Behatokiak Nafarroako musika eskola eta kiroldegi publikoetan euskarazko ikastaroen eskaintza bermatzea eskatu du

2023-09-05

Card image cap

Nafarroan udal gutxi dira euskarazko eskaintza egiten dutenak. Are, kasurik onenetan ere, haur txikiei bideratutako kirol ikastaroren bat edo txistua bezalako musika tresnen irakaskuntzari bideratutakoetan solik eskaintzen dira euskarazko ikastaroak, Iruñeko Udalaren kasuan adibidez. 

Legeak ezarritako eremu mistoan euskarazko eskaintza egiteko neurriak har daitezkeen arren, hainbat udalek ez dituzte aisian haur, gazte zein helduen hizkuntza eskubideak kontuan hartzen eta ez dute euskarazko eskaintza bermatzeko neurririk hartzen. Horrek, zerbitzu soziokulturalak, kirol zerbitzuak zein musika ikasketak gaztelaniaz egin behar izatera behartzen ditu herritarrak. 

Aisiari lotutako eskaintzan herritarren hizkuntza eskubideak kontuan hartzen ez badira, euskararen erabilera hezkuntza eremuan zokoratua geratzen da. Ondorioz, gizarteko beste espazioetan gaztelania edo bestelako hizkuntza hegemonikoak erabili behar dituzte herritarrek. Eguneroko hizkuntza ohituretan ere baldintzatze horrek eragin nabarmena du. 

Hartara, Nafarroako Arartekoak Eguesibarko Udala premiatu du kiroldegi eta musika eskola publikoetako eskaintzan euskarazko ikastaroak eskaintzeko neurriak har ditzan. Izan ere, udaleko euskararen ordenantzak 25 eta 26. artikuluetan jasotzen du «Musika Eskolan euskarazko musika ikasketen eskaintza abian jartzeko» beharra, baita «Udalak kirol, kultura, gazteria edo beste edozein arlotan eskaintzen dituen jardueretan zuzen erantzunen zaio herritar euskaldunen eskaerari». Udalak betebehar horiek izan arren, ez du artikulu horietan jasotakoa egikaritu. Kirol eskaintzan adibidez, haur txikiei bideratutako igeriketa ikastaroren bat izan ezik, eskaintza guztia gaztelaniaz egiten da eta musika eskolako eskaintza osoa ere gaztelaniaz izaten da. 

Izan ere, Eguesibarko Udalaren erantzunean aitortzen den bezala, ezin dute ordenantzak esandakoa bermatu plantilla organikoan ez dutelako ezarri euskararen ezagutzarik duen lanposturik. Baina 10 urtetan ez da inongo neurririk hartu. Bestalde, Arartekoak gogorarazten dio Udalari ezin duela esan ordenantza ez dela urratzen, euskaldunek ere kirol eskaintza jasotzen dutela argudiatuz, ordenantza hori euskararen erabilpenarekikoa baita eta ez kirol eskaintza herritar guztiei zabaltzearekikoa. Eta, udalak berak aitortzen duen bezala, euskarazko eskaintza ez da inondik inora bermatzen. 

Eguesibarkoa legeak ezarritako eremu mistoko hainbat udaletan euskararen aitortza ezak eta euskarazko zerbitzuen eskaintzak duen egoeraren isla da. Zenbait udalek ez dute Nafarroako hizkuntza eta herritarren berdintasunarekiko neurririk hartzen. Azkenik, beste hainbat udaletan euskarazko zerbitzuak bermatzeari begira hartutako neurriak epaitegietan baliogabetu direla ere gogorarazi nahi dugu eta beraz, egoera guzti hauek Nafarroako herritarren oinarrizko eskubideak mugatzen dituzte.