[iritzia] Bezeroaren arreta eta eskubideak
2025-09-22
Agurne Gaubeka Erauskin - Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren zuzendaria
Ikasturtea hasi dugu eta berriki iragarri da Espainiako Kongresuan bezeroaren arretarako lege proiektua eztabaidatzen ari direla. Lege horren oinarrietan alderdi katalan batek, bezeroaren arretan kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak errespetatzeko neurriak sartzea eskatu du eta ondorioz, gutxiagotutako hizkuntzetan arreta emateko betebeharra txertatu du enpresa eta multinazional handientzat (zehazki 250 langile baino gehiago eduki eta urtean 50 milioi euro baino gehiago fakturatzen dutenentzat).
Legea eztabaidatzeko dagoen arren, pauso bat izan daiteke batik bat enpresa hauek hizkuntza eskubideekiko aitortza izan dezaten, baina baita oinarrizko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresek (ura, gasa, argia, telefonia, garraioak…) behingoz bezeroarekiko arreta zerbitzuak euskaraz eskaini ditzaten. Hala ere, azpikontratazioek edo zerbitzu gehienak Madrilen kokatuak izateak hainbat ez betetze ekarri ditzake eta horien guztien kontrola nola eramango den ere klabea litzateke. Frankizia zein bestelako enpresa moten bidez multinazional hauek legea ekiditeko izan ditzaketen trikimailuak ere hainbat izaten dira.
Hala ere bide batez, Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen araudian hizkuntzarekiko klausulak txertatzea eskatzeko baliagarria izan daiteke. Paradigmatikoa bai litzateke Madrilgo bezeroen arreta zerbitzuetan Nafarroako enpresetan baino euskara erabiltzeko aukera gehiago izatea.
Euskalerria Irratian argitaratutako iritzi artikulua:
https://euskalerriairratia.eus/komunitatea/gaubeka/1758559348059-bezeroaren-arreta-eta-eskubideak


