[Iritzia] Euskaraz kontsumitu nahi baduzu, estres linguistikoa ekidin nahi baduzu, horretarako aukera Baduzu

2017-06-30

Card image cap

Goizean iratzargailuak jotzen duen unetik hasi eta egunaren buruan ohean sartzen garen arte badago guztiok etengabe egiten dugun zerbait: kontsumitu.

Zalantzarik gabe, gaur egun jendarte kontsumista batean bizi gara, guztiok gara kontsumitzaile. Bizi kalitatearekin lotzen dugu kontsumitzea eta oso barneraturik dugu kontsumitzaile izaera.

Dinamika horren barruan kontsumo-eredu berriak zabaltzen ari dira gure artean. Ikerketek diotenez, gero eta garrantzia handiagoa ematen  diogu bertakoari, gertukoari, komunitateari. Selektiboagoak omen  gara kontsumo ohituretan eta gero eta gehiago begiratzen diogu kalitateri.

Baldin eta establezimendu batek eskaintzen dituen produktu eta zerbitzua kalitatezkoa izango bada, gertutasuna eta konfiantza eskaini nahi badira, ez da dudarik harreman hizkuntza bezeroak hautatu behar duela. Horrela, hurbiltasunean oinarritutako merkatu-eredu horrek bete-betean hartzen du hizkuntzaren elementua.

Hori gertatzen ez bada, eta bezeroa beste hizkuntza batean jardutera behartzen bada, gertutasuna, erosotasuna eta kalitate galera gertatzen da.

Hizkuntza bereizgarri gisa edukitzeak aberastu egiten du entitatea eta honek eskaintzen duen zerbitzua.
Izan ere, euskaraz bizi nahi  dugunok estimatu egiten dugu eta errespetatuak sentitzen gara  establezimendu batera sartu eta “kaixo, zer nahi duzu” entzuten dugunean, edota eskaintza erakusten duten kartelak euskaraz daudenean…

Bada euskaraz bizitzeko hautua egin dugunok badugu gure nahia erraztu eta kontsumo harremanak euskaraz egiteko aukera eskaintzen digun digu tresna bat: Baduzu euskal  kontsumitzaileen kluba.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Bai Euskarari Ziurtagiriak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak elkarlanean martxan jarritako egitasmoa da Baduzu euskal kontsumitzaileen kluba.

Erabiltzaile eta kontsumitzaile euskaldunei begirako ekimena da Baduzu. Helburu nagusia euskaraz saldu eta erosi nahi dutenak harremanetan jartzeko aukera eskaintzea da. Hau da, euskarazko kontsumo komunitatea eraikitzea, euskaraz bizitzeko nahia praktikan erraztea eta euskal hiztunen bizi-kalitatea hobetzea.

Horretarako Baduzu.eus webgunean euskaraz zerbitzua emateko gai diren 4.000 establezimendutik gora beren euskara mailaren arabera sailkatuta topatuko ditu erabiltzaileak. Webgune partehartzailea da eta era guztietako zerbitzua eskaintzen dituzten 4000 establezimendu horien artean bilaketak egiteko aukera emateaz gain, erabiltzaileek euskaraz kontsumitzeko aukera eskaintzen duten establezimenduak identifikatu, baloratu eta berriak gehitzeko aukera eskaintzen du.

Euskaraz kontsumitu nahi baduzu, estres linguistikoa ekidin nahi baduzu, horretarako aukera Baduzu.

Info7 irratiko Gureaz blai saiorako apirilean egindako kolaborazioa