Behatokiak dei egin die herritarrei hizkuntza eskubideekiko egoera bidegabe oro salatzera
2025-04-03
Behatokiak Hizkuntza Eskubideen Egoera 2024 txostena aurkeztu du Bilboko Euskararen Etxean, 2024. urtean Euskal Herrian zehar hizkuntza eskubideekiko eman diren gertakariak zein hutsuneak arloz arlo aztertzen dituena. Txostenaren aurkezpenean izan dira Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendaria eta Garbiñe Petriati teknikaria.
Normalizazioa, eskubide urraketak betikotzeko
Lehenik eta behin, Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak azaldu du: «2024. urteko hizkuntza eskubideen egoera aurreko urteetako hutsuneen isla ere bada. Euskararen Telefonoaren bidez jaso diren kasu hauek, batik bat, administrazio eta agintari publikoak jartzen dituzte fokuan, araudiez eta lege babesaz ere arduratzen direlako. Baina baita eremu sozioekonomikoko enpresa zein eragileak ere, esparru honetako joko-arauak ere botere publikoek erabakitzen dituztela kontuan hartu behar baitugu».
Gaubekaren iritziz, «2024an ezin genezake hitz egin egoera hobeaz». Balantzan gaztelera eta frantsesaren nagusitasuna argiak dira, eta idatziz zein ahoz euskaraz informazioa jaso edo euskara erabiltzeko ezintasun eta trabak daude euskararen lurralde osoan. Askotan, gainera, urraketa horiek betikotzeko saiakera atzeman da jasotako kexei emandako erantzunetan, Behatokiko zuzendariaren esanetan: «herritarrak gaztelera eta frantsesa erabiltzera bultzatzen eta euskarazko arreta ez emateko trikimailu legalak legitimatzen jarraitzen dute erakundeek, urraketei emandako hainbat erantzunetan».
Garbiñe Petriati Behatokiko teknikariak eskaini ditu erakundeak bildutako datuak. 2024an, guztira 1.206 intzidentzia jaso ziren Behatokiak eskaintzen duen Euskararen Telefonoaren dei zein zerbitzu telematikoen bidez. Iazko balantzea osatu duten intzidentziak izan dira 1.112 kexa, 62 zoriontze eta 32 kontsulta, iradokizun edo bestelako. Petriatik gogora ekarri du kasu hauek errealitatearen lagin txiki bat besterik ez direla, eta egunerokoan herritarrek salatu gabe gelditzen diren urraketak zenbaezinak direla.
Jarraian, Hizkuntza Eskubideen Egoera 2024 txostenaren ataletan jaso diren eskubide urraketa eta atzerapauso nabarmenenak laburbiltzen dira. Txosten osoa hemen jaitsi daiteke.
Hizkuntza eskubideen egoera eremu publikoan
Espainiako Estatuaren administrazioan, joera izan da egun indarrean dagoen ofizialtasun bikoitza ez errespetatzea, euskarazko zerbitzuekiko betebeharrak finkatu gabe. Horrela, euskalduna babesik gabe geratzen da hizkuntza eskubidea errespetatzeko eskatzen duenean. Beste urte batez, justiziaren administrazioa eta Espainiako Gobernuak kudeatutako enpresa publikoak izan dira kexa gehien jaso dituztenak.
Frantziako Estatuaren administrazioek euskararen aitortza ezaren bidetik jarraitzen dute. Nolabaiteko aitortza kulturala eman arren, hezkuntzan euskarazko irakaskuntzak oraindik dituen oztopo nagusiak aitortza ukazio horren adierazgarri dira, baina baita, hainbat esparrutan, euskararen presentzia eza ere. Aitortza eta baliagarritasuna duen hizkuntza bakarra frantsesa izaten jarraitzen den artean, gutxiagotutako hizkuntzetako herritarren ukazio sistematikoa egiten jarraitzen da.
Euskal Hirigune Elkargoa, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuaren kasuan ere, aurreko urteetako egoerak gainditu gabe jarraitzen da. Euskaraz zerbitzuak jaso, euskaraz kontsumitu, euskaraz ikasi eta orokorrean euskaraz bizitzeko bermeak, eta ez-betetzeen aurrean neurriak hartzea falta direla erakusten dute Behatokira herritarrek helarazitakoek.
Erakunde horiek hainbat eskumen izan arren, gazteleraren eta frantsesaren hegemonia ezartzen, eta herritarrak hizkuntza horiek erabiltzera bultzatzen dituzten egoerak eta mugak legitimatzen jarraitzen dute urraketei emandako hainbat erantzunetan. Horrela, hizkuntza politika egoki bat garatzearen beharra erakusten da 2024ko txostenean jasotako kasuetan ere. Ohikoa bilakatu da behin eta berriz zerbitzuak euskaraz eskatzen ibili beharra, eta hala adierazita izan arren erdara erabili behar dutela erantzutea, edo euskaraz egin nahi izateagatik atzerapenak zein bestelako oztopoak gainditu behar izatea.
Kasu gehienen muinean dagoen gaia erraz identifikatu daiteke, beraz: euskara erabiltzea bermatu ahal izateko, beharrezkoa da eskubide horren beste aldean dagoenak euskararen ezagutza izango duela bermatzea. Erdibideko neurriek urraketa eta hutsuneak kronifikatzera daramate.
Toki entitateetan ere, hainbatek gertutasunetik herritarrei euskaraz bizitzeko aukera bermatzeko ahaleginak egiten dituzten arren, beste hainbatetan toki entitateetako alor ezberdinetan hizkuntza eskubideak integratu gabe jarraitzen da. Halaber, beste administrazio batzuetan hartzen diren erabakiek, edo judizializazioaren bidez eragindakoek ere, ondorioak dituzte toki entitateetan.
Hizkuntza eskubideen egoeraren gaineko kezka nagusiak
Orokorrean, espazio publikoan osasungintza, segurtasuna edo zaintzari lotutako zerbitzuetan euskaraz jardun ahal izateak herritarren kezka nagusietako bat izaten jarraitzen du, eta herri eta hirietako paisaia linguistikoarekiko ere oraindik egiteko daudenak adierazgarri dira, esaterako, Nafarroako Gobernuaren kasuan.
Hezkuntzari dagokionean, batik bat Ipar Euskal Herrian zein Nafarroako Foru Erkidegoan euskararen irakaskuntza hedatzeko oztopo berdinekin jarraitzen dela ondorioztatu du Behatokiak. Halaber, Euskal Herri osoan Lanbide Heziketa bezalako alorretan eskaintza ezak edo unibertsitateetako eskaintza mugatuak herritarren kexa eta protestak jaso ditu. Kezka berezia sortzen du hezkuntzako eskaintza merkatu parametroen arabera mugatzeak, ez baita kontuan hartzen hizkuntza eskubideen errespetua eskubide unibertsal bezala landu beharra dagoela hezkuntzan. Izan ere, eskaintzarik ez dagoen lekuetan asko zailtzen da eskaera sortzea. Horrexegatik, euskara gutxiagotutako hizkuntza dela kontuan hartuta, ezinbestekoa da abiaburutik eskaintza sustatzeko neurri bereziak hartzea.
Hizkuntza eskubideen egoera eremu pribatuan
Eremu sozioekonomikoari dagokionean, aisialdia barne, euskara ofiziala ez den eremuetan enpresa gutxi dira hizkuntza eskubideei aitortza egiten dietenak. Baina ofizialtasuna ezarrita dagoen eremuetan ere erabiltzaile eta kontsumitzaileen araudietan enpresekiko betebehar zehatzak ez ezartzeak ondorio zuzenak izaten ditu bezero eta kontsumitzaile bezala jasandako urraketetan.
Enpresen ekosistema aldatzen joan den heinean, hiztunen eskubideen aitortza merkatu arauetara eta estatuetako araudietara mugatzen duten multinazional eta enpresekin egiten dute topo herritarrek. Hori horrela, 2024an ere, bezeroen kexei entzungor egiten jarraitu dute hainbat enpresek. Beraz, araudi propioak sendotu eta bezeroen eskubideak blindatzea beharrezkoa izango da hurrengo urteetan.
Eskubideen bermea, erakundeen erantzukizuna
Behatokiaren iritziz, erakundeetatik hartzen ez den erabaki bakoitzak edo bermeen kontrako erabaki bakoitzak ondorioak ditu, eta ez bakarrik gaur egungo urraketen betikotzean. Baita ere gutxiagotutako hiztun komunitate bezala euskaldunek bizi duten berdintasun ezean, edota herritarren ongizatean, segurtasunean, osasunean, zaintzan… Azken finean, zerbitzu publikoen kalitatea dago jokoan. Era berean, erabaki horiek eragina dute administrazioaren baliabideen eraginkortasun eta efikazian, eragile eta entitate ezberdinen erantzukizun sozialean, edota eremu sozioekonomikoan euskarak duen prestigioan eta bezeroen aitortzan.
«Gizarteko esparruaren arabera, hizkuntza eskubideek ere gure bizitzak gidatzen dituzte, eta gure txikitasunetik Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean adierazitakoak gizartearen oinarri ukiezin izatea nahi badugu, beharrezkoa da egungo parametroetatik haragoko bermeak, justizia eta berdintasuna eskaintzea herritarrei» adierazi du Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak.
«Bide horretan, argi adierazi nahi dugu: hizkuntzak ez dira hiltzen, hizkuntzak hiltzen dituzte. Lege-babes egokia eman gabe, hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak eta baliabide egokiak ezarri gabe, hizkuntza eta hiztunak bigarren mailakotzat joz, beste hizkuntza batzuei baino balio sozial txikiagoa emanez» gehitu du.
Behatokiaren iritziz, azken urteetan euskalgintzak euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia izendatu duenaren atzean, hizkuntza eskubideen, gutxiagotuen aitortzaren, hiztunen arteko berdintasunaren zein minorizatutako hizkuntzekiko erreparazio neurrien ukazioa daude.
Hori horrela, Behatokiak dei egiten die Euskal Herri osoko herritarrei euskararen normalizazio ezaren adierazgarri diren egoera bidegabe guztiak azaleratu ditzaten: eskubide urraketak onartu beharrean, hauek desnaturalizatzera, problematizatzera. Isildu beharrean, salatzera.