[iritzia] Ahaleginak beti batzuenak
2022-10-14
Agurne Gaubeka Erauskin - Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren zuzendaria
Jakin badakigu euskaraz bizitzen saiatzerakoan hainbat tupustarri edo oztopo aurkitzen ditugula, askotan aurrera egiten uzten ez digutenak, baina zerbait euskaraz egiteko aukera ematen diguten kasuetan ere zer gertatzen da?
Ekainean Nafarroan izan ziren Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazio proben kasua adibide bezala mahai gainean jarri nahiko nuke. Izan ere, proba hauek euskaraz egin zituztenek ahalegin bikoitza egin behar izan zuten: euskarazko azterketen bertsioan ohikoa izaten den moduan, galderetan akats dezente aurkitu zituzten irakasleek. Zehazki gizarte-matematika eta fisikako akatsak oso larriak izan ziren eta gainera, aurten irakasleek ez zuten arazoa azkar konpontzeko modurik izan. Nola ez, urtero kexa unibertsitatera helaraztean, kontuan hartuko dutela erantzuten dute, baina hurrengo urtean egoera berdina errepikatzen da.
Ahalegin bikoitza egin behar dugula argi dago, tupustarrien gainetik salto egin ere, baina azterketak euskaraz berme osoz egin ahal direla bermatzea hain zaila ote da? Irakaskuntzako adibidea aipatu dugu baina eremu publikoko bestelako alorretan ere gertatzen da eta inondik inora itzultzaileei errurik bota gabe, ez luke ziurtatu beharko arlo bakoitzeko aditu euskaldun batek, galderak ulergarriak eta zuzenak direla? Zergatik uste dute euskarak ez duela kalitate aldetik inongo bermerik behar? Agian azterketa edo probak euskaraz egitea eskatuko duen inor ez dela egongo uste dute? Edo hori da nahi dutena, ardura eta betebeharra dutenek ez dutelako euskararen erabilera bermatzeko neurri eraginkorrik hartu nahi?
Euskalerria Irratian argitaratutako iritzi artikulua:
https://euskalerriairratia.eus/komunitatea/gaubeka/1665496831442-ahaleginak-beti-batzuenak
Albiste gehiago
Azaroko aipagarrienak
2024-12-05