Ipar Kurdistanen egindako Kurduen Hizkuntzaren Sinposioan parte hartu du Behatokiak
2024-05-23
Maiatzaren 18 eta 19an Wan-en (Ipar Kurdistan) izan diren "Hizkuntza Kurdoaren politika, plangintza, hezkuntza eta estatus juridikoa" jardunaldietan nazioarteko gonbidatu izan da Hizkuntz Eskubideen Behatokia. Euskal Herrian euskarak duen estatusaren inguruko azalpenak, hizkuntza eskubideen egoera zein eremu ezberdinetan ditugun oztopo eta erronkak azaldu zituen Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak.
Jardunaldietan besteak beste, hizkuntza eskubideak nazioarteko sistema juridikoan, hizkuntza eskubideak Turkian eta hizkuntza kurdoaren egoera eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hizkuntza eskubideen babesean duen eragina bezalako gaiak ere azaldu ziren.
Hizkuntza eskubideen defentsan, gutxiagotutako hizkuntza eta herri bezala elkarren arteko harremanak sendotu, elkartasunez jardun eta etorkizunean elkartruke ezberdinak aurrera eramateko konpromisoa hartu dute bertan batu zuren eragileek, Behatokiak barne.
Bertako prentsak bi elkarrizketa egin dizkiote Agurne Gaubekari, InfoWelat eta Mezopotamya hedabideek.
Lehenengoa ingelesez irakurri daiteke esteka honetan: Agurne Gaubeka: We need a restorative model that repairs all the injustices
Bigarrena kurdueraz argitaratu da (ikus jatorrizkoa), eta behean irakurri dezakezue euskaratutako bertsioa:
________
«Kurduek ez dute ofizialtasunaren bidea galdu behar»
Wan, 2024ko maiatzaren 22an
Agurne Gaubeka Erauskin, euskal herritarra, hizkuntza-eskubideetan aditua eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria da. Maiatzaren 18an eta 19an Wan-en ospatu zen Egitim Sen-eko Kurduen Hizkuntzaren Lehenengo Sinposioan parte hartu zuen, eta borroka luze eta zail baten ondoren bere identitatea mantendu duen hizkuntzaz (euskaraz) aritu zen, bere esperientziak partekatuz. Mezopotamya Agentziari gaiaren inguruan hitz egin dio.
Hizkuntzak ofizialak izan behar dira
Gaubekak azpimarratu zuen hizkuntzak eta gizarteak ezin direla bereizita baloratu eta esan zuen hizkuntza ez dela giza eskubideen auzi gisa bakarrik ikusi behar, baizik eta nazio baten existentzia eta ez existentzia auzi gisa ere tratatu behar dela. Gaubekak kurduen hizkuntzaren aldeko borrokan jarri zuen arreta, eta aipatu zuen kurduek «ez dutela ofizialtasunaren bidea galdu behar».
Gaubekak hizkuntza politikaren arlora eraman zuen eztabaida, eta azpimarratu zuen Euskal Herriak bere hizkuntzan hitz egiteko borrokatu duela hezkuntza eta bizitzako maila guztietan, eta erakunde zibil eta hainbat alderdi politikok borroka hori ere babestu dutela.
Kurdistango presioak
Gaubekak euskaldunen eta kurduen berezko hizkuntzen aldeko borrokak eta estatu dominatzaileen jarrerak konparatu zituen, eta argitu zuen Kurdistanen presioak gogorragoak direla. Gaubekaren hitzetan: «Hizkuntza gizarte bat ere bada eta ezin dituzu banandu. Euskal Herria eta Kurdistan konparatu nituenean, hemen presio handiagoak sentitu nituen. Badira desberdintasunak euskararen eta kurduen hizkuntzaren artean. Guk hizkuntza batu bat dugu, baina kurduek beraien artean oso ezberdinak diren dialekto asko dituzte. Estatuaren presioekin batera, kurduak zein dialektotan hitz egin behar duten ere eztabaidatzen ikusi ditut. Egia da hau erronka bat dela. Esan dezaket honek eragin handia izan duela nigan».
Teknologia eta hizkuntzaren babesa
Gaubekak azpimarratu zuen aurrera doan teknologiaren aurrean, hizkuntza babesteko baliabideak behar direla. «Bereziki hizkuntza gutxituak babesteko baliabideak behar dira. Jakina, hizkuntza babesteko estatuen laguntza ere behar da. Hizkuntza gutxitu guztiek estatus bat izan behar dute. Hizkuntza gutxituak hizkuntza hegemonikoen eta teknologiaren aurrerapenaren aurrean babestu behar dira. Estatuen interesengatik, ez dut uste nazioarteko erakundeek beren rola eta misioa betetzen dutenik arlo honetan. Turkia eta Espainia dira honen adibiderik onenak» azpimarratu zuen.
Gaubekak esan zuen hizkuntzaren aldeko borroka ezin dela mugatu eta borroka horren parte bakoitzak bere izaera duela. «Horretarako, sinposioak, lantegiak eta ikerketa zabalak egin behar dira. Ikerketa hauek borroka tresna garrantzitsuak dira hizkuntzaren alde. Ikerketa hauek egiten direnean, herriaren parte-hartzea, herri dinamika eta pertsona bakoitzaren kontzientzia funtsezkoak dira. Modu horretan bakarrik lor daiteke arrakasta» gaineratu zuen.
Albiste gehiago
Azaroko aipagarrienak
2024-12-05