Urtarrileko aipagarrienak

2026-02-02

Card image cap

2026ko urtarrilean zehar herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza eskubideen urraketen lagin bat, zoriontzeak eta lorpenak jaso ditugu ondorengo zerrendan. Zuk ere intzidentzia bat bidali nahi badiguzu, erabili Euskararen Telefonoa.

URRAKETAK

» Osasunbideak herritarrak euskaraz abiatutako erreklamazioari gaztelania hutsean erantzun dio.

» Errenteriako Lartzabal osasun-etxean (Osakidetza) herritar batek ezin izan du urologoarekin kontsulta euskaraz pasatu.

» Osakidetzak Aulestia eta Gasteizko Aranbizkarrako osasun-etxeetan, euskarazko arreta eskatuta izan arren ez duela eskubidea bermatzen salatu dute herritarrek.

» Oñatiko osasun-etxean eta Egiakoan ez zela arreta euskaraz eskaintzen duen pediatrarik salatu dute.

» Zallako osasun-etxeko dermatologia sailean ez dute euskarazko arreta bermatu.

» Iberdrola enpresak hainbat prentsa euskarritan iragarkiak gaztelania hutsean ezartzen jarraitzen du, lege betebeharrak izan arren.

» Antsoaingo Laboral Kutxaren bulegoan herritarrari gaztelaniaz egiteko eskatu diote.

» BBK Azokaren webgunean euskara hautatu arren, online erosketako hainbat mezu gaztelaniaz agertzen dira.

» Eustaten inkesta bati buruzko zalantzak argitzeko ez da euskarazko telefono arreta bermatu langileak ez zekielako euskaraz.

» Gipuzkoako Gurutze Gorriak egindako telefono deian herritar batek ezin izan du euskaraz aritu.

» Iruñeko udaltzain agente izateko lan-deialdiko 5 lanpostuetan ez da euskararen ezagutzarik behar izan.

» Ortuellako tren geltokia berritzeko lanetako kartelak gaztelaniaz jarri dira.

» Irungo Sparta Sport Centerrek iragarki eta propaganda orria erdara hutsean ezartzen du.

» Barakaldoko Udalaren 2026ko Arte Eszenikoen Egitarauan eskaintzen diren 7 ikuskizunetik 2 baino ez dira euskaraz.

» Tuterako ospitalean seinaletika berri guztia gaztelania hutsean jarri dute.

» Herritar batek ezin izan du psikoteknikoko proben arreta euskaraz jaso.

» Herri ezberdinetan, obra zein bestelakoengatik jarritako kartel eta seinaleak gaztelaniaz jarri dituzte.

» Supermerkatu ezberdinetan arreta ezin dela euskaraz jaso salatzen jarraitzen dute.

 

ZORIONTZEAK

» Getxoko Igeldo Burdingintza dendari, arreta eta zerbitzuak euskaraz eskaintzeagatik.

» Iruñeko Caudal Iturgintzari, arreta euskaraz emateagatik.

» Arbizuko Olatzea Hoteleko langileari, etorri berria izanik, bezeroekin euskaraz aritzeko erakusten duen prestutasunagatik.

 

LORPENAK

» ETBko saio bateko ekoiztetxeak aurrerantzean galdetegiak euskaraz bidaliko ditu.

» Bardozeko Foyer de Bardos elkarteak sare sozialetatik inauterietako kartela euskaraz ere zabalduko duela agindu du.

» Eusko Jaurlaritzak Aralarko baliabideak antolatzeko planaren dokumentua euskaraz ere jarri du eskuragarri.