Segurtasun Sailaren erabakiak herritarren eskubideak kaltetu ditzake
2022-11-16
Astelehenean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Udaltzaingoko bitarteko agenteen poltsa bat sortzeko (Oinarrizko Eskala eta C-1 Sailkapen Taldea) deialdia argitaratu zuen, azkenaldian udaltzaingoen kidegoan aldi baterako beharrak betetzeko arazoak omen zeudelako.
Argitaratutako deialdi honetan euskararen gutxieneko ezagutza egiaztatzea ez da nahitaezkoa izango, beste betebehar batzuk ez bezala (gidabaimena, gutxieneko altuera, batxilergoko titulua…). Gogoratu behar da deialdi honen aurretik egindakoan, euskararen ezagutza ziurtatzea derrigorrezkoa izan zela (B2 mailan), baina irailean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 2. epaitegiak baliogabetu egin zuen nahitaezkotasun hori. Une hartan Behatokiak egin zuen balorazioaren arabera, sententzia herritarren hizkuntza eskubideen aurkako eraso larria izan zen, eta eskubide urraketak betikotzeko arriskuaz ohartarazi zuen.
Hain zuzen ere, hori da oraingoan gertatu dena. Eusko Jaurlaritzak epailearen erabakiari errekurtsoa jarri bazion ere, argitaratu berri duen deialdi honetan udaltzainek euskara gaitasuna egiaztatzeko betebeharra ezabatzea erabaki du.
Gainera, lan-postu honetako hautagaien zeregin guztietan herritarrekin zein udaletako agintariekin harremanak izan beharko dituzte eta beraz, agente guztiek euskararen ezagutza ziurtatu gabe izateak, lan-poltsan herritarrekin euskaraz harremantzeko gai ez diren hautagaiak izatea suposatuko du. Horrek herritarren hizkuntza eskubideak eta zerbitzuaren kalitatea kolokan jar ditzake, baita segurtasunaren bermea kaltetu ere.
Behatokiak kezka agertu du Eusko Jaurlaritza behin betikoak ez diren erabakiak aplikatzen hastearekin, oraingoan bezala, erabakiak herritarren kaltetan joan daitezkeenean. Izan ere, egun udal zein herritarrek dituzten beharrei erantzun gabe jarraitzea suposatzen du, eta aurreko deialdietan eman diren eskubide urraketak errepikatzea ekarriko du, Behatokiak behin eta berriz salatu dituenak. Adibidez, udalek euskararen ezagutza duten agenteak eskatu arren, lan-poltsan euskararen ezagutza nahikorik ez duten agenteak soilik geratzea, herritarrak telefonoz zein presentzialki euskaraz komunikatu ezin izatea, euskaraz dakien agente batek artatzea nahi bada itxaron beharko duela esatea (herritarraren hizkuntza hautua baldintzatzea), segurtasunari dagozkion euskarazko idatzi eta jarraibideak ulertezinak izatea, eta abar luze.
Bestalde, Behatokiaren aburuz, zerbitzu egoki bat emateko ez da nahikoa agente gutxi batzuk soilik izatea euskararen ezagutza. Izan ere, agenteek euskarazko zerbitzu egokia bermatzeko gaitasunik ez izateak zerbitzu osoa baldintzatu dezake. Herritarren segurtasunaz ari gara, EAEko edozein udaletan euskarazko zerbitzua eskaintzeko gai izan behar dira hautagaiak hiztun kopuruari erreparatu gabe.
Azkenik, gogorarazi nahi dugu, lan-poltsen deialdiez gaindi, plazak ateratzerakoan ere derrigortasun data iraungi gabe duten lanpostuak ateratzen jarraitzen dela. Ondorioz, oraindik orain EAEko hainbat udaletan udaltzain plazak banatzen dira gutxieneko euskara gaitasuna egiaztatu gabe. Esan bezala, administrazioak bermatu beharko lituzkeen herritarren eskubideen kaltetan.