[Iritzia] Ez da dioten bezain oparoa

2017-12-12

Card image cap

Txikitan Lapurditik Gipuzkoara begiratzen zuenean zuen iritzia aldatu zaio urteekin, Haizpea Abrisketa lankideak kontatu du Info 7ko Gureaz Blai saioan egindako kolaborazioan.

 

Ipar Euskal Herrian hazi garen euskaldunok euskara ez ofiziala denez gero ttiki ttikitatik jasaten dugu hizkuntzagatiko diskriminazioa.

Lapurditik hegoaldea begiratzen genuenean, bereziki Gipuzkoa genuen parean, eta gure hizkuntzak bizi esparru zabalak zituela ikusten genuen:

Txikitan Donostiara joaten nintzenean dendetan euskaraz egiten zidaten, kalean kartelak euskaraz irakurtzen nituen. Gidatzeko adina izan nuenean plazer bat zen autopista hartu eta irungo bidesarian euskaraz mintzatu ahal izatea edo behin Hondarribiko udaltzainarengana joan eta ixun bat euskaraz erreklamatu ahal izatea.
Etxean sentitzen ginen, ofizialki Estatuz aldatzen baginen ere.

Maiz entzuten da Ipar Euskal Herriko euskaldunen artean Hego Euskal Herrian (bereziki Gipuzkoan esan beharko genuke) egoera hobea dela. Segidan hasten gara esaten han ofiziala dela eta noski, horrek errazten dituela gauzak…guk hemen aitortza ezaren harresia dugula eta zehar bideak hartu behar ditugula…. Ez litzaiguke burutik ere pasako udaltzain bati euskaraz mintzatzea edo Biarritzeko peagean eskerrak euskaraz ematea. Eta orduan entzuten ditugu honelakoak: autonomia erkidegoan oso sendo dago euskara, oso aurreratua dago, pentsa! Unibertsitatean egiten da euskaraz, telebista daukate! Administrazioan dena euskaraz da! Hori autonomia maila handia dutelako da…

Bai, miresmen eta inbidia puntu batekin so egiten nion nik gaztetan hain gutxi ezagutzen nuen Hego Euskal Herriari (Gipuzkoa esan beharko nioke gaur).

Ondoren ohartzen hasi nintzen Nafarroan egoera ez zela berdina eta hor beste kontu bat zegoela. Kurioski errazago elkar ulertzen genuen Ipar Euskal Herrikook eta Nafarrok. Baina Autonomia Erkidegoan egoera konponduta zegoela eta euskal hiztunek aukera guztiak aitortuak zituztela sinistuak ginen.

Dena eginda zegoen.

Duela 2 urte Euskal Herriko hamarnaka eragilerekin euskara gizarteko eremu guztietan eta Euskal Herri osoan aintzat hartua izateko zein urrats eman behar den zerrendatzen ibili ginen. Hizketaldi andana izan nuen Autonomia Erkidegoko eragileekin eta handia izan zen ene harridura ikusi nuenean Hego Euskal Herrian (EAEn esan beharko nuke) euskararen egoera ez zegoela uste nuen bezain sendoa.

Hezkuntzan gehiengo zabalak dena euskaraz ikasi arren ez du ikasketak amaitutakoan euskara maila egokia lortzen; Euskal Herriko Unibertsitatean beka beterako eskabidea irakurtzean ohartu nintzen gaztelaniatik itzulia izan zela eta gaztelaniazkoa irakurtzen ez banuen ez nituela jarraibideak egoki jasoko.

EHUko kurtso batera izena eman nuen batean gazteleraz eman zuten klase osoa nahikoa ikaslek ez zutelako euskarazkora izena eman.

Gipuzkoan, eremu euskaldunenean, hizkuntza ofiziala den gunean, gazteleraz ez badakizu jokoz kanpo egon zaitezkeela ohartu nintzen.

Eragileek kontatzen dizute gainera, zein zailtasun dagoen lan munduan euskaraz aritzeko. Lanbide heziketan gehiengoak euskara jakin arren, soilik eskolen %32a eskaintzen dela euskaraz. Euskaraz ari diren eragileak  diru laguntza eskaeretan itoak bizi dira. Ez daukate euskarazko hedabideen sistema propiorik, ez dago euskarazko kultura sustatzeko politika kultural egonkorrik… administrazioak gaztelaniaz sortzen du eta euskara itzulpena egiten du …. arrazoiak eta justifikazioak egon badaude baina aitzakiak ere bai.

Hori guztia ikusita, gaztetan nuen irudia aldatzen joan zen, eta jada ez nintzen hainbeste nire etxean sentitzen. Oraingoan Estatuz aldatu nintzela ohartua bainengoen.

Tematurik, EAEko euskararen legean zer jartzen zuen irakurtzera joan nintzen: Euskal Herriko herritar guztiek euskara jakiteko eta erabiltzeko eskubidea dutela dio, gaztelaniarekin batera. Espainiar konstituzioan berriz, Espainiako biztanle orok espainola jakiteko betebeharra duela.

Estatus eta aitortza maila ezberdina. Hego Euskal Herriko biztanleek euskara jakiteko eta erabiltzeko eskubidea dute baina gaztelania ezagutzeko betebeharra baita ere.

Eta modu honetan gaztelaniaz egingo diren jarduera oro ulertu behar dituzte, ez hala euskarazkoak. Hor dago gakoa.

Eta orduan non kokatzen gara ni bezelako Euskal Herriko biztanleak? EAEn euskaraz aritzeko eskubidea dugu lege horren arabera eta ez daukagu, bestalde, espainola jakiteko betebeharrik. Nire eskubidea bada, Autonomia Erkidegoan  jarduera oro euskaraz egin nezake eta soilik euskaraz.

Baina argi dago eskubidea eduki arren ez dugula aukerarik, euskara jakiteak derrigorrez inplikatzen baitu gaztelania jakitea baita ere. Euskarak ez du aitortza nahikorik bakarrik aritzeko, ez da betebeharra, eta horrek, euskararen legearen arabera dudan euskaraz aritzeko eskubidea urratu egiten du eta baliabideak mugatzen ditu eskubide hori bete dadin baldintza sortzeko.

Gaur egun EAEko euskararen egoera, ezegonkorra iruditzen zait, oraindik ahul dagoela alegia eta estatusa aldatu eta aldaketa horrekin baliabide egokiak jarri ezean ez dela hobetuko.

Ipar Euskal Herritik, Hego Euskal Herriko (EAE esan beharko nuke) egoera apur bat hobeki ezagututa, inbidia sanoz begiratu beharrean, egin behar ez denari begiratzeko balio digula deritzot.

 

Estrainekoz Info7 irratiko Gureaz blain saioan emititua