Nafarroako Foru Hobekuntzak euskararen ofizialtasuna lurralde osora hedatzeko beharra aldarrikatu du Behatokiak

2026-01-16

Card image cap
  • Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Foru Hobekuntza gaurkotzeko ponentzian parte hartu du, indarrean dagoen araudiak herritarren berdintasunean eta hizkuntza eskubideak mugatzean eragiten dituen ondorioak azaltzeko.
  • Parlamentuari legearen 9. artikulua aldatzea eskatu dio, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzea eskatzeko eta hizkuntza eskubideak behar bezala bermatzeko oinarri bezala.

Gaur, Nafarroako Parlamentuaren “Foruaren Hobekuntza gaurkotzeko eta XXI. mendeko errealitate sozialera eta nafarren iritzira egokitzeko ponentzian” parte hartu du Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak.

Behatokiak Foru Hobekuntza eguneratzeko beharra jarri du mahai gainean, egungo marko juridikoak nafar guztien hizkuntza eskubideak behar bezala bermatzen ez dituela ohartaraziz. Agurne Gaubeka zuzendariak adierazi duenez, azken 25 urteetan jasotako herritarren bizipen, kexa eta egoerek erakusten dute egungo araudia ez dela egokia XXI. mendeko errealitate sozialari eta herritarren eskubideei erantzuteko.

Zehazki, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoaren 9. artikulua jarri du auzitan, euskararen ofizialtasuna eta, beraz, hizkuntza eskubideen aitortza eremu batetara soilik mugatzeak dakartzan ondorioak, ezintasunak eta oztopoak mahai gaineratuz.

Behatokiaren arabera, hizkuntza minorizatua duten beste erkidegoekin alderatuta –Euskal Autonomia Erkidegoa, Galizia, Katalunia, Balearrak edo Valentziako Erkidegoa–, Nafarroa zatiketaren Erkidegoa da. Gainera, beste erkidegoetan ez bezala, Foru Hobekuntzak ez du euskara Nafarroako berezko hizkuntza gisa aitortzen. Behatokiaren iritziz, Euskararen Legean egiten den aipamena ez da nahikoa, eta Nafarroako Parlamentuak ikuspegi transbertsaletik balioa eman behar dio euskarari.

Behatokiak, halaber, Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutuna ez dela behar bezala aplikatzen salatu du. Besteak beste, Europako Kontseiluaren adituen batzordeak behin eta berriz gomendatu du Eurogutunaren 3. atala eremu mistora zabaltzea eta eremu ez-euskaldunetan ere haren espiritu eta helburuen arabera jardutea, gaur egun indarrean dauden mugak pixkanaka ezabatuz.

Zonifikazio-sistemak, Foru Hobekuntzaren 9. artikuluaren babespean garatuak, hizkuntza politika eraginkorra garatzeko traba larriak sortzen dituela nabarmendu du Gaubekak. Horren adibide gisa jarri du Euskararen Dekretuarekin gertatutakoa, bai eta toki-administrazioek herritarren hizkuntza eskubideak babesteko dituzten eskumen-mugak ere. Are gehiago, indarrean dagoen araudia bera betetzeko arazoak daudela salatu du: 18/1986 Legean eta 103/2017 Dekretuan jasotako eskubideak ez dira behar bezala betetzen, ezta euskararen ofizialtasuna aitortua duten eremuetan ere.

Behatokiak herritar batek pairatutako kasu zehatz bat ere azaldu du, zonifikazioak egunerokoan sortzen dituen ondorioak agerian uzteko. Zerbitzu zentralen antolaketa dela medio, edo larrialdi-egoeretan, euskara ofiziala den eremuetako herritarrek sarri ezin izaten dituzte zerbitzuak euskaraz jaso, langileak edo baliabideak legeak ezarritako eremu misto edo ez-euskadunetik datozelako.

Egoera horren ondorioak askotarikoak direla azaldu du Gaubekak: euskararen presentzia eza seinaletikan, informazio publikoan eta paisaia linguistikoan; administrazioarekin harreman zuzenean hizkuntza-hautua baldintzatuta egotea; tramite ugari euskaraz egitea ezinezkoa izatea; edota administrazioak herritarrei gaztelania hutsean erantzutea, baita eremu euskaldunetan ere. Arazo horiek bereziki larriak dira arlo digitalean: herritarren tramiteen %60 inguru eta administrazioen %97 inguru ezin dira euskaraz egin, webgune askok oraindik ez dutelako euskarazko bertsiorik edo informazio murritzagoa eskaintzen dutelako.

Behatokiaren arabera, ondorioak ez dira soilik administrazioaren funtzionamendura mugatzen. Herritarren arteko berdintasuna urratzen da, 11/2019 Foru Legeak ezarritako arreta egokia eta administrazio ona jasotzeko eskubidea kolokan jartzen da, eta zerbitzu publikoak berdintasunean jasotzeko eskubidea ez da bermatzen. Gainera, hizkuntzak osasunean, arreta soziosanitarioan, segurtasunean eta herritarren integritatean duen garrantzia azpimarratu du, ebidentzia zientifikoetan oinarrituta. Merkatu pribatuan ere, oinarrizko zerbitzuak eta ondasunak euskaraz jasotzeko eskubidea mugatua dago, enpresa askok lurralde horietan euskara ofiziala ez dela argudiatzen baitute.

Amaitzeko, Gaubekak azpimarratu du hiztun kopuruak ezin duela hizkuntza-eskubideen bermea baldintzatu, eta ofizialtasuna ezin dela erabilera sozialari lotu. Bere ustez, gaur egungo erabakiek etorkizuneko herritarren eskubideak ere mugatzen dituzte, eta, horregatik, erreparazio- eta ekitate-neurriak beharrezkoak dira minorizazio-prozesuaren aurrean. Hori dela eta, Behatokiak Nafarroako Parlamentuari eskatu dio Foru Hobekuntza berriak euskara berezko hizkuntza gisa aitortzea eta ofizialtasuna lurralde osora hedatzea.