Hizkuntza Politikarako sailburuordetzari hizkuntza eskubideen gabezi eta beharren berri eman diogu

2025-06-27

Card image cap

Gaur, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko ordezkariak Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politiketarako sailburuorde Aitor Aldasororekin eta Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendari Joseba Lozanorekin bildu gara. Besteak beste, ondorengo gaietan esku hartu eta neurriak eskatu ditugu:

  • Lanbideko ikastaroak euskaraz jaso ahal izatea bermatzeko irizpide aldaketa eta neurriak hartzea. Gaur egun, Lanbideko euskarazko ikastaroen eskaintza urria da, eta hala nahi dutenek euskarazko formazioa jasotzea bermatu beharrean, ikastaroak gaztelaniaz jaso nahi dituztenen hizkuntza hautua inposatzen zaie herritar guztiei. Izan ere, ikastaro bakoitza emango duen erakunde prestatzaileak erabakitzen du hizkuntza, eta aritzen diren neurketa edo parametroak ezagunak ez diren arren, errealitatea da ikastaro ia guztiak gaztelaniaz egiten direla da. Ondorioz, euskaraz jaso nahiko lituzketen herritarren gaztelaniaz jasotzera behartuak izaten dira. Ikasleen profila eta prestakuntza ekintza garatzen den testuingurua hartzen omen dira kontuan, baina euskarazko eskaintza bermatzeko eta sustatzeko neurriak hartu ezean, beti gailenduko da gaztelaniazko eskaintza.
  • KZguneetan ere euskarazko ikastaroen eskaintza bermatzeko irizpideak ezartzea. Egun indarrean dauden irizpideak eskaria-eskaintza merkatu parametroetan oinarritzen dira eta, ondorioz, herri eta zonalde batzuetan eskaintza osoa gaztelaniaz izatea eragiten du, ikasle euskaldunak ezinbestean gaztelaniaz ikastera behartuz.
  • Osasungintzan ematen ari diren hizkuntza eskubideen urraketa eta egoerekiko neurriak hartzea. Osakidetzako zerbitzuak euskaraz nahi dituztela adierazita duten herritarrek ere zailtasun handiak dituzte eremu batzuetan, eta lehentasunezko eremu ezarrita dauden herri euskaldunagoetan ere euskaraz zerbitzuak eskaintzeko gai ez diren profesionalak izaten dira.
  • Lanbide Heziketan, batik bat oinarrizko moduluetan, euskarazko eskaintza bermatzeko neurriak eta aldaketak egitea. Honi lotuta ostalaritza edo turismoa bezalako sektoreei lotutako eskaintzan euskara irakasgai bezala txertatzea eskatu dugu.
  • Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuarekiko gabeziak eta eremu sozioekonomikoan dituen ondorioak aztertzea eta aldaketa neurriak bultzatzea.
  • Azkenik, mahaigainean jarri ditugu, besteak beste, pertsona itsuek eta gorrek euskaraz bizitzeko dituzten zailtasun eta baliabide falta.

Era berean, Hizkuntza Politikarako arduradunei Behatokiak 2024ko hizkuntza eskubideen egoera aztertzen duen txostenean jaso ziren Eusko Jaurlaritzaren administrazio eta zerbitzu ezberdinetan emandako urraketen dosierra eman diegu, hizkuntza politika garatzerakoan herritarrek euskara erabiltzerakoan dituzten bizipen eta errealitateak kontuan izan eta dauden hutsuneak gainditzeko proposamenak egiteari begira.