Urriko aipagarrienak

2024-11-06

Card image cap

2024ko urrian zehar herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza eskubideen urraketen lagin bat, lorpenak eta zoriontzeak jaso ditugu ondorengo zerrendan. Zuk ere intzidentzia bat bidali nahi badiguzu, erabili Euskararen Telefonoa

URRAKETAK

» Senpereko Herriko Etxeak euskaraz luzatutako aurrekontua frantsesez aurkeztu behar duela erantzun dio herritar bati.

» Nafarroako Merkataritza Erregistroan dokumentuak gaztelaniaz erregistratu behar dituela esan zaio enpresa bati eta erabaki hori errekurritu nahi badu urte bete itxaron beharko diola ebazpenari.

» Kutxabank Aseguruek telefonoz eskaintzen duten arretan ez da euskarazko arreta behar bezala bermatzen.

» Belateko portuan gaztelania hutsean ezarri dute seinaletika.

» Amazonek ez du euskarazko arreta ez mezurik onartzen eta beste hizkuntza batean idazteko eskatzen die bezeroei.

» Nafarroako Gobernuak euskararen ezagutza baloratu ere egin gabe deialdi publikoak egiten jarraitzen du.

» Euskal Eskubaloi Federazioaren euskarazko webgunean eduki asko gaztelaniaz daude.

» Osasunbidean ez dutela txosten klinikoa euskaraz jaso salatu dute.

» Bizkaia Zubiko pantailetako oharrak gaztelaniaz edo ingelesez daude, euskaraz ez.

» Decathlonek Belartzan duen dendan karteldegia gaztelania hutsean jarri du eta euskaraz ezarri beharra inposiziotzat jo du.

» Lizarrako García Orcoyen Ospitaleko hizkuntza paisaian euskarari ematen zaion toki urria salatu da.

» BECen antolatutako Egurtek ekimenean hitzaldi guztiak gaztelaniaz izan dira bertoko profesionalak ere gaztelania erabiltzera bideratu dituztelako.

» Lanbideko inkesta bat egiteko gaztelaniaz egin dizkiete deiak herritarrei.

» Donostiako Hiru Hondartzetako Krosaren aurtengo kamiseta gaztelania hutsean zegoela salatu dute (aurreko urtekoa elebiduna zen).

» Lidl enpresak Zarauzko supermerkatu berriaren iragarki liburua gaztelania hutsean zabaldu du.

» Hernaniko Ertzain Etxera deituta gaztelaniaz egiteko eskatu zaio herritarrari.

» Renfek Gasteiz-Iruñea ibilbideko trenean mezu eta ohar guztiak gaztelaniaz eman ditu.

» Pasai San Pedroko osasun etxeko harreran gaztelaniaz egin behar izana salatu dute herritarrek.

» Zarauzko pediatrak ez dakiela euskaraz eta ondorioz ez duela euskarazko arretarik eskaintzen salatu dute.

» Basauriko osasun etxeko larrialdietan ezin izan dutela arreta euskaraz jaso salatu du herritar batek.

» Herritar batek Ertzaintzako agente bati euskaraz artatzeko eskatzeagatik albo-kalte ondorioak jasan dituela salatu du.

» SADE zinemen webgunea ez dago euskaraz.

 

ZORIONTZEAK

» Bilboko La Taberna de Zarateko zerbitzariak euskaraz artatzeko ahalegina eta jarrera aktiboa izateagatik. Karteldegia eta webgunea euskaraz jartzera animatu ditu herritarrak.

» Gasteizko Aupa Tabernari, zerbitzari guztiek euskaraz artatzen dutelako. Karteldegia eta sare sozialak euskaraz jartzera animatu ditu herritarrak.

» Antsoaingo igerilekuetako tabernari, euskarazko arreta eskaintzeagatik.

» Bilboko Alde Zaharreko Emeki Kafeak-i, euskaraz artatzeagatik.

 

LORPENAK

» Forum Sportek bezeroei emailez bidalitako informazioa euskaraz ere ezartzeko neurriak hartuko dituela esan du.

» Ziordiako Galp gasolindegiak euskara txertatzen duen karteldegi berria eskatu du.

» Dentieder klinikak bezeroei whatsapp mezuak euskaraz bidaltzeko neurriak hartu ditu.

» Bizkaiko Foru Aldundiaren Olabe laguntza zentroan euskararen ezagutza duen atezaina ezarri dute.

» Izabako mezu-panel aldakorretan euskarazko mezuak txertatu ditu Nafarroako Gobernuak.

» Gasteizko autokarabanen eremuko jarraibideak euskaraz ezarri dira.

» Bilbo-Basurtuko ESIak aurreko hilabetean kexa agertu zuen herritarrari arreta psikologikoa euskaraz eskaini dio.