Kontsumitzaileen lege berriarekin euskaldunen eskubideak bermatzeko aukera galdu da

2023-04-28

Card image cap

Atzo, Kontsumitzaile eta erabiltzaileen Estatutuaren Legea onartu zen Eusko Legebiltzarrean. Iaz, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aldaketa sakonak behar zituela adierazi zuten eta zuzenketak proposatu zizkioten lege-proiektuari, herritarren hizkuntza-eskubideen aitortza eta bermean sakontzeko.

Euskararentzako eremu estrategiko batean, atzerapauso berriak

Duela 20 urte jatorrizko legea onartu zenetik hona aldaketa ugari izan dira. Martxoan argitaratutako VII. Inkesta Soziolinguistikoa oinarri, datuek agerian uzten dute euskararen ezagutzan eta erabileran izandako gorakada, baita honekiko atxikimendua sendotu izana ere. Hartara, eta bereziki eremu sozioekonomikoan, euskararen biziberritze prozesuan paradigma berri baten beharra diagnostiko konpartitua bilakatu da, bai euskalgintzan bai instituzioei dagokienean ere.

Gogoratu behar da, legearen izaera estrategikoaz jakitun, iazko ekainean Kontseiluak eta Behatokiak 33 ekarpen eta neurri eraginkor proposatu zizkiotela legeari, hurrengo urteetan herritarren kontsumo-harremanak arautuko dituen legeari herritarren hizkuntza-eskubideak babesteko planteamendu integral bat eginez. Tamalez, 33 ekarpen horietatik bakarra ere ez da onartu legean.

Horregatik, Kontseiluaren eta Behatokiaren iritziz, atzo onartu zen kontsumitzaileen eta erabiltzaileen lege berriak ez dakar inolako urrats berritzailerik gaur egungo eta etorkizunekoherritar euskaldunen eskubideak bermatzeari dagokionean.Are, 2003ko jatorrizko legearekin alderatuz gero, atzerapausoak egiten ditu.

Kontseiluaren arabera, lege honen gabezia nagusia zioen azalpenean bertan islatzen da. Aurreko legeak zioenaren bide beretik jasotzen du, «Administrazio publikoan sartuta ez dauden pertsona partikularrek hizkuntza ofizialak erabiltzeari dagokionez, hobe dela sustatze- eta bultzatze-neurriak xedatzea», eta beraz, hasieratik uko egiten dio legearen izaera arautzailea behar bezala baliatu eta derrigortasunak ezartzeari. Ondorioz, herritarren eskubideak bermatzeko sustapena izango da ardatza, eta ez, ordea, legezko betebeharra. Atal honetan, ezin aipatu gabe utzi lege baten zioetan legeari berari balio arautzailea kentzeak dakarren kontraesana.

Zioen atalaz gain, eta Kontseiluaren eta Behatokiaren ekarpenei entzungor, kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideei buruzko atal berezitua jaso du legeak (VIII. kapitulua), eta beraz, gainerako ataletan ez da berariaz hizkuntzaren ikuspegi integrala txertatu. Horrela, VIII. kapitulutik kanpo, hirutan besterik ez da hizkuntzari buruzko aipurik egiten. Horrek esan nahi du herritarren hizkuntza-eskubideak VIII. atalak biltzen dituenak besterik ez direla, eta beraz, aitortza bera ere kamutsa dela irizten dute bi erakundeek, legeak berak ez baitu hizkuntzaren ikuspegia modu integralean jasotzen.

Horrez gain, aurreko araudian diru publikoz lagundutako enpresei betebeharrak ezartzen zitzaizkien euskaldunen eskubideak berma zitzaten. Oraingoaren arabera, aldiz, euskararen sustapenerako laguntza jasotakoek besterik ez dute betebeharrik izango. Berdina gertatu da produktuak saldu eta zerbitzuak eskaintzen dituzten establezimenduen betebeharrekin: guztiz desagertu dira. Eta beste hainbeste jatorri-izendapena duten produktuetan euskararen derrigortasunarekin. Gainera, hizkuntza-eskubideen bermeari betebehar izaera eman beharrean, borondatezko izaera eman zaio, eta eskubide hauen urraketak arau-haustetik kanpo utzi dira. Hartara, atzera egin da. Beste eskubide batzuen urraketaren ulertezina litzateke horrelakorik egitea.

Hizkuntza-eskubideen egiazko aitortzarik ez

Martxoan plazaratutako Hizkuntz Eskubideen egoera 2022 txostenean, Behatokiak ohartarazi zuen sektore pribatuan euskararen presentzian eta erabileran atzerapauso ugari atzeman zituela. Merkataritza gune handietan, adibidez, horietako askok dituzten lege betebeharrak ere ez dituztela betetzen jakinarazi zuen Behatokiak, herritarren eskubideak urratuz inolako ondoriorik gabe. Horregatik, Behatokiak urgentziazkoa jotzen du enpresek izan behar duten erantzunkizun sozialari begira, bezeroen hizkuntza eskubideak bermatzeari begirako neurri eraginkorrak behin betikoz ezartzea. Izan ere, aurreko legedian ezarritakoek euskaraz kontsumitu edo euskarazko informazioa jasotzeko eskubidearekiko lorpen gutxi izan bazituen, oraingoak are betebehar lausoagoak ezarriko ditu. Euskara ofiziala den eremu baten, enpresa pribatuek ere ofizialtasun horren arabera jardutea gutxieneko baldintza beharko luke.

Honenbestez, eta 20 urte ondoren, Kontseiluak eta Behatokiak nabarmendu nahi dute lege berri honetan ez dela zinez kontuan hartu Euskal Autonomia Erkidegoan bi hizkuntza ofizial daudela, eta aukera berri bat galdu dela. Egiazko errekonozimendu batetarako, beharrezkoa dela legeak herritar guztien eskubideak aintzat hartzea, baita hizkuntza-eskubideen esparruan ere. Bestela, berriz ere, kontsumitzaile eta erabiltzaile euskaldunen eskubideak bermatzea enpresen borondatearen menpe geratuko da, ezagunak diren ondorioekin. Eskubideen aitortzak eta eskubideen bermeak arau eragingarriak behar dituzte, bestela hutsean geratzen baitira.

EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA - HIZKUNTZA ESKUBIDEEN BEHATOKIA 

Argazkia: Eusko Legebiltzarra.