Abenduko aipagarrienak
2025-01-08
2024ko abenduan zehar herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza eskubideen urraketen lagin bat, lorpenak eta zoriontzeak jaso ditugu ondorengo zerrendan. Zuk ere intzidentzia bat bidali nahi badiguzu, erabili Euskararen Telefonoa.
URRAKETAK:
» Baionako polizia etxetik frantses hutsean helarazten dituzte isunen berri emateko gutunak.
» Osakidetzak eta Irungo Udalak antolatutako hitzaldien kartela gaztelania hutsean zabaldu zen.
» Nafarroako Gobernuak gaztelaniaz soilik zabaldu zuen Departamentu ezberdinetan euskarazko profila duten lanpostuak ezarriko dituela iragartzeko berria.
» Bouygues higiezin agentziak frantses hutsean eskaintzen die informazioa bezeroei.
» Nafarroako Gobernuarena den Larra-Belagua eski estazioan jakinarazpen eta informazio guztia gaztelania hutsean ematen dute.
» Mutami elkartasun aseguru etxeak frantses hutsean informatzen ditu bezeroak.
» Izarrako Osakidetzako lehen arretako medikuak ez daki euskaraz eta, beraz, kontsultak gaztelaniaz pasatu behar dira.
» Irungo Udalak antolatutako Eguberrietako argiak pizteko ekitaldian euskarak izan zuen presentzia ia deuseza salatu dute hainbat herritarrek.
» Euskararen Hirigune Elkargoko uraren faktura frantsesez heldu zaiola salatu du herritar batek Baionan.
» GUUK telekomunikazio enpresako kobruen atalean ez dute euskaraz artatzen eta gaztelaniaz egiteko eskatu diote bezeroari.
» Baionako Bonnat-Helleu museoak Bayonne Mag aldizkariarekin batera banaturiko gehigarria ia osoki frantsesez idatzia da.
» Bilboko Udalaren informatika zerbitzuetan ezin izan dute langilea euskaraz artatu.
» Usansoloko ospitalean medikuak euskaraz artatzea nahi zuela eskatzeagatik ordu bete gehiago itxaron behar izan du herritarrak.
» Eroskiren iragarkia gaztelania hutsean heldu da Azpeitiko etxeetara.
» Azpeitiko Clarel katearen dendan kartel guztiak gaztelaniaz daude.
» Bezero batek Bilboko Perro Chico tabernan euskaraz eskatzeagatik ez zutela artatu eta erantzun kaskarrak izan zituela salatu du.
» Donostiako SADE zinemen webgunea oraindik ez dute euskaratu.
» TVEk elkarrizketan euskaraz egin ahal izatea ukatu zion haur bati Artaxoako Laia lasterketan.
» Osakidetzan bi urteko haurrari ezin izan diote audiometria froga egin grabazioak gaztelania hutsean dituztelako.
» Movistar Plusek euskaraz dauden haurrentzako filmak gaztelaniazko bertsioetan soilik eskaintzen ditu bere plataforman.
» Aiegiko Udalak Gabonetako argietatik «zorionak» hitza kendu du.
» Kutxabankek gaztelania hutsean erantzun zion bezero batek euskaraz egindako erreklamazioari.
ZORIONTZEAK/ESKER ONAK:
» Ordiziako GOXO gozotegiari, euskaraz artatzeagatik eta kartelak euskaraz izateagatik.
» Erromoko Casal Liburudendari, langile guztiak euskaldunak direlako, euskararen aldeko jarrera aktiboa dutelako eta euskarazko materialen aurkezpenak egiten dituztelako.
» Zornotzako Xiberu tabernari, eskaintza guztia euskaraz izateagatik eta euskarazko prentsa (Berria) eskaintzeagatik.
» Real English Getxoko akademiari, euskarazko mezu luze eta txukuna bidaltzeagatik urte amaierako jaiaren berri emateko.
» Iruñeko Kaiku-ren lantegiari, bisita euskaraz egiteko aukera izateagatik.
» Donostiako Nazioarteko Kroseko esatariari, denbora guztian euskaraz aritu zelako.
LORPENAK:
» Heletako Agour Gasnen produktuetako etiketetan euskara txertatzeko neurriak hartu dituzte.
» Portugaleteko udaltzainen kotxea euskaraz ere errotulatu dute.
» McDonalds enpresak hurrengo hilabeteetan webgune eta APPan euskara txertatuko duela erantzun digu.
» Iruñeko Udalarekin euskaraz komunikatu nahi duela adierazi duten herritarrek egoitza elektronikoko jakinarazpena euskaraz jaso dezaten aldaketa teknikoak egiten ari direla erantzun digute.
» Gasteizko Udalak X sare sozialean euskaraz modu zuzenean idazteko neurriak hartu ditu.