Ipar Euskal Herriko auzitegiek euskaraz egitea debekatzen dutela salatu du Behatokiak
2024-09-10
Gaur, Gorka Torre ekintzaile euskaltzalearen aurkako epaiketaren egunean, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako epaitegietan herritarren hizkuntza eskubideak sistematikoki ukatuak izaten jarraitzen dutela salatu nahi du.
Frantziako Estatuaren sistema judizialak sistematikoki urratzen du euskara erabiltzeko eskubidea. Ondorioz, gutxi izaten dira epaitegietan euskara erabili nahi dutela adierazten saiatzen diren herritarrak. Hala ere, herritar honek bere eskubideak erreklamatu nahi izan ditu Frantziako sistema judizialaren aurrean eta, ondorioz, Baionan egin den elkarretaratzean izan da Behatokiko zuzendaria.
Herritarrari babesa eskaintzeaz gaindi, egunero Frantziako administrazioek euskaraz bizi nahi duten herritarrekiko ukazioa eta diskriminazioa gogoratu nahi izan du Behatokiak beste behin. Zehazki, epaitegietan hizkuntza eskubideak behar bezala errespetatu eta bermatzea erabat lotua dago herritarren defentsarako babes judizial eraginkorra izateko eskubideekin. Horregatik, beste behin ere, herritarraren oinarrizko eskubideen gutxiespenaz ari gara.
Ukazio hau sistematikoa dela esaten dugu, epaileak Gorka Torreren kasuan adierazi bezala, euskara erabiltzea ukatu ziolako frantsesa ezagutzeagatik. Izan ere, Frantziako Konstituzioak ez dio euskarari inongo aitortzarik ematen eta, ondorioz, herritarrei ez zaie euskaraz eta interpreteen bidez deklaratzen uzten frantsesaren ezagutza badute.
Kasu hau medio, 2005eko irailean izandako beste kasu bat ere gogoratu dugu, non hegoaldeko herritarrei gaztelaniaz edo euskaraz deklaratzeko aukera eman zitzaien, Ipar Euskal Herriko auzipetuei frantsesaren ezagutza izateagatik euskaraz deklaratzea ukatu zitzaien bitartean.