[iritzia] Betebeharrak ezagutzea eta betetzea

2025-10-22

Card image cap

Agurne Gaubeka Erauskin - Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren zuzendaria 

Zergatik esaten dugu euskararen ezagutza garrantzitsua dela zerbitzu publikoak eskaintzerakoan? euskara erabiltzeko eskubidea badugula esaten zaigu eta ez dugula erabiltzen nahi ez dugulako. Aurrean dugunak ez ulertzea, atzerapenak jasotzea, tramite gehiago egin behar izatea, erdara erabili behar dugula eskatzea edo erantzun txarrak jaso izana pairatzen ditugu eta badirudi inork ez duela hori guztia kontuan hartzen, izan ere, bermerik ezean hizkuntza hautua baldintzatzen zaigu eta baldintzatze horrek erabileran eta ezagutzaren zabaltzean ere eragina du baina baita eskaintzen den zerbitzuaren kalitatean, segurtasunean eta efikazian ere. 

Aurrekoan «manzanas traigo» erantzun ziguten Nafarroako Foruzaingotik beraiengana euskaraz zuzentzean. Emergentzia baten aurrean ere hori erantzungo ligukete? Barkamena eskatu digute “formengatik” baina inork planteatu al du barkamena eskatzea formetatik harago, bazterkeriagatik? Agian norbaitek planteatu beharko du zerbitzu publikoetako deialdietan garrantzitsua dela hizkuntza eskubideekiko gaitegia sartzea. Agian horrela norbaitek jakingo du behintzat, Nafarroan gaztelania ez den bertoko hizkuntza bat dagoela eta euskaraz hitz egiten duten herritarrak ere artatu behar dituztela, gaur gaurkoz, gaztelania erabiltzen dutenen baldintza berberetan artatzeko lege betebeharrik ez duten arren. 

 

Euskalerria Irratian argitaratutako iritzi artikulua: 
https://euskalerriairratia.eus/komunitatea/gaubeka/1760961606984-betebeharrak-ezagutzea-eta-betetzea