Uztaileko aipagarrienak
2022-08-01
2022ko uztailean zehar herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza-eskubideen urraketen lagin bat, lorpenak eta zoriontzeak jaso ditugu ondorengo zerrendan.
KEXAK
» Bezeroak komunikazioak euskaraz nahi dituela adierazita izan arren, EUSKALTELen izenean egindako deietan ez dute euskarazko arreta eskaintzen.
» Baionako festen egitaraua eta webgunea ezin dira euskaraz kontsultatu.
» Nafarroako BM denden email eta sms mezuak gaztelaniaz helarazten zaizkie bezeroei, euskara hautatua izan arren.
» DEPORTIVO ALAVES futbol taldearen euskarazko twitter kontuan ez da informazio guztia euskaraz ematen.
» BBK Live jaialdiaren milaka edalontzitan hainbat hizkuntzatan ageri da mezua. Bada, gaztelaniazko leloa nagusitzen da tamainan, eta euskarazkoa atzerriko hizkuntzen pare jartzeaz gain, oso trakets eta era zabarrean agertzen da.
» Tuterako Hizkuntza Eskolan euskarazko taldeak 6tik 3ra murriztuko ditu Nafarroako Gobernuak.
» RENFEk Bilbon ez du euskarazko arreta bermatzen.
» Estatuko erregistro elektronikoan euskarazko aukera dagoen arren, orrialdea gaztelaniaz mantentzen da eta dena gaztelaniaz bideratzen da.
» “Gasteiz on” merkataritza elkarteak gaztelania hutsean zabaldu die gutuna herritarrei.
» Iruñeko Udaleko igerileku publikoetan ez dago ia euskararen presentziarik (karteldegia, megafoniako mezuak…) eta haurrentzako udako igeriketa-ikastaro denak gaztelaniaz egingo dira.
» LANBIDEren lan-eskaintzak guztiz ulergaitzak dira euskarazko webgunean.
» FNACek ez ditu karteldegi eta bestelako euskarrietan bezeroen hizkuntza-eskubideak kontuan hartzen.
» Hainbat hegaldi-konpainiek ez dute euskara kontuan hartzen informazioa hizkuntza ezberdinetan eskaintzerakoan.
» OSAKIDETZAko arreta-zerbitzu batzuetan ez da behar bezala bermatzen gaixoaren euskarazko hizkuntza-hautua.
ZORIONTZEAK
» Orioko Boga-Boga taberna, euskarazko arreta eskaintzeagatik.
» Durangoko Muga taberna, bezeroentzako euskarazko prentsa izateagatik.
» Landetako Reasol-Levieux kanpina, erreserba euskaraz egin ahal izateagatik.
» Artiach gailetak, Sanferminetako iragarkian euskara txertatzeagatik.
» Aiarako Adigrafik enpresa, zerbitzu guztiak eta webgunea euskaraz izateagatik.
» Basauriko Arrate decoración enpresa, arreta eta webgunea euskaraz izateagatik.
LORPENAK
» Eroskik ohartarazpenak bidali ditu Euskal Herrian dituen gasolindegi guztietara, karteldegia hizkuntza ofizialetan jarri behar dutela jakinarazteko.
» Zurich aseguru-etxeak polizak euskaraz jasotzeko aukera jarri du.
» Hainbat udalek euskarazko kartelak jarri edo traketsak zuzentzeko neurriak hartu dituzte.
» Nafarroako Gobernuaren kultura, kirola eta aisia sustatzeko kanpainako euskarazko mezu traketsak zuzenduko dituzte
» Irungo anbulatorioan ordezko profesionalei prestaketa ematen hasi dira euskaraz egiteko gai izan daitezen.