[Iritzia] Norberaren izena berbera da hizkuntza guztietan, ez da itzultzen ahal den hitza
2017-10-20
Quimper-eko (Bretainia) epaitegiak pertsonen izenen inguruan hartutako erabakia izan du hizpide Haizpea Abrisketa lankideak Info 7 irratian egin duen lehen kolaborazioan. Hemen duzue idatzizki bertsioa.
Hala zioen duela urte zonbait jasotako kexa batek:
“2010ean nire nortasun agiria berritzera joan nintzen Donibane Lohizuneko Herriko Etxera. Izan ere, nire deitura ñ batekin idazten da, eta horrela agertzen da nire familia liburuxkan. Baina, nortasun agirian nire deitura betidanik n-rekin idatzi dute., pasaportean ñ-a agertzeko arazorik ez da izan. Herriko Etxeko langileek erantzun zidaten, 2012an egoerak aldatu behar zuela, eta posible izanen nuela nire deitura berreskuratzea, baina oraindik blokeatua naiz.”
Geroztik ez da desblokeatu noski, are gehiago, hiztun zonbaiti arazo bera gertatu zaie, berriki jakin ahal izan dugun bezala. Bretainian afera epaitegietan trenkatua izan da. Eta irailaren 13an epaitegi frantses batek eragotzi die guraso batzuei bere semeari Fañch jartzea ( Pantxoren Bretoindar izena).
Philipe Blanchet soziolinguistak, Rennes-eko unibertsitateko irakasle eta Giza Eskubideen Ligako kide denak, Mediapart-en publikatu duen artikulu batean oso argi azaltzen du zein den benetako auzia.
Soziolinguistak azaltzen duenez, Quimper-eko prokuradoreak izenen idazkera printzipioak biltzen dituen zirkular bat erabili du ñ-a ez onartzeko eta epaitegiak arrazoia eman dio bi alditan.
Blanchetek Frantzian aplikagarri den nazioarteko legedian eta frantziar legedian agertzen diren hizkuntza eskubideen eta askatasunen babesaren printzipio juridikoen ezagutza falta handia egotzi dio epaiari eta ideologia batean oinarritzen dela dio, logika batean baino.
Bere artikuluan, ondorio gisa hauxe dio bere terminologia erabiliz, “Frantziako ideologia linguistikoa, uniformitatea aldarrikatzen duena”, “benetako erlijio ofizial” bat dela, “dogma” bere hitzetan.
Erakasleak ondorioztatzen du, beraz, ez dela harritzekoa egoera absurduak edo gehiegikeriak aurkitzea.
Blanchet-ek hitz gogorrak ditu eta “Frantziako diktadura linguistikoaz” mintzo zaigu.
Duela 3 aste eskas publikatu zuen artikuluan, Frantziak afera honetan izan dituen arauen inguruko errepaso historiakoa egiten du, antzinako erregimenetik hasi eta gaur arteraino. Eta Prokuradoreak erabili dituen argudioak iraultza garaiko legeetatik datozela salatzen du.
Gauzak horrela, Frantziak ez omen du Europan izen-abizenen erabilera arautzen duen Bernako konbentzioa berretsi. Konbentzio horrek, Bere bigarren artikuluan esaten du hizkuntza bateko izen-abizenak karaktere edo grafia bera duen beste hizkuntza bateko estatu zibilean idazterakoan, ez dela inongo aldaketa edo itzulpenik egingo eta zeinu diakritikoak (tilde, azentu, cedilla) edukiz gero, beraiek ere erreproduzituko direla nahiz eta ez egon hizkuntza horretan. Ñ-aren kasua litzateke frantsesarentzat.
Belgikan edo Luxeburgon Fañch izen bretoina ematen ahalko zaio haur bati, Bretainan berriz ez.
Quinperreko Epaitegiak bi argudio nagusi eman ditu bere epaian. Lehen argudioan, esaten da, akta publiko guziak frantsesez idatzi behar direla. Baina, erakasleak erantzuten du izen-abizenak ez direla hizkuntza bati lotuak eta ez dutela ortografiarik. Hortaz, norberaren izen-abizena edo toki izenak ez dira hizkuntza batean. Bere horretan dira.
Quinperreko epaitegiak hartu erabakiaren beste argudioa larriagoa da: Ñ-a erabiltzeak arriskuan ezarriko luke Frantziak duen batasunareko eta berdintasunerako borondatea.
Blanchet-ek, oso modu argian hankaz gora ezartzen du argumentua eta batasuna eta uniformitatearen inguruko amalgamaren inguruan mintzo da. Eta, berdintasuna, diskriminazioaren aurrean izan behar denean izaten dela hau da ezberdinatasunei irtenbidea emateko modu gisa.
Hizkuntza komunitate orok eskubidea du esparru eta eremu guztietan bere sistema onomastikoari eusteko. Halaxe dio Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak.
Euskararen edo bretoineraren kasuan non alfabeto latina dugun, frantsesarena eta gaztelaniarena bezala, pertsona izen abizenak gure hizkuntzan idazteko eskubidea aitortu behar zaigu erregistro ofizialetan grafia aldatu edo aldarazi gabe, eta haien forma itzulia erabili edo erabilarazi gabe. Halaxe diote eskubideak zerrendatzen dituzten testu eta deklarazioek.
Ñ duten izenen kasuan, bere hizkuntzan eta jatorrizko grafian izena erregistratzeko aukera galarazten die Frantziar estatuak. Bere berdintasuna eta bere batasuna inposatzen du eta Quenperreko auzian argi esan du Ñ-arekin: Ñ-a onartzeak, zuzenbide estatuak jatorri bazterkeriarik gabeko berdintasuna eta herriaren batasuna atxikitzeko duen borondatea hautsiko luke.
Batzuen eskubideak eta askatasunak inposatzen dira orden jakin bat mantentzeko. Eta inposaketa bat delako hain zuzen ere, paradoxikoki, bozka paper soil batek han edota ñ batek hemen, orden hori auzitan ezar dezake.