Hizkuntza eskubideak urratzeak zerbitzu publikoen kalitatea eta herritarren ongizatea kaltetzen ditu
2026-03-24
Behatokiak Hizkuntza Eskubideen Egoera 2025 txostena aurkeztu du Gasteizen, Izaskun Arrue Kulturgunean, 2025. urtean Euskal Herrian zehar hizkuntza eskubideekiko eman diren gertakariak zein hutsuneak arloz arlo aztertzen dituena. Txostenaren aurkezpenean izan dira Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendaria eta Garbiñe Petriati teknikaria.
Lege betebehar falta, aurrerapauso ezaren atzean
Aurkezpenari hasiera emanez, Agurne Gaubeka zuzendariak gogora ekarri du aurten Behatokiak 25 urte beteko dituela hizkuntza eskubideen defentsan, eta foko berezia jarri nahi izan du «lege betebehar faltak eragindako egoeretan». Izan ere, argitu du «azken urteetan araudietan lege betebehar falta edo lege betebehar lausoa izateak euskara erabiltzeagatik zapalkuntzak eragin» dituela, eta, «askotan, hizkuntza eskubideekiko jarduna borondateen araberakoa» izaten dela.
Gaubekaren iritziz, «horren adierazgarri da Euskararen Telefonoan jasotako hainbat urraketari erantzunik ere eman ez izana eta 25 urte hauetan eremu batzuetan aurrerapauso nabarmenik eman ez izana, herritarrek salatutako egoerak behin eta berriz errepikatuz».
Segidan, Garbiñe Petriati Behatokiko teknikariak eskaini ditu erakundeak bildutako datuak. 2025ean, guztira 984 intzidentzia jaso ziren Behatokiak eskaintzen duen Euskararen Telefonoaren dei zein zerbitzu telematikoen bidez. Horietatik 883 kexak izan ziren, hizkuntza eskubideen urraketen berri eman zutenak. Era berean, 69 zoriontze eta 32 kontsulta, iradokizun edo bestelako ere izan ziren. Petriatik gogora ekarri du kasu hauek errealitatearen lagin txiki bat besterik ez direla, eta egunerokoan herritarrek salatu gabe gelditzen diren urraketak zenbaezinak direla.
Jarraian, Hizkuntza Eskubideen Egoera 2025 txostenaren ataletan jaso diren eskubide urraketa eta atzerapauso nabarmenenak laburbiltzen dira. Txosten osoa ikusgai dago www.behatokia.eus webgunean.
Hizkuntza eskubideen egoera administrazio publikoan
Euskal Hirigune Elkargoa, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuaren kasuetan, herritarrek berariaz informazioa eta tramiteak euskaraz nahi dituztela adierazten ibili behar izaten dute oraindik ere. Zenbait lanpostu publikotan euskararen ezagutza ez izateak zerbitzua bera ez ezik, sistema osoak ere euskaraz funtzionatzeko izan behar lukeen gaitasuna oztopatzen du, eta azpikontratatutako zerbitzuetan, berriz, hizkuntza betebeharrekiko klausulak falta dira, edo ez-betetzeak kontrolatzeko mekanismoak.
Espainiako Estatuaren administrazioari dagokionean, azaleko aldaketa batzuk egin diren arren, praktikan euskararen aitortzak bigarren mailan egoten jarraitzen du, eta herritarrek, euskaraz aritu direnetan, eragozpenak jarri izana salatu dute. Kasu honetan ere, euskararen ezagutza nahitaezkoa ez izateak sistema osoan hizkuntza eskubideen bermea eragozten du.
Frantziako Estatuaren administrazioen ukazio sistematikoak, bestalde, bertako hizkuntza eta hiztunen eskubideen zapalkuntza erabatekoa eragiten du. Jasotzen dituzten zerbitzu publiko gehienak euskaraz jasotzeko ezintasuna salatu dute herritarrek, eta, horrez gain, justizia, hezkuntza edo osasungintzan baita albo-kalte ondorioak ere. Ez da kalitatezko zerbitzu publikoa izateko eskubidea behar bezala bermatzen, ez baitira planteatzen euskara erabiltzeko tresna edo neurri egokiak. Aitortza ezaz harago, euskara erabiltzeko debekuen isla ere izan dira jasotako intzidentziak.
Hain zuzen, justizia sistemaren alorrean Ipar Euskal Herrian 2025ean izan diren gertakariek hizkuntza eskubideen ukazioa eta defentsa eraginkorrerako eskubidearen urratzea azpimarratu zuten. Espainiako Estatuko administrazioaren pean dagoen justizia sistemaren funtzionamenduak ere gaztelaniaz izaten jarraitzen du, herritarren hizkuntza hautua zein kalitatezko justizia izateko eskubidea uneoro baldintzatuz. Baina, Eusko Jaurlaritzak eskuratutako justiziako eskumenetan ere, hizkuntza eskubide urraketa nabarmenak egiten jarraitzen da eta jardun gehiena gaztelaniaz egiten da. Euskaraz jarduteko proba pilotuak eta euskara planean ezarritakoak ez dira nahikoak EAEko justizia euskalduntzeko.
Toki entitateetan ere, erdaraz lan egiteko ohiturek eta euskararen ezagutzarik ez duten lanpostuek urraketak urtero errepikatzea eragiten dute, baita euskara ofiziala den herrietan ere. Kexak bideratu ostean zuzenketak egiten diren arren, aldi baterako seinaletika eta hizkuntza paisaiak kexa iturri izaten jarraitu du. Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan bereziki, sistemak euskaraz gaituta ez egoteak, euskararen ezagutza faltak edo euskarari bigarren mailako izaera emateak herritar horiengana erdaraz zuzentzea eragiten du, eta arreta eta informazioa zerbitzuak gaztelaniaz edo frantsesez nahi dituzten herritarren baldintza berberetan jaso ezina.
Hizkuntza eskubideen egoeraren gaineko kezka nagusiak
Hizkuntza eskubideen urraketa errepikakorrek osasungintza beraren kalitatean duten zuzeneko eragina izan da herritarrek adierazitako kezka nagusietako bat. Orokorrean, espezializazioetan zein eremu edo herri eta hiri batzuetako osasun etxeetan euskarazko arreta jasotzeko ezintasunak gero eta handiagoak izaten ari dira. Euskararen ezagutzarik ez duten profesionalen hizkuntza hautua gailentzen ari da, eta horrek herritarra babes gabe uzteaz gain, osasun sistemaren kalitatean ere zuzenean eragiten du.
Era berean, segurtasunari edo zaintzari lotutako zerbitzuetan euskaraz jardutean albo-kalte ondorioak jasatea eta ziurgabetasuna ere nabarmendu dituzte herritarrek. Izan ere, larrialdi egoeretan euskaraz ongi komunikatu ahal izatea segurtasun eta integritatea bermatzeko ezinbestekoa da.
Hezkuntzari dagokionean, euskaraz ikasteko eskubideak tamalez 2025eko txostenean ere nahitaezko tokia hartu du. Ipar Euskal Herrian baxoaren azterketa euskaraz egin ezina, Nafarroan D ereduak irekitzeko dauden oztopoak edo lurralde guztietan Lanbide Heziketan dagoen euskarazko eskaintza urria urte honetan ere mantendu egin dira. Unibertsitateetan ere euskarazko eskaintza urriagoa da.
Hau horrela, nabarmentzekoa da hezkuntza komunitate osoak euskararen ezagutza izateak eta euskaraz ikasteak hezkuntza sistema bera ez ezik, jendarteko bestelako sektoreen euskalduntzea ere ahalbidetuko lukeela; osasungintza, adibidez.
Hizkuntza eskubideen egoera eremu pribatuan
Eremu sozioekonomikoari dagokionean, aisialdia barne, oinarrizko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresek bezeroei arreta eta informazioa euskaraz bermatu gabe jarraitzen dute, baita lege betebeharrak dituzten eremuetan ere. Izan ere, lege babes egokia eta horri lotutako neurri eta plangintzak falta dira. Merkataritza handi eta kateek erabiltzen dituzten makina eta teknologia berriekiko kexak ere ugaritu egin dira, eta ostalaritza eta merkataritza txikian euskara erabiltzean erantzun desegokiak ere nabarmendu dituzte herritarrek. Hain zuzen, atzerriko hizkuntzen presentzia euskararena baino handiagoa izaten dela salatu izan da.
Euskaraz bizitzea, bigarren mailako beharra
Txosten honetan jasotzen diren intzidentzia eta irakurketa askok egoera eta hizkuntza eskubideen aitortzak aurrerapausorik gabe edo atzerapausoekin jarraitzen dutela erakusten dute. Hizkuntza eskubideak behar bezala ez aitortzeak edo berme faltak, hizkuntzaren beraren irakaskuntzan, erabileran zein etorkizunean ere eragin zuzena du, beraz, larrialdi linguistikoaren diagnostikoarekin bat egin du Behatokiaren irakurketak. «Araugintzan errotiko aldaketak planteatu, baliabide material zein ekonomikoekiko inbertsio nahikoa egin eta neurri bermatzaileak oinarri bezala ezarri ezean, azken hamarkadetan gertatu diren egoera berdinek errepikatzen jarraituko dute. Herritarrek jada gaindituak beharko lituzketen egoerak pairatzen jarraituko dute», nabarmendu du Behatokiko zuzendariak.
Ez hori bakarrik; atzerapausoak emateko arriskua gero eta nabarmenagoa da. Izan ere, Gaubekaren hitzetan, «herritarrek egunerokoan dituzten zeregin eta inguratzen dituzten ekintza guztietan euskara erabili, euskaraz informatuak izan edo euskaraz ikasi eta lan egitea bigarren mailako behar bezala hartzen da gizarteko hainbat gunetan. Euskaraz bizitzeko determinazioa tinko mantentzea euskara ez dakitenekiko eraso bezala hartzen da zenbait esparrutan, eta, ondorioz, espazio batzuetan erabakiarekin aurrera jarraitzeak ondorioak izaten ditu herritarrarentzat».
Era berean, 2025. urtean hizkuntza eskubideen urraketen aurrean administrazio, enpresa zein eragile ezberdinek ematen dituzten erantzunetan jarri du fokoa txosten honek: erantzun txarrez harago, urraketa baten aurrean ez erantzutea edo bestelako lehentasunak daudela erantzutearen arazoa, esaterako. Horien artean, «Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailetik jasotakoak nabarmendu nahiko genituzke», gehitu du. Izan ere, erantzun hauek hizkuntza eskubideak bermatzeari begirako araudi marko eta neurri berriak eskatzen dituztela argi erakusten dute. «Esparru publiko zein pribatuan arazo eta helburu anitzak daude, baina, justiziazko jendarte berdinzale bat nahi bada, oinarrizko giza eskubideen aitortzak gure erakunde eta enpresen oinarrizko ezaugarri eta adierazle izan behar du, egiten dugun jardueraz harago, pertsona eta kolektibo bezala gure ongizatea eta aitortzaz ari garelako».
Hori horrela, Behatokiak dei egiten die Euskal Herri osoko herritarrei hizkuntza eskubideen urraketez jabetu, Euskararen Telefonoa erabiliz ahaldundu eta antolatzera, eta euskaltzale aktibo izatera. Halaber, Euskalgintzaren Kontseiluak ekainaren 13an Iruñean deitu duen Euskaltzaleen Martxari atxikimendua adierazi dio eta euskaltzale guztiak bertaratzera deitu du, euskarak etorkizuna izan dezan behar den pizkunde berria eragiteko.
Albiste gehiago
[iritzia] Ofizialtasuna berdintasuna da
2026-03-10
Otsaileko aipagarrienak
2026-03-03