Martxoko aipagarrienak

2026-04-01

Card image cap

2026ko martxoan zehar herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza eskubideen urraketen lagin bat, zoriontzeak eta lorpenak jaso ditugu ondorengo zerrendan. Zuk ere intzidentzia bat bidali nahi badiguzu, erabili Euskararen Telefonoa.

URRAKETAK

» Donostiako ospitaleko larrialdi pediatrikotan medikuak ez du haur bat euskaraz artatu, eta, gainera, "con trece años deberías saber lo que quiere decir fruncir el ceño" esan dio haurrak gaztelaniazko kontzeptu hori ulertu ez duelako.

» Hendaiako “Oroitzapenen hiria” museoan ez dela arreta euskaraz behar bezala bermatzen salatu dute.

» Getxoko Ertzain etxean herritar batek ezin izan du arreta euskaraz jaso ez eta salaketa euskaraz jarri ere, ez zegoelako euskararen ezagutza nahikorik zuen inor.

» Adingabeen Usurbilgo zentroan euskara zein gaztelania ez diren bestelako hizkuntzak hitz egiten dituzten haur eta gaztetxoekiko mespretxua eta "aquí hay que hablar en algo que entendamos todos" bezalakoak       entzuten direla salatu dute.

» Zarauzko Forum Sport dendan euskaraz egiteagatik erantzun txarrak eta mespretxuak jaso dituela salatu du herritar batek. Beste herritar batek Forum Sport enpresak webgunea eta online zerbitzua ez dituela euskaraz eskaintzen salatu du.

» Doneztebeko BBVAren bulegoan dena gaztelaniaz dagoela salatu dute.

» Bilboko Udalak iragarritako “Mindfundless” ikastaro eta hitzaldiak gaztelaniaz izango direla erantzun diote herritar bati.

» EAEko Hezkuntza Sailak arrisku psikosozialak ebaluatzeko euskarazko inkesta akatsez josita dagoela salatu dute hainbat langilek eta galderak ulergarri izateko gaztelaniazko bertsiora bideratu dituzte.

» Vodafonen izenean dei bat jaso du herritar batek eta euskarazko arreta eskatzean arrazista dela esan diote.

» Espainiako Zibersegurtasuneko Institutu Nazionalak Eibarren gazteentzat antolatutako ekimenaren materiala eta azalpenak gaztelaniaz izan direla salatu dute.

» Gasteizko udaltzaingoarekin euskaraz aritzea eskatzeagatik tratu desegokia jasan eta agenteen erantzun desegokiak jaso izana salatu dute hainbat herritarrek: “Estamos en España” edo “estamos en España y no me hace ninguna falta, no tengo obligación de saberlo”.

» EUSTATen izenean inkesta demografikoaren datu bilketarako deiak gaztelaniaz egin direla salatu dute.

» Lantzeko Udalak webgunea gaztelania hutsean duela salatu dute.      

» Gasteizko Udaleko IGI-TSAE organismo autonomoak egindako lan-deialdian ingelesaren nahitaezko ezagutza ezarri du, ez ordea euskararena.         

» OSATEKen zerbitzuak jaso dituen herritar batek euskarazko arreta nahi duela adierazita izan arren, ez ziotela arreta euskaraz eman salatu du (ez sarrerako administrariak, ez proba egin zion erizainak).

» Oiartzungo Euskobowling aisialdi enpresan informazio eta zerbitzu osoa gaztelaniaz eskaintzen direla salatu dute.

»First Lego League Euskadi” haur eta gaztetxoentzako ekimenean euskarak eta haurren hizkuntza eskubideek izan zuten tratamendu kaxkarra salatu dute.

» Irungo Auzialdi Auzitegiko Arlo Zibileko eta Instrukzioko ataletik gaztelaniaz helarazi dizkiote herritarrari zitazioak (berariaz euskaraz nahi zituela ere adierazi zuen).

» Iruñeko Udalak artxiboko goi-mailako teknikarien bi plaza betetzeko deialdian euskararen ezagutza izatea ez da beharrezkoa izan.

» Ermuko Udalak parte-hartze prozesuen aurkezpen publikoak gaztelania hutsean egin zituen. Zergatia galdetutakoan “el castellano lo entendemos todos, lo importante es el tema que nos ha reunido" erantzun zuten.

 

ZORIONTZEAK

» Garesko La droguería jatetxeari, karta eta webgunea euskaraz izateagatik.

» Getxoko Ondarreta litxarreria dendari, arreta euskaraz eskaintzeagatik.

» Tolosako Eguzkilore kafetegiari, zerbitzua euskaraz eskaini eta errotulu zein oharrak euskaraz izateagatik.

 

LORPENAK        

» Durangoko Udalak gaztelania hutsean ezarritako seinalitika zuzendu du.

» Zarauzko Udalak semaforoetako mezuetan euskara lehenetsiko du.

» Erandioko Udalak trafiko seinalitika euskaraz ere jarri du.

» Iruñeko Udalak Sarasate pasealekuko obren seinalitika ikuskatu eta euskara txertatzeko neurriak hartu ditu.