[Iritzia] Mundu justuago bat eraikitzeko erreminta
2017-12-09
Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak dio gizaki guztiak libre eta berdin jaiotzen garela, duintasunari eta eskubideei dagokienez. Petsona guztiek merezi dutela aitortza eta errekonozimendu berbera.
Baina, zoritxarrez, ez da hala. Kontziente gara era guztietako giza eskubideen urraketak ematen direla mundu osoan, baita zibilizatuena omen den Europa honetan ere. Anitzak dira gizarte-bazterkeria sufritzen duten pertsona eta kolektiboak: pobrezian eta etxerik gabe bizi direnak, arraza edo larru-kolore jakina dutenak, emakume izateagatik zein aukera sexualarengatik sufritzen dutenak... Eta baita hizkuntza arrazoiengatik tratu bereizkeria pairatzen duten pertsonak eta komunitateak ere.
Jakina da desberdina dela Europako hizkuntza gutxituen egoera, Estatu bakoitzean hizkuntza-kudeaketa zeinek bere erara egiten baitu. Oso gutxik egiten dute hizkuntza-kudeaketa justua eta orekatua eta, ondorioz, hizkuntza-eskubideak komunitate orori badagozkio ere, gaur egun, hizkuntza nagusien hiztunek baino ez dituzte bermaturik hizkuntza-eskubideak. Hizkuntza bazterkeria bizi dute beste batzuk.
Eguneroko bizitzaren alderdi garrantzitsua da komunikazioa. Eta komunikaziorako tresna nagusia da hizkuntza. Baina hizkuntzari ezin zaio lotu soilik dimentsio komunikatiboa. Inguruko errealitatea, harremanak, mundua, modu propioan antzeman, barneratu eta deskribatzeko tresna da hizkuntza.
Hizkuntza eta komunitate ezberdinen ezaugarriek ez dute justifikatzen inolako bereizkeriarik, eta egoeran gutxiagotuan dauden hizkuntzen hiztunei eskubideak urratzen zaizkienean funtsezko bi balio kaltetzen dira: berezko duintasunaren errespetua eta pertsonen arteko berdintasuna.
Hizkuntza-eskubideak eskubide subjektibo gisa baztertuak izan dira ia sistematikoki nazioarteko itunetatik. Horrela, giza eskubideen ikuspegi linguistikoa, hizkuntza-eskubidea, norbanakoena zein kolektiboa, eskubide subjektibo gisa aitorten zituen adierazpena, Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsala, adostu zuten munduko hamarnaka eragilek eta adituk 1996an.
Deklarazio horren printzipioetan oinarriturk Hizkuntz Eskubideak Bermatzeko Protokoloa aurkeztu zen Donostian duela urtebete. Protokoloaren neurriak euskararen egoerara ekartzeko Kaiera ari dira osatzen orain sektore ezberdinetako eragileak.
Adierazpen ponpoxo eta ederrek ez dakarte, berez, aurrerapausorik era guztietako instituzioek eta entitateek ez badute konpromisorik hartzen. Euskara maitatua den altxor bat bezala zaintzetik, lurraldeko hizkuntzan bizi ahal izateko urratsak emateko eta baldintzak sortzeko bide-orria izango dute sektore eta eremu guztietako eragileek. Erreminta hori mugimenduan jartzea eta garatzea izango da bidea desabantailan bizi diren hiztunen egoera irauli eta hizkuntza komunitateen arteko berdintasunean oinarritutako jendarte bat eraikitzeko.
Garbiñe Petriati Ijurra, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria
Albiste gehiago
Iraileko aipagarrienak
2024-10-04