Otsaileko eta martxoko aipagarrienak
2023-03-31
2023ko otsailean eta martxoan zehar herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza-eskubideen urraketen lagin bat, lorpenak eta zoriontzeak jaso ditugu ondorengo taulan.
ZORIONTZEAK
» Natulim garbiketako produktuen enpresari, sare sozialetan iragarkiak euskaraz jartzeagatik.
» Gasteizko Eziolaza enpresari, iragarkiak eta webgunea euskaraz eskaintzeagatik.
» Leitzako Lopenea ostatuari, euskarazko arreta eskaintzeagatik.
» Gesinor prebentzio zerbitzuetako medikuari, euskaraz artatzeagatik.
LORPENAK
» Donostia Kultura programaren barruan, Schubert zikloko kontzertuetan, saioei buruzko informazioa esku-programa edo QR kode bidez euskaraz helaraziko zaio publikoari.
» Mutrikuko Udalak neurri zehatzak hartuko ditu TAO zerbitzuan euskarazko zerbitzua bermatzen dela ziurtatzeko.
» Eroskik txanda hartzeko makinetan euskara hautatzeko aukera gaituko du.
» DGTren mugikorrerako aplikazioan euskara traketsean azaltzen direnak zuzen ezarriko dituztela erantzun dute.
» Erakunde publikoen hainbat kartel eta dokumentazio zuzendu eta euskaraz jarri dira.
URRAKETAK
» Irungo Udalak Memoria Demokratikoaren Biltzarrean ez zuen euskararen presentzia bermatu eta parte hartzaileei “arrazoi politikoengatik” gaztelaniaz egin behar zutela adierazi zien.
» Euskaltel enpresak egindako dei eta lokuzioetan gaztelania erabili behar izana salatu da beste behin.
» Obra eta lan-publiko ezberdinetan jarritako seinaletika gaztelania hutsean ezartzen jarraitzen da.
» Ospitale ezberdinetan (San Eloy, Mendaro…) euskarazko arreta ez da uneoro bermatzen eta horrek herritarrak baldintzatzen ditu.
» AENAk iragarkiak gaztelania hutsean zabaltzen ditu.
» Euskal Hirigune Elkargoak frantses hutsean zabaldu du Oztibarreko hondakinei buruzko informazioa.
» Euskarara bikoiztutako haurrentzako filmak ez dituzte euskaraz eskaintzen Netflix edo Movistar Plus bezalako plataformek.
» Osatek-en webgunean euskara hautatu arren, eduki batzuk gaztelaniaz agertzen dira.
» Zornotzako osasun etxean, osasun-jarraibideak euskaraz eskatu eta ez daudela erantzun zaio herritar bati.
» Merkataritza zentro eta kateetan afixa gehienak gaztelaniaz daudela erakutsi dute herritarrek. (Donibane Lohitzunen, Bilbon, Leioan…)
» EHUko Ekonomiako euskarazko lerroko ikasleek salatu dute “Gastu Publikoa” ikasgaia gaztelaniaz ematera behartu dituztela.
» Kiroldegi eta kultur guneetan euskaraz iragarritako saioak gaztelaniaz egiten diren kasuak errepikatzen dira.
» Eskola kirolean, euskararen ezagutzarik ez duten arbitroek haurren hizkuntza erabilera baldintzatzen dutela salatu dute gurasoek.
» Tolosako ertzain-etxetik deitzean, gaztelaniaz egin behar zuela adierazi dio agenteak herritarrari.
» SEPEk Nafarroan komunikazioa eta arreta gaztelania hutsean eskaintzen ditu.
» Barakaldo eta Gasteizko udaltzainek ezin izan dituztela euskaraz artatu adierazi dute herritarrek.
» Triodos Bank-ek bezeroei ez die euskarazko informazioa helarazten.
» Osakidetzan euskarazko harremana nahi dela adierazi arren, osasun karpetako txostenak askotan gaztelaniaz agertzen dira.
» Ipar Euskal Herriko hainbat hotel eta ostatutan ingelesa eta frantsesa bermatzen dira baina euskararen arrastorik ez dagoela salatzen da.
» Zinema ezberdinen webguneetan ezin da euskara hautatu eta ondorioz sarrerak erdaraz erosi behar dira.
» EAEko udal batzuetatik baldintza kontratuak gaztelania hutsean helarazten dira.