“Aldaketa ausartak” eta “lege-babes zorrotzak” eskatu ditu Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, bere ibilbidearen 25. urteurreneko ekitaldian
2026-09-29
Hitzez zein irudiz, mende laurdeneko ibilbidearen errepasoa egiten duen erakusketa aurkeztu du Behatokiak, 25. urteurrenaren ekitaldian.
Mende laurdeneko ibilbidea osatu du aurten Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Bada, 25 urteko jarduna nabarmentzeko, urteurren-ekitaldia antolatu du gaur Iruñeko Pinaquy aretoan, arratsaldeko 18:30ean. Hitzorduan, Agurne Gaubeka Erauskin Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak hartu du hitza, mende laurdenak eman duenaz eta etorkizunari begirako erronkez hitz egiteko. Horrez gain, Idurre Eskisabel Larrañaga Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak ere hartu du parte, 2001etik gaurdaino Behatokiak eman dituen aurrerapausoak balioan jartzeko. Horrekin batera, euskararen defentsan egindako 25 urteko jarduna jasotzen duen erakusketa ere aurkeztu du erakundeak. Hala, euskalgintzako bazkideak, askotariko eragileak eta ordezkari instituzionalak zein politikoak elkartu ditu ekitaldiak.
Elkarren eskutik egindako bidea
Denboran atzera egin du jauzi Eskisabelek bere hitzartzean, Behatokiaren sorreran lur hartzeko: “Hizkuntza Eskubideen Behatokia sortzean, minorizatutako hizkuntza baten normalizazio- eta biziberritze-prozesurako ezinbestekoa den tresna bat sortu zuen, dudarik gabe, orain dela 25 urte Euskalgintzaren Kontseiluak”. Harrezkero, elkarren eskutik egin dute bidea, egiturazko aldaketa gauzatzea xede, gizartean gutxitua dagoen hizkuntza, hiztun komunitate, eta hiztun bakoitza, berdintasun egoera batera eramateko.
Askotarikoak izan dira, Eskisabelek azaldu bezala, Behatokiak euskararen normalizazio- eta biziberritze-prozesuari egindako ekarpenak. Alabaina, guztien artean, bat nabarmendu du Kontseiluko idazkari nagusiak: behin eta berriro ohartaraztea ez dela onargarria, ezta normala ere, euskaldunak bigarren mailako herritar izatera kondenatuta egotea. Eskisabel: “Egoera hori itzulikatu gabe ez dago justizia sozialik, ez dago bizikidetza demokratikorik, ez dago euskararen biziberritzean aurrera egiterik, ez dago euskarari etorkizunik ematerik. Ez dago euskaraz bizitzerik”.
Eskisabelen hitzetan, Behatokiak oraindik ere sortu zenean “bezain ezinbesteko” izaten segitzen du “zoritxarrez”. Etorkizunera begira, baina, hizkuntza-zapalkuntzan oinarritzen den normalitatea iraultzeko funtsezko tresna dela uste du Kontseiluko idazkari nagusiak: “Noski, justizia sozialean, bizikidetzan, euskararen biziberritzean aurrera egiteko, euskarari etorkizuna emateko, eta euskaraz bizitzeko behar den dena lortzeko bidean eragiteko”.
Erantzukizuna, aurrera egiteko
Hizkuntza eskubideen auzian “transbertsalitatez” jokatzearen garrantzia azpimarratu du Gaubekak bere hitzartzean, “hizkuntza eskubideak eta euskara ez baitira gai isolatuak”. Modu horretan, esker ona adierazi die ordezkariak euskalgintzako eragileei, baita urtez urte giza eskubideen alde jardun duten kideei ere: “Elkarrekin landu nahi dugu gure herriko hizkuntzaren normalizazioa, baina horrek pertsona guztien berdintasunaren eta aitortzaren alde egitea dakar: kalitatezko zerbitzu publikoak defendatzea, enpresa pribatuei gizarte-erantzukizunez jarduteko eragitea, ongizate, osasun- eta zaintza-sistema hobe baten alde egitea…”.
Testuinguru horretan, ezinbestekotzat jo du zuzendariak arduradun publiko eta politikoek duten erantzukizuna. Izan ere, azken 25 urteotan behin eta berriro jo du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, erakunde publikoetara egoera bidegabeak salatzeko eta aldaketa-beharrak planteatzeko. Nolanahi ere, eskaera horien aurrean emandako erantzuna ez dela nahikoa salatu du Gaubekak: "Batzuek entzungor egin dute, eta beste batzuek, aztertuko dituztela esanda, ezer gutxi proposatu dute egoera iraultzeko". Eskumen-kontuak aitzakia gisa erabili izan direla adierazi arren, arrazoi nagusia beste bat dela azpimarratu du zuzendariak: "Aldaketa ausartak falta izan direla nabarmenduko genuke".
Erakunde publikoekin egindako bidean, aurrerapausoak “mantsoegi” doazela mahaigaineratu du ordezkariak, “eta gehienetan mugatuak dira egun ditugun egoera eta beharren aldean”. Horrela, euskararen presentzia gero eta zokoratuago dagoelakoan da Gaubeka. Batetik, lurralde guztietan “lege-babes ahula” dagoela salatu du eta, bestetik, sektore edo alor batzuetan hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen normalizaziorako neurri eraldatzailerik planteatzen ez dela uste du: “Euskara erabiltzeko muga eta oztopoz betetako gizartea eraiki eta legitimatu dugu, eta aurrerabidean emandako pausoek sentsazio faltsua eragin dute gizartean: dena eginda dagoenaren itxura sortu dute”.
Herritar askok duten etsipen sentsazioari aurre egiteko alternatibak, irteerak eta babesa eskatu ditu Hizkuntz Eskubideen Behatokiak urteurren-ekitaldian: “Euskararen normalizazioaz eta horrek dakarren euskal hiztunen aitortzaz eta erabateko berdintasunaz ari gara. Horretarako, besteak beste, lege-babes zein mekanismo zorrotzak eta betebehar irmoak ezartzea behar dugu, bai espazio publikoan, bai sozioekonomikoan”.
Etorkizunari begira ipinita biribildu du bere hitzartzea Gaubekak, azken hamarkadetan bezala, datozen urteetan ere Behatokiak erantzukizunez jardungo duela nabarmentzeko: “Hemendik aurrera, lanean jarraituko dugu, jendarteko esparru guztietan eta Euskal Herri osoan euskaraz bizitzea bermatu arte. Bide horretan, zuen guztien inplikazioa eta ahalegina besoak zabalik jasoko dugu, beste 25 urte egoera berdintsuan igaro ez daitezen”.
Erakusketa: 25 urteko ibilbidearen erretratua
Ospakizunetik harago, erakundearen sorreratik gaurdaino, Euskal Herrian hizkuntza eskubideekiko izan diren bizipenak mahaigaineratzeko baliatu du ekitaldia Hizkuntza Eskubideen Behatokiak, hitzorduan aurkeztu duten erakusketaren bidez. “25 urtetan izandako ibilbidea osatzen duten hainbat adibide eta borroka erakusten ditugu bertan”, azaldu du Gaubekak, “Behatokiaren beraren helburuei eta lan-lerroei jarraiki, erakusketaren xede nagusia kontzientzietan eragitea eta hizkuntza eskubideak behingoz eta behar bezala bermatzeko aldaketak eskatzea da”. Hain zuzen ere, zuzendariaren hitzetan, euskal hiztunek “bizitakoak eta ikusitakoak adierazteko tresna” da erakundea, “baina baita pertsona askorentzat isilik geratu diren uneak nonbait adierazteko edo laguntza eskatzeko gunea ere”.
Azken 25 urteen errepasoa egiten du erakusketak, hitzez eta irudiz. Batetik, Behatokiaren sorreratik gaurdaino hizkuntza eskubideen gainean egindako aldarrikapenak, prentsaurrekoak eta borrokak biltzen dira. Bestetik, urte luzez neurri egokirik gabeko gaiak, jasotako erantzunak eta gainditu gabeko urraketak daude jasota, baita lorpen txiki zein handiak eta emandako pausoak ere.
Urteurren-ekitaldiarekin batera eman dio hasiera bere ibilbideari erakusketak. Horrela, Euskal Herriko beste herri eta hiri batzuetan geldialdia egiteko aukera iragarri du Behatokiak.


