidezko irakaskuntzarentzat", esan du Behatokiko zuzendariak. Batetik, 1850eko legea baliatu du Frantses estatuak murgiltze-bidezko irakaskuntzaren kontra jotzeko. Izan ere, Falloux legea urratzen dutela argudiaturik, Paueko prefetak eta Baionako suprefetak Hendaia eta Beskoitzeko ikastolen kontra hartutako jokabidea biziki larria izan da 2013an. Horrela, frantsesaren lehentasuna bermatu eta babestearekin batera, urrunago joan eta euskarazko murgiltze eredua trabatzeko ahalegina egin du Frantziar estatuak. Bestetik, aitzineko urteetan bezala, Baionako Etxepare Lizeoan unibertsitate aurreko ikasketak euskaraz egiten dituzten ikasleei ikas-prozesu bukaerako azterketa, baxoa, euskaraz egitea ukatu zaie beste behin.
Alor sozio-ekonomikoari begira, legez betebeharrik ez izatea baliatzen da euskaldunen hizkuntza-eskubideak ez bermatzeko. Multinazionalak izateak edota kexa eragin duen jarduerak Estatu mailako hedapena izateak erabiltzen dute aitzakia gisa euskara erabili ez izateko. Hori merkataritza gune handiekin gertatzen da nagusiki ( GIFI,CARREFOUR, BRICOMARCHE, LECLERC….) nahiz eta txikiekin ere maiz gertatzen den.
Herritarren bizipenetan oinarritzen da Behatokiaren lana. Horren erakusle, zuzendariarekin batera, Eukene Xurio, Euskararen Telefonoa zerbitzuaren erabiltzailea agerraldian egon izana. Xuriok, une honetan Behatokiarekin batera kudeatzen ari den kasuaren berri eman du. Hainbat arazo izaten ari da bere haurraren erregistroarekin eta Behatokira jo du laguntza eske. Madrilen den Estatu frantseseko Kontsulatuan gestioak egiten ari da haurraren nazionalitate bikoitza lortzeko. Euskaraz dauden dokumentuak ez dizkiote onartu (naiz eta 2011n izan zuen haurra, azkenean onartu zizkioten). Behatokiak emandako babesa eta laguntza eskertu ditu Zugarramurdiko herritarrak.
Herritarrek egoera hauen aurrean duten jarrerak aldaketak eragin dituela aipatu du Behatokiko zuzendariak 2013ko elementu positibo gisa. Herritarren nahiaren atzetik doaz askotan administrazioak eta sarri askotan jokatzen dute ezaxolati euskal herritarren hizkuntza-eskubideei dagokienean. Herritarrek hizkuntza-eskubidea egiazki betetzeko indar egiten ez duten bitartean, oso jasangarria zaie administrazioei bere-berean mantentzea, aitzitik, herritarrek hizkuntza eskubidea baliatzeko joera erakusten badute, posible da euskaldunen hizkuntza-eskubideak bermatuko dituen neurriak hartzea eta urratsak ematea; hori erakusten dute behintzat 2013an herritarrek egindako ahaleginaren ondotik, zenbait entitate eta administraziok bideratutako neurriek eta hartutako erabakiek.
Ildo horretan, Baionako LAFOURCADE klinikak (CAPIO kliniken elkartze gunea), herritarren eskura ezarri informazio buletina eta harrera liburuxka frantses hutsean egoteagatik kexa jaso ondoren, "kexa kontuan hartu, eta Euskararen Erakunde Publikoarekin elkarlanean, pazienteen esku uzteko diren dokumentuak euskaratzea" erabaki zuen.
Horiek horrela, euskaraz bizi nahi duten pertsonek erakusten duten irmotasunak eta jarrera proaktiboak, administrazioen eta entitateen hizkuntza-portaeran aldaketak sustatzen dituzte, neurriak hartzea eragiten dute. Eta urrats txikiak edo neurri apalak direla iruditu arren, horietako bakoitzak, euskara erabiltzeko eta euskaraz bizitzeko aukerak areagotu egiten ditu.