Urriko aipagarrienak
2026-11-09
2026ko urrian herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza eskubideen urraketen lagin bat, zoriontzeak eta lorpenak jaso ditugu ondorengo zerrendan. Zuk ere intzidentzia bat bidali nahi badiguzu, erabili Euskararen Telefonoa.
URRAKETAK
» Appleren gailuak ez daude euskaraz eskuragarri (berriki jarri duen euskarazko teklatuari funtzionalitateak falta baitzaizkio).
» Bilboko Intermodaleko La Unión autobus-enpresaren leihatilan ez dute euskaraz artatzeko gai den inor.
» Lizarran hiri-kontribuzioko agiriak gaztelania hutsean jaso direla salatu da.
» Durangoko jaietan, barraketako musikan eta ekintzetan euskararen presentziarik eza salatu da.
» Getxoko Bidezabal osasun-etxean artatu duten hiru profesionalek gaztelaniaz egin diotela salatu du herritar batek.
» Bilboko itsasadarretik bidaiak antolatzen dituen Bilboats enpresak ez du bidaiak euskaraz egiteko aukerarik eskaintzen.
» Movistar+ek ez zuen Realaren futbol-partida euskaraz eskaini, nahiz eta horretarako sei hizkuntza-aukera izan.
» Leioan ospatu zen gimnastika-txapelketako ekitaldiko kartelean eta bertan emandako azalpenetan euskararen presentzia anekdotikoa izan zela salatu da.
» Renfek Gasteizko geltokiko megafonia-oharrak gaztelania hutsean zabaldu ditu, eta leihatiletan ez da arreta euskaraz bermatzen.
» Barakaldoko Decathlon merkataritza-zentroan paisaia linguistikoaren % 99 gaztelaniaz dagoela salatu da.
» Nafarroako Kultura, Arte eta Pentsamenduaren Nazioarteko Topaketetan euskarak izan duen presentzia txikia salatu da, bai eta aldibereko itzulpenak gaztelaniaz eta ingelesez izan direla ere.
» Urdulizko Probalekuan egin zen Crossfit eta herri-kirolen txapelketako (CFHK) ekitaldi osoa gaztelaniaz izan zen.
» Zeleris banaketa-enpresak atzera bota dio herritar bati jaso behar zuen paketea, NANaren zenbakiak euskaraz esateagatik.
» Bilbon egiten den Open House arkitektura-jaialdiko bisita gidatu guztiak gaztelaniaz egiten dira (nahiz eta boluntario eta bisitari ugari euskaldunak izan).
» Alzola uraren etiketetan ez da euskararik.
» Gurutzetako Ospitalean artatu zuten mediku espezialista eta bi erizainek ez zekitela euskaraz salatu du herritar batek.
» Amazonek paketeak jasotzeko dituen kutxatiletako pantailak ezin dira euskaraz erabili, baina bai, adibidez, katalanez.
» Bilboko Arte Ederren Museoaren irekiera-ekitaldian zein ondorengo bisitetan egon diren komunikazio-arduradunek eta segurtasun-langileek euskaraz ez dakitela salatu dute herritarrek.
» UGT sindikatuak EHUko langileei bidaltzen dizkien dokumentuak gaztelania hutsean daude (eta hala adierazten dute haien mezu elektronikoetan).
ZORIONTZEAK
» Azpeitiako Zainduz kirol-zentroa, sare sozialetako eduki guztia euskaraz izateagatik.
» Alkizako Herriko Ostatua eta Lete Landetxea, euskaraz artatzeagatik.
» Arbizuko kiroldegiko taberna, irekiera iragartzean eta zerbitzuen eskaintza egitean euskara kontuan izan dutelako.
LORPENAK
» Erandioko Udalak zenbait seinaletan euskarazko hitzak txertatu ditu.
» Donostiako Ospitaleko kafetegiko tiketak euskaraz ere aterako dituzte.
» Lasarte-Oriako jatetxe batek karta euskaraz ere eskainiko du.
» Izenpeko ziurtagiria berritzeko fakturan kontzeptu guztiak euskaraz jarri dituzte.


