[Iritzia] Medikuntzaren parte handi bat da komunikazioa, ez da hizkuntzatik bereizi daitekeen zerbait
2017-09-15
Ikasturte berrian lehen kolaborazioa egin du Garbiñe Petriati zuzendariak Info7 irratiko Gureaz blai saioan. Oraingoan, osasun zerbitzuetan euskaldunon hizkuntza-eskubideak izan ditu hizketagai.
Oporraldia bukatu da eta iritsi da iraila, lan urteari hasiera emateko garaia. Abuztu osoan zehar eguneroko gaietatik aldenduta ibili ondoren, ohiko zereginetara poliki-poliki hurbiltzeko, aktualitateari begiratua emateko asmoz eseri naiz lehenengo egunean ordenagailuaren aurrean.
Denbora gutxi, minutu batzuk baino ez ditut behar izan ziplo, kolpetik eta berehalako batean ohikotasunarekin tupust egiteko: Donostia ospitaleko larrialdi zerbitzuetan bere 3 urteko alabarekin izandako gertaera salatu du guraso batek sareetan eta zalaparta sortu da. Erreakzioak, iritziak eta usteak. Baita salaketan izen abizenekin aipatzen diren profesionalen erantzuna ere.
Baina gaurkoan ez dugu gertaera puntual honetan zentratu nahi. Osasun zerbitzuen erabiltzaileek zein profesionalek egiten duten ahalegina aitortu ondoren, benetako aferari heldu nahi diogu, benetako eztabaidan jarri nahi dugu fokoa.
Egunero milaka herritarrei zerbitzua eskaintzen dien osasun asistentzia publikoan ez dira askotan euskaldunon hizkuntza-eskubideak errespetatzen. Errealitate horrek sakoneko arazoari heltzea eta erreparatzea eskatzen du.
Ez da gaur goizeko gaia, zoritxarrez urtetan ikusi izan dugu euskal hiztunari ez zaiola osasun zerbitzua euskaraz jasotzea garantizatzen, gutxienez, ez zaiola bere osotasunean bermatzen. Ez eta profesionalei lan jarduna euskaraz garatzea ziurtatzen. Zailtasunak handiak izaten jarraitzen dute.
Osasun zerbitzuen lehen lerroan medikuak daude, gaixoari harrera zein arreta eskaintzen diotenak, baina osasun arreta prozesu konplexua da eta askotariko eragileek hartzen dute parte.
Osasun sisteman hizkuntzaren parametroa aztertu eta integratzeak erakunde mailako neurriak eskatzen ditu, egitura mailakoak. Medikuntza ez da hizkuntzatik bereizi daitekeen zerbait, medikuntzaren parte handi bat da komunikazioa.
Osakidetzak berak aitortzen du eskaintzen den osasun asistentziaren elementu garrantzitsua dela herritarrak aukeratutako hizkuntzan artatzea. Bada, asko falta da horretarako.
Intentsitate bereiziz landu beharko litzateke osasun zerbitzuetan euskarazko arreta duintasunez eskaintzea. Tratu berdintasuna bermatzeko ezinbestekoa da hizkuntza-mugei aurre egitea. Bestela hizkuntzagatiko minez eta bizitza betea galarazita segituko du euskaldunak.
Estrainekoz 2017ko irailaren 14an Info7 irratiko Gureaz blai saioan emititua
Albiste gehiago
Azaroko aipagarrienak
2024-12-05