Larragako eskolan D eredua irekitzea eskatzen dugu
2022-10-19
Gaur, Larragako familiak, Sortzen Guraso Elkartea eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiko ordezkariekin batera, San Miguel ikastetxe publiko honen atarian bildu gara. Gurekin batera, prentsaurreko honetan Larragako hainbat herritar.
Izan ere, bere garaian Mendigorrian egin zuten bezala, gaurkoan Larragako eskola publikoan euskarazko murgiltze ereduaren zabaltzea nahi dugula aldarrikatzeko bildu gara, Larragako eskola publikoan ere D eredua irekitzea eskatzen dugu.
Herriko haurrek, hainbat hamarkadatan, euskaraz ikasteko herritik kanpora joan behar izan dute. Herrian bertan eskola publiko bat izan arren, hainbat familiek aukeratu behar izan zuten: haurrek euskaraz ikas zezaten Tafallara eramatea, ala herriko eskolara eramatea, euskarazko irakaskuntzari muzin eginez.
Betiko dikotomian uzten gaituzte beraz, euskaraz ikasteko eskubidea dugula esaten zaigu baina gure eskubidea beti baldintzatua dago eta ezin dugu euskara berdintasunean ikasi. Orain arteko egoera ikusita, aurten 12 familiak gure herriko ikastetxe publikoan D ereduaren irekiera eskatu dugu, eta horretarako, uztailean instantziak erregistratu genituen hezkuntza departamentuan. Oraindik ez dugu erantzun ofizialik jaso, eta ostegun honetan bilera izango dugu Gil Sevillano Hezkuntzako Zuzendari Nagusiarekin. Kontuan izan behar dugu otsailean aurrematrikulazio epea hasiko dela eta ez dugu beste herri batzuetan eman den egoera berbera errepikatzerik nahi: garaia heldutakoan, ezin izan zituzten beraien haurrak herriko eskolan D ereduan aurrematrikulatu.
Hezkuntza Departamentuak jakin badaki, haurren eskolaratzeko lehen urtetik lerroa ireki ezean, gure haur eta familien hautua eta egoerak baldintzatuko dituela, beraz, bai, hurrengo ikasturterako D ereduaren irekiera eskatzen dugu, gure eskubidea izateaz gaindi, besteak beste 18/1986 Foru Legean ezarritakoen aplikazioa ere eskatzen dugulako. Hezkuntza Departamentuak 2023-2024 ikasturtean gure haurren D ereduko matrikulazioa ahalbidetzeko dagozkien neurriak martxan jartzeko betebeharra du.
Hala ere, 12 familiak D ereduaren irekiera eskatzea ez da norbanakoon eskari bat, ez eta kapritxo bat. Gure haurrez gaindi, gure atzetik etorriko direnen eskubideez ere ari gara. Herri honek euskaraz ikasi eta bizitzeko duen oinarrizko eskubideaz ari gara, herriko haurrak berdintasunean eta aniztasunean hezteaz, Nafarroako herritarren artean eremuaren araberako bereizkeriarik ez egiteaz, etorkizuneko herri txikietako eskolen eta herriaren beraren biziraupenaz eta, nola ez, egun gutxiagotua dagoen Nafarroako berezko hizkuntzaren irakaskuntza sustatzeaz ari gara.
Azken urteetan, gure herriko eskolaren matrikulazioa gainbeheran joan da eta euskarazko irakaskuntza lerroa irekitzeak herriko eskolaren biziraupena eta garapena bermatu ditzake. Larragak etorkizuna herrian eta euskaraz ere eraiki nahi du.
Guk ere, Mendigorrian zein Nafarroako beste herrietan egin bezala, Larragan euskararen haziak ereiteko eskubide osoa dugu, Nafarroako hizkuntzak Larraga lorez bete dezan.
Albiste gehiago
Urriko aipagarrienak
2024-11-06