Iraileko aipagarrienak

2026-10-07

Card image cap

2026ko irailean herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza eskubideen urraketen lagin bat, zoriontzeak eta lorpenak jaso ditugu ondorengo zerrendan. Zuk ere intzidentzia bat bidali nahi badiguzu, erabili Euskararen Telefonoa.

URRAKETAK

» Nafarroako Hezkuntza Departamentuko orientatzaileentzat departamentutik egiten dituzten bilerak eta banatzen duten materiala gaztelania hutsean izaten direla salatu dute.

» Zierbenako hondartzako surf-txapelketan esatariak gaztelania hutsean hitz egin zuen.

» Urruñako Herriko Etxeko eskolen hautetsiak mezu idatziak frantses hutsean bidaltzen dizkie heziketa-zentroei.

» Bilboko BilbaoBizi zerbitzuaren telefono bidezko arreta euskaraz hautatu arren, gaztelaniaz erantzun diote herritar bati.

» Kanboko Herriko Etxearen eraikina den Villa Arnagako sarrerako langileek euskaraz ez dakitela salatu da, baita triptikoak gaztelaniaz ematen dituztela ere.

» Bilboko Gizarte Segurantzaren bulegoetan gaztelaniaz hitz egiteko eskatzen zaie herritarrei.

» Irulegiko Eskuaren bisita gidatua euskaraz behar bezala bermatzen ez dela salatu du herritar batek.

» Gasteizko DIA supermerkatuetan seinaletika guztia gaztelaniaz dago.

» Donostiako Amara auzoko osasun-etxeko harreran “en castellano por favor” erantzun diote herritar bati.

» Bizkaibuseko 2324 linean, autobusa geldiarazteko jarraibideen kartela sei hizkuntzatan jarri dute; euskaraz ez, ordea.

» Euskara hautatu arren, eduki guztia gaztelaniaz ageri da Iruñeko Andres Muñoz Garde Hezkuntza Bereziko Eskola Publikoaren webgunean.

» Bilbon, Kutxabankeko bulego batean, gaztelaniaz egin behar izan du bezero batek, leihatilako bi langileek euskaraz ez zekitelako.

» Iruñeko Carlos III  aparkalekuan seinaletika guztia gaztelaniaz eta ingelesez dago; euskaraz ez, ordea.

» Amurrioko haurren futbol-txapelketan, bozgorailuetako mezuak eta garaikurretako testuak gaztelaniaz izan zirela salatu da.

» Errenteriako Lartzabal osasun-etxeko harreran, herritar batek ezin izan du euskara erabili.

» JYSK edo Clarel enpresen saltokietan seinaletika guztia erdara hutsean dagoela salatu da.

» Irailean ere erdaraz hitz egiteko eskatu zaie herritarrei hainbat denda eta tabernatan.

 ZORIONTZEAK

» Barakaldoko Iraupen osteopatia- eta masaje-zentroa, euskaraz artatzeagatik.

LORPENAK

» Irungo Udalak neurriak hartu ditu Bidasound jaialdiaren webgunea euskaraz ere jartzeko.

» Kutxabankek neurriak hartu ditu, bere Bilboko bulego batean euskarazko arreta uneoro bermatuta egon dadin.

» Aiaraldeko Kuadrillak eta Durangoko Udalak neurriak hartu dituzte gaztelaniazko kartelak zuzentzeko.