Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren 593 lanpostuetatik 127 euskararen ezagutzarik gabe bete ahal izango dira

2026-10-30

Card image cap

Udaltzaingoa eta Ertzaintza kale-patruila egiten. Argazkia: Ertzaintza

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ohartarazi du gaur argitaratutako 593 lanpostuetatik 127k (% 21,41ek) derrigortasun data iraungi gabe dutela. Beraz, euskararen ezagutzarik ez duten hautagaiek ere lanpostuak eskuratu ahalko dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Eudelek Ertzaintzarako eta Udaltzaingorako 593 lanpostuko lan eskaintza bateratua argitaratu dute gaur. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ohartarazi du horietatik 127k (% 21,41ek) derrigortasun data iraungi gabe dutela, eta, beraz, euskararen ezagutzarik ez duten hautagaiek eskuratu ahalko dituztela.

Zehazkiago esanda, Ertzaintzako 430 agente plaza betetzeko deialdian, 86k derrigortasun data iraungi gabe dute. Hainbat herritako 163 agenteren plazetatik, berriz, 41ek. Euskararen ezagutzarik gabe lanpostua eskuratzeko aukera eskaintzen duten udalak hauek dira: Balmaseda (lanpostu 1), Barakaldo (4), Basauri (1), Bilbo (15), Getxo (1), Irun (3), Muskiz (1), Portugalete (1), Sestao (4) eta Gasteiz (10).

“Berme gabe”

Behatokiak beste behin gogorarazi du herritarren segurtasunarekin eta ongizatearekin zuzenean lotutako lanpostuak direla, eta, horregatik, nahitaezkoa beharko lukeela horietan euskara jakitea. Azaldu duenez, herritarrek legez eskubidea dute Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen zerbitzua euskaraz jasotzeko, baina askotan berme gabe aurkitzen dira.

Gainera, euskara EAEn ofiziala denez, agente horiek euskaraz lan egiteko gaitasuna izan beharko lukete, “zerbitzua bera zein edozein erabiltzaile zein lankideren hizkuntza hautua baldintzatu gabe”.

Behatokiak kezka agertu du, bereziki, Bilbo edo Gasteiz bezalako hirietan euskararen ezagutzarik ez duten, edo euskaraz lan egiteko gai ez diren, agenteen kopurua oraindik handia izateagatik. Kopuruez harago, ezagutzarik ez duen agente bakoitzak oztopoak eta baldintzapenak sortzen ditu euskaraz informazioa jasotzeko edo euskara erabiltzeko.

Kexak Euskararen Telefonoan

Horren adibide dira azken urteetan Euskararen Telefonoaren bidez jasotako herritarren kexak. Hauek dira aurtengo batzuk:

  • 719-2026: Herritar bat Gasteizko Olagibel kaleko Ertzaintzaren bulegora joan zen salaketa bat jartzera. Harrerako ertzainari euskaraz zuzendu zitzaion, eta honek “mesedez gazteleraz” erantzun zion, euskarazko elkarrizketa bat izateko gutxieneko mailarik ez zuelako.
  • 342-2026: Irungo Ertzaintzaren komisarian, lehen unetik erdara izan zen erabilitako hizkuntza bakarra. Herritarrak euskaraz zekien norbaitekin hitz egin nahi zuela esan zionean, ertzainak ea norbait zegoen begiratuko zuela erantzun zion. Denbora luzea igaro ondoren, beste ertzain bat agertu zen, eta hauxe esan zion: “En estos momentos no hay nadie en esta comisaría que pueda / sepa hablar en euskera que le pueda atender”.
  • 500-2026: Bilboko Udaltzaingoaren oinezko patruila bat hurbildu zitzaien lagun talde bati. Udaltzain batek gaztelaniaz zuzendu zitzaion gazte bati eta identifikatzeko eskatu zion. Euskaraz artatuak izateko eskatu zutenean, udaltzainak Bilboko Udalean 25 urte inguruko zerbitzua zuela esan zuen, eta ez zuela euskaraz ikasteko beharrik izan. Gainera, euskara ikasi nahi bazuen, Bilboko alkateari eskatzeko esan zien: “Si quieres que aprenda euskera, le pides al alcalde de Bilbao que me pague una liberación para aprender euskera”.
  • 231-2026: Gasteizko udaltzain bat oldartu egin zen euskaraz hitz egiteko eskatu ziotenean, eta behin eta berriz errepikatu zuen: “Estamos en España y no me hace ninguna falta, no tengo obligación de saberlo”.