Hizkuntza eskubideen urraketak hizpide IALCren jardunaldietan
2022-09-08
Hizkuntza Komisarioen Nazioarteko Elkartea Bilbon egiten ari den konferentzian parte hartu du Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak.
Nazioarteko beste erakundeetako ordezkariekin batera, Bilbon izan da Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka, EAEko Arartekoak antolatuta bertan egiten ari den Hizkuntza Komisarioen Nazioarteko Elkartearen (IALC) VII. urteko konferentzian parte hartzen, berdintasuna, aniztasuna eta hizkuntza eskubideak sustatzea helburu.
Atzo eman zioten hasiera topaketari Manuel Lezertua arartekoak eta Raymond Théberge Kanadako Hizkuntza Ofizialen komisarioak, eta bi egunez aritu dira, besteak beste, COVID-19ak hizkuntza gutxituetan izan duen eraginaz, gizarte-sareek hizkuntza-komisarioei sortzen dizkieten erronkez eta herriaren defendatzaileen betekizunetan hizkuntza ofizialek dituzten betekizunen inguruan.
Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak gaur arratsaldeko saioan hartu du parte. Bertan, batetik, hizkuntza eskubideen urraketak gainditze aldera Arartekoarekin duen elkarlanaren berri eman du, eta, bestetik, nazioarteko erakundeei azaldu die Behatokian egiten den lana eta zeintzuk diren erakundearen helburu eta lan lerroak. Era berean, argitu du zein den hizkuntza eskubideek Euskal Herri osoan duten egoera eta zein estatus ezberdin dituzten. Azkenik, hausnarketarako tartea ere bilatu du, erakunde eta arduradun publiko ezberdinek hizkuntza eskubideak bermatzeari begira hartu beharko lituzketen neurri orokorren inguruan.
Jardunaldiak amaituta, elkarteko kideek urteko batzar orokorra egingo dute bihar.