Nafarroako Gobernuari lan-deialdi publikoetako azterketak euskaraz egin ahal izateko bermeak eskatu dizkio Behatokiak

2026-03-13

Card image cap
  • Nafarroako Gobernuak lan-deialdi bateko probak euskaraz egin ahal izateko eskubidea urratu zuela salatu du Behatokiak.
  • Funtzio Publikoko Departamentuak ez ditu onartu Arartekotik jasotako gomendioak, galdetegia itzultzeak eragin litzakeen arriskuak argudiatuz.
  • Behatokiak hautagaien hizkuntza-hautua eta eskubideak bermatzeko eskatu die Gobernuari eta Departamentuari.

2025ean, Nafarroako Gobernuak berdintasun teknikari izateko 10 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdiko prozesua antolatu zuen, eta 10 postu horietatik batean euskararen C1 mailako ezagutza eskatzen zen.

Irailean azterketa teorikoa izan zen, eta ostean praktikoa egiteko hainbat teknikarik azterketa hori euskaraz egin ahal izatea eskatu zuten. Hau da, epaimahaian euskara ezagutzen zuen norbait egotea bermatu dezala. Hautagaiek urrian jaso zuten erantzuna: azterketa praktikoa ezingo zutela euskaraz egin.

Arartekoaren gomendioei entzungor

Honen berri izan bezain laster, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Nafarroako Arartekoari ondorengoa eskatu zion: azterketak euskaraz egin ahal izateko –euskararen nahitaezko ezagutza zuten lanpostuen deialdietan lehentasunez–, Funtzio Publikoko Departamentuari gomendioa ematea beharrezko neurri guztiak har ditzan.

Arartekoak hala egin zuen eta gomendioa eman zion Funtzio Publikoari: «Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuari gomendatzen diogu neurriak har ditzan, euskaraz jakitea eskatzen duten lanpostuak betetzea helburu duten funtzio publikora sartzeko prozeduretan, izangaiek probak hizkuntza horretan egin ahal izan ditzaten».

Funtzio Publikoak baina ez du onartu Arartekoaren gomendioa, eta ondorengoa erantzun du: «Gogoan izan behar da epaimahai kalifikatzailea dela erantzule bakarra, eta berak zaindu behar duela hautaprobetako galdera-sorta, proba egin baino lehen. Galdetegia euskaraz egiteak esan nahi du osorik itzuli behar dela, eta, beraz, epaimahaiaz kanpoko beste organo baten esku utzi behar dela lan hori. Hori dela eta, litekeena da hautaprobak egin aurretik galdetegiaren edukia eskuratzea».

Funtzio Publikoaren arabera, deialdi publikoetako azterketak euskaraz egin ahal izateko itzulpengintza zerbitzuetara jo beharko litzateke, eta horrek tribunalak soilik duen informazioa beste norbaiten eskuetatik pasatzea ekarriko zuen, beraz, ez dute onartu gomendioa.

Gogoratu behar da Nafarroako Gobernuak besteak beste ondorengo lege betebeharrak dituela:

«Herritarrek euskara erabiltzeko duten eskubidea babestea eta hori betetzeko tresnak zehaztea» (Euskararen Legeko 1.1.a. artikulua.)

«Herritar guztiek administrazio publikoekiko harremanetan euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute» (Euskararen Legeko 6. artikulua).

Neurriak har ditzatela aitzakiak jarri ordez

Behatokiaren iritziz, «gai honekiko aterabiderik egokiena Tribunalean bertan euskararen ezagutza duten pertsonak ezartzea izango litzateke. Hala ere, ez ditugu ulertzen itzulpengintza zerbitzuen edo bestelako tresnen erabilera ez egiteko ezartzen diren aitzakiak».

Izan ere, «beste administrazio edo deialdi batzuetan gertatzen den bezala, administrazioko atal horiek informazio erabilerari buruzko araudi zorrotzak dituzte. Adibidez, Osasunbideak egiten dituen euskarazko komunikazioetan pazienteen datuak erabiltzen dira eta itzulpengintza zerbitzuek horiek behar bezala tratatzeko betebeharra dute» adierazi du Behatokiko zuzendariak.

Azkenik, Behatokiak Nafarroako Gobernuari eta Funtzio Publikoko Departamentuari eskatu die hautagaien hizkuntza-hautua errespetatzeko eta legeak aitortzen dizkien eskubideak bermatzeko neurriak hartu ditzatela lehenbailehen eta atzerapenik gabe.