Osakidetzaren osasun mentaleko plangintzan hizkuntza eskubideak berariaz landu daitezen eskatzen du Behatokiak
2023-11-23
Pasa den azaroaren 21ean, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak 2023-2028 epealdirako Osasun Mentaleko Estrategia aurkeztu zuen, lehentasun bezala ezarriaz Elikadura Portaeren Nahasmenduak edo haur eta gazteen osasun mentala.
Helburu nagusien artean giza-eskubideen, generoaren eta aniztasunaren ikuspegia aipatzen diren arren, hizkuntza eskubideen bermea ez da inon agertzen eta gaia lausotua gera daitekela salatu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Horrexegatik, osasun mentalean euskarazko arreta eta ondorioz hizkuntza eskubideak bermatzeko helburu eta neurriak berariaz jasotzea beharrezkotzat jotzen du Behatokiak.
Izan ere, hizkuntza eskubideen bermeak eragin zuzena eta nabarmena du osasun mentaleko gaixotasunen detekzio eta tratamendu egokian eta ondorioz zerbitzuen kalitatean. Hala ere, azken urteetan Behatokian jasotako intzidentziek erakutsi duten bezala, herritarrek salatu dute ESI eta osasun mentaleko zentro ezberdinetan oraindik euskaraz behar bezala artatuak izateko zailtasun edo ezintasunak dituztela, eta arreta integrala ematerakoan ere, askotan euskarazko baliabideak falta direla.
«Azken urteetako hainbat kexa iritsi zaizkigu, besteak beste, haurrari psikologo ezberdinak tokatu eta euskaraz artatzeko gai ez diren profesionalak aurkitu zituen familiarena, osasun mentaleko bere zentroan euskarazko arreta eskatuaz gero gehiago itxaron beharko zuela esaten zioten herritarrarena, edota psikiatrikoan gazte eta haurren unitatean anorexia zuen alabak euskaraz zekien erizain bakar bat tokatu zaiola adierazten zuen amarena» aipatu du Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak. «Beste herritar batek salatu zuen, Osakidetzarekin harremana euskaraz nahi duela adierazita eduki arren, bere osasun mentaleko zentroan psikiatra euskaldunik esleitzen ez ziotela eta gogoz kontra zerbitzua gaztelaniaz onartu behar izan zuela» gehitu du.
«Hauek azken urteetako adibide batzuk baino ez dira, eta Behatokiak ohartarazi nahi du euskarazko zerbitzua gehienetan baldintzatua egoteagatik zuzenean gaztelaniazko zerbitzuak onartzen dituzten edo kexarik helarazten ez duten herritarrak ere badaudela» zehaztu du Gaubekak.
Ondorioz, Behatokiak Osasun Sailari eskatuko dio hizkuntza eskubideen bermea osasun mentaleko estrategia eta planetan berariaz tratatu eta neurri zorrotzagoak zehazteko.
Albiste gehiago
Iraileko aipagarrienak
2024-10-04