Paul Bilbao Euskal PENen hizkuntza-eskubideen batzordean
2013-01-15
Hizkuntza Gutxituen Batzordeko koordinatzailea Paul Bilbao Euskal PEN taldeko kide eta Behatokiko zuzendariak International PEN taldearen T&LRC-ren (Itzulpen eta Hizkuntza-Eskubideen Batzordea) urteroko batzarrean hartu du parte Ohrid (Mazedonia) hirian, hilearen 14tik 17ra.
Urtero bi bilera egiten ditu Itzulpen eta Hizkuntza-eskubideen Batzordeak, eta honez gero, Euskal PEN taldeak hirutan hartu du parte, bi aldiz Mazedonian eta behin Dakarren. Euskal PENeko kideak Batzorde horretan sortutako Hizkuntza-gutxiengoen taldea koordinatzen du.
Aurtengo bileran bi ekimen nagusi adostu ditu Batzordeak. Batetik, iaz sortutako hizkuntza gutxiagotuen taldearen lana aztertu da, eta hizkuntza gutxiagotuen hizkuntza-eskubideen egoera agertzen duen liburua aurkeztu da. Aipatu liburuan, Euskal PEN eta Behatokiak lankidetzan prestatutako atala ere txertatu da.
Bestalde, fase berri bati hasiera eman dio Batzordeak. Horrela, hizkuntzen egoerari buruzko azterketa bat egitea adostu da. Bizpahiru urteko lana izango dela oharturik, oso interesgarritzat jo da horrelako ekimen bat burutzea. Hartara, azterketa amaitutakoan nazioarteko konferentzia bat prestatzeko asmoa agertu du Batzordeak, bertan, hizkuntzen egoera kontuan harturik, International PEN erakundeak sustatutako Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalari (HEDU) bultzada berri bat emateko.
Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala sustatu
Gogoratu behar dugu maiatzean eman zitzaiola Luis Alfonso de Alba jaunari, hau da, Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeko presidenteari, Deklarazioaren berri. Kontuan harturik azken helburua dela NBEk HEDU bere egitea eta nazioarteko itun bihurtzea, berari iritzia eskatu zitzaion aurrera eraman beharreko estrategiaz.
Bilbaok oso garrantzitsutzat jo du Deklarazio Unibertsalaren aldeko lan aktiboa, izan ere, oraingoz, hizkuntza guztiak berdintasun-irizpideen arabera hartzen dituen Itunik edo Akordiorik ez baitago nazioarteko instituzioetan. Azken egunotan Euroituna hizpide izan badugu ere, Bilbaok azpimarratu nahi izan du Itun hori ez dela nahikoa, lehen eta bigarren mailako hizkuntzen arteko sailkapena betikotzen duelako.
Euskarazko literatura nazioartean hedatuta
Beste aldetik, Batzordeak onartu du www.diversity.org proiektu berrituaren hiru urteko plan estrategikoa. Aipatu proiektuak mundu osoko literatura hainbat hizkuntzatan eskaintzea du xede. Lau bilduma desberdin biltzen ditu proiektuak, eta honez gero, Euskal PENek aurkeztutako testuak aipatu webgunean daude eskuragarri. Denetara, hamar idazleren lanak topa daitezke aipatu webgunean lau hizkuntzatara itzulita.
Kazetari kurdoen babesa, urkatuak izan ez daitezen
TaLRC batzordean egindako lana ez da Euskal PENen azken garaian burutu den ekimen bakarra. Uztailetik aurrera, eta munduan diren beste hainbat PEN talderekin batera, kanpaina burutzen ari da bi kazetari kurdo Iranen urkatuak izan ez daitezen. Ezaguna denez, Adnan Hassanpour eta Hiwa Butimar idazleei heriotz-zigorra ezarri zieten uztailean Irango epaileek Kurdinstango egoeraren berri emateagatik. “Jainkoaren etsaiak” direlako salaketapean atxilotu eta epaitu zituzten, eta une batetik bestera izan daitezke zigortuak. Informazio gehiago www.euskalpen.org webgunean topa daiteke.
Egoeraren injustizia salatzeko, Euskal PENek Honorary Member izendatu du Adnan Hassanpour, eta haren aldeko defentsa burutzen ari da, beste hainbat PEN talderekin batera.
Albiste gehiago
Azaroko aipagarrienak
2024-12-05