Eusko Jaurlaritzaren Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren lan-deialdiak ez ditu herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen

2021-01-14

Card image cap

Ertzaintzako 700 posturako eta udaltzaingoko 57 posturako lan-deialdia egin berri du Eusko Jaurlaritzak. Kopuru esanguratsua da, eta, erretiroak tarteko, belaunaldi aldaketa badatorrela erakusten du. Horregatik, une erabakiorra da hizkuntza eskubideei begira: lan-deialdietako hizkuntza-eskakizunek baldintzatuko dute etorkizuneko Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren hizkuntza gaitasuna, eta, ondorioz, baita herritarren hizkuntza eskubideak ere.

Jaurlaritzaren lan-deialdiak, ordea, ez ditu berme nahikorik eskaintzen. Hala salatu du Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak: «Ertzaintzarako 700 lanpostuetatik 238k ez dute profil linguistikoaren derrigortasun datarik; euskara maila izan gabe sar daitezke administrazio publikoan, beraz. Eta gainerako 462 postuetan B2 profil linguistikoa eskatzen da. Udaltzaingoari dagokionez, 57 lanpostuetatik 14k ez dute derrigortasun datarik. Deigarria da, gainera, Gasteizko kasua: 11 postuetatik 7k ez dute hizkuntza betebeharrik».

Hizkuntza-eskakizun horiek muga dira euskaraz zerbitzua jaso nahi duten herritarrarentzat, Gaubekaren hitzetan, agente guztien jakintza ziurtatu ezean nekez bermatu daitekeelako euskarazko zerbitzua. Hala dio: «Derrigortasun data duten langile kopurua ez da herritarren eskubide eta zerbitzuaren kalitatearen bermeari begira ezartzen, baizik eta euskaraz dakiten balizko herritar kopuruaren arabera. Zerbitzu publikoan onargaitza da hori, herritar guztien eskubideen bermatzailea izan beharko lukeelako, eta derrigortasun datarik gabe, ez dago hori bermatzerik». Gainera, herritarren bizkar geratzen da euskarazko zerbitzua jaso ahal izatearen ahalegina eta ardura: «Ertzaintzaren egungo araudiak dio herritar batek euskarazko zerbitzua jaso nahi duenean eta egokitu zaion agentea ez bada gai, euskaraz dakien beste agente bat bilatu beharko zaiola. Hori askotan ezinezkoa da, guztiek ez dutelako beharrezko jakintza, eta, aukera dagoenean ere, herritarrei dagokie eskaera egitea edo zain egon behar izatea deserosotasuna eta kaltea eraginez». Gogoratu behar dugu Eusko Jaurlaritzak berak ezarritako irizpideen arabera, «herritarren hizkuntza aukera beti eta ororen gainetik errespetatu beharko dela herritarrei deserosotasunik sentiarazi gabe».

Horren adibide dira Behatokiak urtero jasotzen dituen herritarren kexak. Ertzaintzan edo Udaltzaingoan euskarazko zerbitzurik ezin izan dutela jaso salatzen dute, eta babesgabe sentitzen dira maiz. «Salaketa hauek erakusten dute hutsuneak hor jarraitzen duela. Gainera, kontuan hartu behar da botere harreman jakin baten baitan harremantzen direla herritarrak erakunde horiekin. Eta askotan harreman hori desorekatua izaten da, babesgabe utziz».

Datuek hutsune hori erakusten dute. Ertzaintzaren 2017an amaitutako euskara-planaren arabera, 486 ertzainek soilik zuten Ertzaintzaren bigarren hizkuntza-eskakizuna (C1) egiaztatuta, eta 2.972k zuten lehenengoa (B2a). Beraz, 7.407 ertzainez osatutako plantila errealetik %51k ez zuten euskarazko gaitasunik egiaztatuta, ezta oinarrizkoena ere.

Egia da Ertzaintzaren Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2018-2022 planaren jomuga honakoa dela: Ertzaintzak euskaraz ere lan egitea eta herritarren hizkuntza eskubidea bermatu ahal izatea. Baina, aurrerapausoak egin badira ere, bistan da ez dela nahikoa.

Hori dela eta, lan-deialdiek herritarra ardatzera ekarri behar dute, eta denon hizkuntza eskubideak bermatu behar dituzte, Gaubekak oroitarazi duenez: «Hamarkada luzeak daramatzagu erakunde publikoetako euskalduntzeari behar bezala oratu gabe, eta, neurri egokiak hartu ezean, nekez bermatuko dira herritarren eskubideak. Horregatik, plangintza mailakatuak egitea alferrikakoa da, ez bada, behintzat, plaza berrietan hasiera-hasieratik derrigortasun datarik ezartzen. Funtsezkoa da belaunaldi berriei herritarren eskubideetan eta herritarrekiko kalitatezko zerbitzuan oinarritutako eskabideak behar bezala ezartzea».