Donostiako protokoloa, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko tresna
2016-11-21
Europako gizarte eragileek osatutako dokumentuaren aurkezpena heldu den abenduaren 17an eginen da Donostiako Kursaal Jauregian Europako Kultur Hiriburutzaren baitan eginen den ekitaldian. Sarrera doanekoa da.
Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa hizkuntzen alorrean lanean ari diren Europako gizarte eragileek osatutako dokumentua da, eta hizkuntza berdintasunaren alde eta hizkuntza gutxituen garapena bermatzeko neurriak biltzen ditu. Protokoloaren aurkezpena abenduaren 17an goizeko 11.30ean Kursaal Jauregian eginen den ekitaldian eginen da.
1996ko Bartzelonako Deklarazioa hizkuntza eskubideen defentsan gizarte zibilak egindako ekarpena izan zen eta hori oinarri hartuta, urrats bat eman aurrera eman nahi izan da Donostiako Protokoloarekin, hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri zehatzak proposatuz. Horretarako 2016 urtean zehar Europako gizarte eragileen proposamenak bildu dira eta ondoren Europa osoko 15 adituk osatutako Batzorde Zientifiko baten aholkuekin osatu da dokumentua. Azkenik, gizarte eragileei berriro aurkeztu zaie protokoloa berretsi dezaten.
Horrela bada, Donostiako Protokoloak herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatuta egon daitezen hartu beharreko gutxieneko neurriak jasotzen ditu eta prozesu parte hartzaile baten bitartez, Europan, hizkuntza berdintasuna bermatzeko eta hizkuntza gutxituen garapenenerako tresna eraginkorra izateko xedez sortu da.
Ekitaldirako sarrera doan da eta eskuratu ahal izateko abenduaren 11a baino lehen eman behar da izena honako bide hauek erabiliz: gonbidapenak@protokoloa.eus, www.protokoloa.eus edota (+34) 943 591200 zenbakira hots eginez.
Protokoloaren (@protokoloa) inguruko informazioa eta xehetasun guztiak: www.protokoloa.eus