Urteko Txostena 2014 Baiona

2015-06-18

Card image cap

"Hizkuntza-eskubideen egoera Euskal Herrian 2014" txostenaren aurkezpenekin jarraituz, Ipar Euskal Herriari dagokion egoeraren berri eman du Garbiñe Petriati zuzendariak, Argitxu Etxandi lankideak lagunduta. Herritarren bultzadari esker egoera aldatzea posible dela esan du Petriatik. Txostena www.behatokia.eus webgunean ikus daiteke.

Herritarrek Euskararen Telefonoaren bidez Behatokira helarazitako gertaerekin (kexa, zoriontze eta iradokizunak) osatzen da urterik urte aipatu txostena. Jasotako gertaerek agerian jartzen dute gero eta gehiago direla euskaraz bizi nahi duten herritarrak eta gero eta determinazio handiagoarekin ekiten diotela euren nahi hori errealitate bihurtzeko jardunari, aitzitik, errealitateak ez die hori ahalbidetzen.
Behatokiko zuzendariak herritarrek, urraketak jasateak eragiten dizkien sentimenduen inguruan hitz egin du. “Urraketek herritarrari sentimendu ugari sentiarazten diote, bazterketa, nahigabea, amorrua, inpotentzia etab., esan du Petriatik.

2014an gertatutako kasu batzuen berri eman du Argitxu Etxandi Behatokiko kideak, herritarrek sentitzen dituzten nahigabeen adibide gisa.

“2010ean nire nortasun agiria berritzera joan nintzen Donibane Lohizuneko Herriko Etxera. Izan ere, nire deitura ñ batekin idazten da, eta horrela agertzen da nire familia liburuxkan. Baina, nortasun agirian nire deitura betidanik n-rekin idatzi dute. Berritzera joan nintzenean, nire benetako deitura agerrarazi nahi nuela adierazi nien, baina, programa informatikoak ez diela egiten uzten argudiatuta, berriz ere, n-rekin agertu da nire deitura. Geroztik, arazoa konpontzeko eskatzen diet, baina erantzuna berdina da eta nik, nortasun agiririk gabe segitzen dut. Haatik, pasaportean ñ-a agertzeko arazorik ez da izan. Herriko Etxeko langileek erantzun zidaten, 2012an egoerak aldatu behar zuela, eta posible izanen nuela nire deitura berreskuratzea, baina oraindik blokeatua naiz.”

Beste kasu bat ere aipatu dute: “SNCFren Hendaiako tren-geltokian seinaleak frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez baizik ez daude. Besteak beste ‘accès aux trains/ acceso a los trenes /acces to trains’, ‘billeterie/ taquillas/ ticket office’, ‘quai 1/ andén 1/ platform 1’, ‘toilettes/ servicios/ toilets’. Pantailetako mezuak ere berdin: ‘trains à l’arrivée/ llegadas de trenes/ train arrivals’, ‘sortie de trains /salidas de trenes/ departures’, ‘destination/ destino’, ‘provenance/ origen/ origin’, heure/ hora/ time’. Bestalde, triptiko eta paper guztiak frantsesez baino ez daude, treneko bidaia txartelak bezalaxe. Hendaiako tren geltokian ez dago euskararik inon”. 

Euskaraz bizi nahi duten herritarrak oztopoei aurre egiteko prest daudela nabarmendu dute agerraldian. Urraketen aurrean jarrera aktiboa hartzen baitute askok. SNCF tren konpainiari lotutakoak nabarmendu ditu Behatokiak eta azken urtean ikusi ahal izan dugu, adibidez, seinaletikari lotuta herritarrek egin zuten ekimena, frantses hutsean zeudenak Frantziara bidaliz. Gauza bera, azken urteotan Baxoa azterketa euskaraz egin ahal izateko egin diren ekimenak. “Herritarra oztopoei aurre egiteko prest dagoela ikusi dugu eta saiatzen da konponbidea bilatzen, egoera hori hobetzeko zerbait egiten”, esan du. “Horretarako laguntza eta elkartasuna bilatzen du, horrela jotzen du Behatokira. Elkarlanean aldaketa eragin”, esan du zuzendariak. 

“Euskaltzale aktiboak eragiteko tresna moduan ikusten du Behatokia”, nabarmendu du Petriatik. “Hainbatetan egoera aldatzea lortzen da eta argi dugu aldaketa txiki askoren ondorio izango dela  aldaketa handia”. Getariako Herriko Etxearen webgunea euskalduntzea lortu da, adibidez, hainbat herritarrek egindako eskaera kudeatu ondoren. Beste adibide bat ere aipatu dute: Capio Klinikan, herritar batek egindako kexa aintzat hartuz, harrerako hizkuntza-paisaia eta informaziorako esku-orria euskaratu dituzte.
Testuinguru orokor baten baitan ematen dira egoera hauek guztiak. “Urtez urte errepikatu dugun gauza bera esan beharrean gaude orain ere. Euskal Herriko eremu administratibo guztietan, arlo  publikoan zein sektore sozioekonomikoan gertatzen dira urraketak”.

Egoera horiek ez direla bere horretan sortzen ere esan du Petriatik; alegia, hizkuntza-eskubideen urraketa horien atzean erantzuleak daude eta hauen jarrera arbuiatu du Behatokiko zuzendariak. “Estatu frantsesaren kasuan, erantzukizun handia du hizkuntza-eskubideen urraketei dagokionean eta bere jarrera beste alde batera begiratzea da. Are gehiago, frantsesaren inposizioarekin jarraitzen du, euskaldunon hizkuntza-eskubideei muzin eginez”.

Euskaraz bizitzeko nahia egi bihurtu dadin, arduradun politikoei deia luzatu die Behatokiko zuzendariak, euren politiketan erroko aldaketa egin eta hizkuntza-eskubideak babesteko beharrezko neurriak har ditzaten. Eta herritarrei, abiatutako bidetik jarraitu eta hau intentsitate handiagoz egiteko gonbita ere egin die, “herritarren presioa areagotu behar da. Ahaldundu, ez utzi pasatzen bat bera ere”.

Baionan, 2015eko ekainaren 18an