Nafarroan, enpresen lehiakortasuna herritarren eskubideen gainetik
2021-11-03
Duela hiru aste, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, Sortzen elkarteak eta ikastetxe ezberdinetako gurasoek Nafarroako Hezkuntza Departamentuari eskatu genion eskola garraioa zein bestelako zerbitzuetako esleipenetan haurren hizkuntza-eskubideak bermatzeko neurriak har ditzaten.
Horri erantzunez, Hezkuntza Departamentuak ondorengoak adierazi dizkigu:
- Lizitazioek gardentasuna eta aukera berdintasuna sustatzen dutela eta enpresen lehiakortasun eskumenari laguntzen diotela.
- Eskola garraioan, lehia askea ez mugatzeko, ezin dela euskararen ezagupena halabeharrez eskakizun baztertzailea izan, eta horregatik, kalitate/prezio hobeko eskaintzari esleitzen zaiola.
Beraz, argudio horien arabera, argi dugu Nafarroako Gobernuarentzat haurren hizkuntza-eskubideak eta jasotzen dituzten zerbitzuekiko kalitatea bestelako irizpideen atzetik daudela.
Beste behin, Nafarroako kontratazio publikoen legean (2/2018) hizkuntza irizpideak kontuan hartzea eskatzen dugu. Eta bide batez, Hezkuntza Departamentuari gogorarazi nahi diogu euskaraz ikasi nahi duten haurrei zerbitzuak euskaraz eskaintzeko duen betebeharra, zuzenean kontratatutakoak izan ez arren, Hezkuntza Sistema Publikoak eskaintzen dituen zerbitzuak baitira.